LABek salatu du Bizkaiko zahar etxeetako hitzarmenaren negoziazioa «blokeo arriskuan» dagoela

Sindikatuak deituta, Lan Harremanen Kontseiluaren Bilboko egoitzaren aurrean protesta egin dute langileek. Han egin dute Bizkaiko zahar etxeetako hitzarmenaren negoziazio mahaiaren zazpigarren bilera.

Bizkaiko zahar etxeetako langileen elkarretaratzea gaur, Lan Harremanen Kontseiluaren Bilboko egoitzaren aurrean. LAB
Bizkaiko zahar etxeetako langileen elkarretaratzea gaur, Lan Harremanen Kontseiluaren Bilboko egoitzaren aurrean. LAB
14789412 kepa
2026ko irailaren 22a
12:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lan Harremanen Kontseiluaren Bilboko egoitzaren aurrean elkarretaratzea egin du LAB sindikatuak, han egin baitute Bizkaiko zahar etxeetako hitzarmenaren negoziazio mahaiaren zazpigarren bilera. «Orain arte, patronalak ez du mahai gainean jarri soldatak parekatzeko eta ratioak hobetzeko gure aldarrikapenekin bat datorren proposamenik», gaitzetsi dute. Horiek horrela, «benetako blokeo arriskua» dagoela uste du LABek.

Gaurko elkarretaratzearekin, beste behin ere sektore horretako langileek defendatzen dituzten aldarrikapen nagusiak ikusarazi nahi izan ditu LABek: batetik, eskatu dute haien lan baldintzak eta eskubideak egoitza publikoetako lankideen baldintzekin parekatzea.

Bestalde, galdegin dute zaintzaren kalitatea eta lan baldintza duinak bermatuko dituzten ratioak ezartzea, «langileei gaixotu gabe lan egiteko aukera emango dietenak». Ildo horretan, LABek gogorarazi du «behin baino gehiagotan» aurkeztu dutela horren inguruko proposamena: lau erabiltzaileko geriatriako laguntzaile bat. Horrekin lotuta, zera azpimarratu dute: «Kudeaketa pribatuko egoitza askotan ratio hori bikoiztu eta hirukoiztu egiten dela».

Erantzule nagusiak

Gaur patronalaren kontra egin arren, LABek gogorarazi du zahar etxeen ereduaren «erantzule nagusia» Bizkaiko Foru Aldundia dela, eta horren aurrean ere mobilizatuko direla: «Argi utzi nahi izan dugu egungo egoitzen ereduak ez duela balio. Egoitzen pribatizazioa bateraezina da lan eskubideen bermearekin eta arreta duin eta kalitatezkoarekin». Horrenbestez, «Bizkaiko egoitza guzti-guztiak publiko bihurtzearen alde» borrokan jarraituko dutela iragarri dute, eta «langileak zainduko dituen egoitza eredu bat» aldarrikatu.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA