C1 euskara eskakizuna dutenak «diskriminatzea» egotzi dio LABek Jaurlaritzari

Adierazi du bigarren hezkuntzan hizkuntza eskakizunak egiaztatzeko derrigortasunik ez duten lanpostu «asko» daudela oro har.

Lanbide Heziketako ikasle batzuk, artxiboko irudi batean. AITOR KARASATORRE / FOKU
Lanbide Heziketako ikasle batzuk, artxiboko irudi batean. AITOR KARASATORRE / FOKU
arantxa iraola
2026ko otsailaren 20a
16:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lanbide Heziketa Defendatzen ekinbideko kideen bidez plazaratu da berria, asteon: Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren agindu proposamen batean, irizpide gisa jarri dute C1 euskara maila duten irakasleei sarbidea mugatuko zaiela B2 hizkuntza eskakizuna ezarrita daukaten lanpostuetan: hau da, C1 maila jasoagoa da B2 maila baino, baina bi mailetan apalena dutenak lehenetsiko dira B2 hizkuntza eskakizuna duten postuetan. Horrek kezka piztu die sektoreko langile askori: salatu dute neurri horren bitartez «demeritu» bihurtzen dela gehiago jakitea, eta irizpidea euskararen normalizazioaren kontrakoa dela. Horregatik, aginduaren kontrako helegiteak jartzera deitu dute. LAB sindikatuak ere hitza hartu du gaur, eta gogorarazi aste honetan plazaratutakoa euskararen normalizazioaren kontrako neurri sorta zabal baten parte dela: C1 euskara eskakizuna betetzen dutenentzako «egoera diskriminatzaileak» iraunaraztea egotzi dio Jaurlaritzari.

«Batetik, ikasketak euskaraz eta D ereduan eskaini arren, gaztelaniaz irakastera bultzatzen dituzte irakasleak», deitoratu du sindikatuak. Horrez gain, esan du abenduan egin zen lekualdatze batean ez zirela «gardentasunez eta aukera berdintasunean» aritu; are, sindikatuaren hitzetan, ebazpen bat argitaratu zuten, eta, haren bidez, modua egin B2 hizkuntza eskakizuna duten lanpostuak ez eskaintzeko; hala, LABek azaldu du hainbat langile «diskriminatzea» erabaki zela lekualdatze hartan. 

Beraz, sakoneko aldaketak eskatu ditu sindikatuak. Adierazi du bigarren hezkuntzan hizkuntza eskakizunak egiaztatzeko derrigortasunik ez duten lanpostu «asko» daudela oro har, eta langileak euskalduntzeko «plan eraginkorrak» behar direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.