Osasun itunean bere kasa aritzea eta adostutakoa ez errespetatzea egotzi diote Jaurlaritzari

Lankidetza publiko-pribatuaren lantaldean ari diren EH Bilduk, Sumar-IUk, SATSEk, CCOOk, LABek, UGTk eta gizarte langileen elkargo ofizialek salatu dute Osasun Saila ez dela errespetatzen ari gehiengoz adostutako proposamena.

Osasun mahaiak ekainaren 11n egindako bileraren irudi bat. RAUL BOGAJO / FOKU
Osasun mahaiak ekainaren 11n egindako bileraren irudia. RAUL BOGAJO / FOKU
kristina martin
2025eko ekainaren 18a
17:19
Entzun 00:00:0000:00:00

Osasun ituna adosteko prozesua ekaina amaitu aurretik itxi nahi du Eusko Jaurlaritzak, baina zirrikituak amildegi bihurtzen ari dira. Lankidetza publiko-pribatuaren gaia dela-eta sortzen ari da arrakala sakona. Kideen arteko desadostasunak argi geratu ziren osasun mahaiak gaur zortzi egin zuen bileran. Eta irudipen hori berretsi du gaur eragile horiek batera argitaratu duten oharrak: EH Bildu, Sumar-IU, SATSE, CCOO, LAB UGT eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gizarte langileen elkargo ofizialak dira sinatzaileak.

Lankidetza publiko-pribatua jorratzen ari den lantaldeko kideak dira alderdi politiko, sindikatu eta elkargo horiek. Atzo bildu zen lantaldea, eta oharra bidali dutenak ez daude batere gustura Osasun Sailaren jarrera ikusita. Salatu dutenez, Osasun Sailak alde bakarrez egindako proposamen bat onartzera behartu zituzten, lantaldean adostu gabeko proposamen bat. «Zoritxarrez, bilera horretan berriro ere agerian geratu zen ez dagoela adostasunik», erantsi dute.

Lehendik ere bazegoen gehiengoz adostutako proposamen bat gai horren inguruan, baina baztertu egin zuten, haien esanetan «ez baitzen soilik Jaurlaritzaren edo Confebasken interesekoa».

Sinatzaileek baldintza bat jotzen dute oinarrizkotzat osasun ituna adosteko: «euskal osasun sistema publikoan baliabide publiko eta propioak lehenestea zerbitzua ematean». Hori eginda, haien esanetan, gaur egun «sektore pribatuarekiko dagoen mendekotasuna» murriztuko litzateke.

Harremanak gaiztotuta

Salatu dituzten azpijoko horiek harremanak gaiztotu ditu lantaldean, eta horrek kinka larrian jarri du Martinez sailburuaren erronka, hots, uda baino lehenago Osasun Ituna adostea. «Prozesua oso egoera delikatura iritsi da, eta orain inoiz baino gehiago dagokigu bermatzea itunak argi jasotzen duela pribatizazioa murrizteko eta osasun sistema publikoaren burujabetza berreskuratzeko konpromisoa», adierazi dute.

Nolanahi ere, «orain arte egindako lan eskergarekin koherenteak eta arduratsuak izanik, prest gaude Osakidetza publikoa eta kalitatezkoa indartzeko ekimenak bultzatzeko».

Ituna itxi aurretik, lan eskerga dute lantalde horretan. Izan ere, zuzenketa fasean sartu dira jadanik. «Ahalegin guztia egingo dugu pribatizazioaren eraginak geldiaraziko dituzten neurriak biltzeko, sistemaren benetako publifikaziorantz aurrera egiteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.