Leherketa bat izan zen Basquevolt enpresaren laborategian, martxoaren 25ean. Enpresak bi langile zigortu zituen, leherketaren unean laborategian zeuden bi emakume: bata kaleratu egin zuen, bestea zigortu. LAB sindikatuak salatu zuen enpresak leherketaren biktimak zirenak «erantzule» bihurtu zituela. Harentzat ez da kasualitatea bi langileak «emakume migratuak, arabiarrak eta musulmanak izatea». Lan eremuko arrazakeria kasua dela uste du, eta salaketa aurkeztu zuten enpresaren kontra. Gaur egin dute epaiketa, Gasteizen.
LABek antolatuta, elkarretaratzea egin dute auzitegiaren aurrean, Basquevoltek bi langile horien aurka izandako «lan diskriminazioa, arrazakeria eta islamofobia» salatzeko. Arrazakeria laboralik ez! Stop Homofobia eta Islamofobia leloa zeraman pankartaren atzean bildu dira, kaltetutako langileei babesa adierazteko eta enpresaren jarrera gaitzesteko.
Basquevolt bateria ekoizlea Arabako Parke Teknologikoan dago, Miñaon (Gasteiz). Kalitatea kontrolatzeko laborategiko gelaxka batean gertatu zen leherketa. Sindikatuaren esanetan, enpresak ez du aurkeztu langileak zigortzeko «justifikazio objektibo eta arrazoizkorik». Gezurrak esatea egotzi dio enpresari, bi langileak eztanda gertatu zenean laborategian zeudelako, baina txostenean, ordea, ez direlako ageri.
LABen arabera, leherketa eta gero, enpresako zuzendaritzak «aurreiritziz betetako eta bermerik gabeko» barne prozedura bat abiatu zuen zuen beren erantzukizunak «ezkutatzeko». Sindikatuak salatu duenez, emakume migratu, arrazializatu eta musulmanen aurkako «lan diskriminazioa» legitimizatu zuen.
«Terrorismoa» eta arabiera
Kontzentrazioan izan da Basquevoltek zigortutako emakumeetako bat: Fatma. Azaldu duenez, «terrorismoari babesa ematea» eta bere ama hizkuntzan (arabieraz) hitz egitea leporatu zieten zigorra ezartzeko: «Enpresaren aldetik diskriminazio zuzena jasan dugu, nire lankidea kaleratu egin dute eta ni zigortu. Langileen %99k babestu gaituzte, badakitelako enpresak esandakoa gezurra dela».
Fatmak gaineratu du frogarik gabe «istripuaren erruduntzat» jo dituztela eta txostenak «manipulatu» zituztela. «Gu laborategian geunden leherketa gertatu zenean, baina txostenean inor ez zegoela jarri zuten, gu gezurtitzat hartuz», kontatu du. Enprea lankide gehiagori jazarri zaiela salatu du: «Maiatzean managerra ere kaleratu zuten: marokoarra izategatik eta segurtasun testak egin gabe probekin ez jarraitzea erabakitzeagatik. Joko zikina egon da eta informazioa manipulatu dute gu bidetik kentzeko».