Kontseilua: «Euskara betiko minorizatua nahi duten indarrak ari dira eztabaida baldintzatzen»

Kritika ugari jaso ditu euskara eskakizunen aurkako azken epaiak. EH Bilduk «segurtasun juridikorik eza» salatu du. ELA eta LAB sindikatuek, berriz, mobilizazioetan parte hartzera deitu dute. Jaurlaritza helegitea jartzea aztertzen ari da.

LABen protesta bat, Donostiako Epaitegiaren aurrean . JON URBE / FOKU
LABen protesta bat, Donostiako Epaitegiaren aurrean . JON URBE / FOKU
Jokin Sagarzazu - Ion Orzaiz
2025eko abenduaren 11
11:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Astakeria». «Azken kolpea». «Ebazpen euskarafoboa». Gisa horretako kritika gogorrak jaso ditu EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak euskara eskakizunen inguruan atzo ezagutarazitako epaia. Euskalgintzaren Kontseiluaren ustez, esate baterako, ebazpena «beste urrats nabarmen bat da euskararen desofizializazio prozesuan», eta babesa adierazi dio Eusko Jaurlaritzari, «helegitea jar diezaion epai euskarafobo honi». EH Bilduren, ELAren eta LABen ustez ere, euskararen kontrako «oldarraldi judiziala» areagotzen duen beste urrats bat da, eta ezinbestekotzat jo dute hizkuntza politika bermatuko duen blindatze juridiko bat adostea horren alde dauden alderdi politikoen artean. Eusko Jaurlaritzak, berriz, ez du baloraziorik egin, baina, Euskadi Irratiak jakinarazi duenez, helegitea prestatzen ari da Espainiako Auzitegi Gorenean aurkezteko.

Euskalgintzaren Kontseiluak, atzoko epaian bainoago, horren oinarrian dagoen joera juridikoan pausatu du begirada. Izan ere, erakundearen irudiko, botere judizialak «baldintzatu» egin nahi du Eusko Legebiltzarrean abian den eztabaida legegilea: «Joan den astean, EAEko Auzitegi Nagusiak publiko egin zuen Espainiako Auzitegi Konstituzionalera jotzea erabaki duela, Euskal Enplegu Publikoaren Legearen 187.5 artikulua konstituzioaren aurkakoa den ala ez ebazteko. Horretarako, PP eta Vox alderdiek 19/2024 dekretuari jarritako helegiteak baliatu ditu auzitegiak». Kontseiluak «oso larritzat» jo du erabaki hori, uste baitu «lege aldaketaren eztabaida baldintzatzeko saiakera argia» dela: «Jauzi kualitatibo bat, euskararen aurkako aktibismo judizialean». Areago: Euskalgintzaren Kontseiluak uste du eginiko urratsak desegin nahi dituztela epaileek, eztabaida legebiltzarretik aterata eta epaitegietara itzularazita, eta horrek euskararen auzia bera gainditzen duela: «Jardunbide demokratikoaren aurkako erasoa da. Euskara betiko minorizatua nahi duten indarrak eztabaida baldintzatzen ari dira».

Euskara eskakizunen inguruko epaiari dagokionez, berriz, Kontseiluak ezinbestekotzat jo du «arkitektura juridiko berri bat» ontzea, eta, horretarako, dei egin die Eusko Legebiltzarreko taldeei, «arduraz eta ausardiaz» joka dezaten. Erakundeak uste du baldintzak izan badirela egoera iraultzeko eta hizkuntza eskubideak lehen lerroan paratzeko: «Legea aldatzeko premia adierazi duten alderdiek legebiltzarraren hiru laurden ordezkatzen dituzte; administrazio publikoa euskalduntzeko proposamena babestu duten sindikatuek langile publikoen hiru laurden ordezkatzen dituzte; eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 16 urtetik gorako herritarren hiru laurdenek defendatzen dute langile publiko izateko bi hizkuntza ofizialak jakin behar direla». Gehiengo zabal hori baliatzera premiatu ditu hala talde politikoak nola gizartea bera, eta, bide horretan, bi mobilizazio nabarmendu ditu: alde batetik, ELAk eta LABek abenduaren 16an eta 17an euskararen alde eginen dituzten protestak; eta, bestetik, Kontseiluak berak abenduaren 27rako antolatutako ekitaldia, Bilbo Arenan.

«Blindatze juridikoa» aldarri

EH Bilduren arabera, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren erabakia «euskararen aurkako oldarraldi judizialaren enegarren kapitulua» da, eta «erasoaldiaren eskalan jauzi izugarri bat». Josu Aztiria legebiltzarkideak azpimarratu du euskara eskakizunen auzia «oinarrizko auzi demokratiko bat» dela, eta «demokrazian sinesten duten guztiak interpelatzen» dituela. EH Bilduko ordezkariaren ustez, euskararen normalizazioan aurrera egin ahal izateko ezinbestekoa da «segurtasun juridikoa eta arkitektura juridiko-instituzionala sendotasunez blindatzea», eta horretarako Enplegu Publikoaren Legearen erreforma funtsezkoa dela deritzo.

Antzera mintzatu da LAB sindikatua. Nabarmendu du auzitegiak berriro ere administrazioei ukatu egin diela euskararen erabilera eremu sozioekonomikoan sustatzeko gaitasuna, eta salatu eman berri duten ebazpena euskara bigarren mailan mantentzeko ahalegin sistematiko baten parte dela. LABen esanetan, epaileek beren «eskumenetatik harago» jokatzen dute, eta euskararen aurkako hizkuntza politika «kontziente eta militantea» egiten ari dira. «Epaile eta eragile euskarafoboek argi uzten dute, etengabe, ez dutela nahi euskara normalizatua izango duen eta espainieraren maila berean onartua izango den jendarte bat. Euskarak menpekotasunean, bigarren mailan jarrai dezan nahi dute».

ELA sindikatuak, berriz, CCOOren rolean egin du azpimarra: «Euskaldunon hizkuntza eskubideen aurkako Manos Limpias bilakatu da». Sindikatu horrek «supremazismo linguistikoa» aplikatu nahi izan duela uste du ELAk: «Bermatu nahi dute langile guztiak gaztelaniaz derrigorrez arituko direla, euskaldunon hizkuntza eskubideak zokoratuta». Jokabide «euskarafobo» horiek salatzeko beharra nabarmendu du sindikatuak: «Sindikatu honen jarduna ezin da zuritu elkarlan normalizatuen bidez, epaitegiak erabiltzen dituen bitartean zapaldutako kolektiboen aurka aritzeko, sindikatu ultraeskuindarren modura».

Mobilizazioak

Azaroaren 26ko data duen epai horrek baliogabetu egin ditu Eusko Jaurlaritzak 2023ko ekainean onartutako hizkuntza irizpideetako hainbat puntu, CCOO sindikatuak eskatu bezala. Zera ebatzi du: arlo publikoan jarduten duten enpresei ezin zaiela euskararen gutxieneko erabilera eskatu; enpresa horietako langileei ezin zaiela lehen hitza euskaraz egiteko betebeharra ezarri; eta ezin zaiela eskatu ikerketa edo proiektuak soilik euskaraz egiteko. Halaber, atzera bota ditu C1 euskara maila egiaztatua duten langileei enpresak antolatutako ikastaroak euskaraz egitea eskatzen zuten puntuak, eta euskaraz sortutako agiririk gaztelaniara ez itzultzeko irizpidea ere bai.

Auzitegiak «inposizioa» aipatzen du hainbat aldiz, eta defendatzen du hizkuntza koofizial batek ezin duela bestearen aurretik lehentasunik izan. ELAk eta LABek, ordea, uste dute erabaki horiek euskararen normalizazioa nabarmen oztopatzen dutela eta herritarren hizkuntza eskubideak urratzen dituztela.

Horregatik, mobilizatzen jarraitzeko deia egin dute sindikatuok, eta gogoratu dute gehiengo sindikalak protestak antolatu dituela administrazio publikoan, hilaren 16rako Iruñean eta 17rako Gasteizen.

UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak ere gogor kritikatu du azken epaia. Euskadi Irratian eginiko adierazpen batzuetan, Martin Aramendi lehendakariak esan du «astakeria» bat dela, «euskararen aurkako oldarraldiaren azken kolpea» izan dela. Udalerri euskaldunetan eragin handia izango duela nabarmendu du. «Guk egiten ditugun lizitazioetan ezin izango ditugu langile euskaldunak ekarri. Erabat zentzugabea da erabakia».

CCOO: «kaleratze masiboak ERAGOTZI dira»

CCOOk jarri zuen salaketa, eta epailearen ebazpenarekin konforme azaldu da. Sindikatu horren ustez, epai horren bidez eragotzi egiten da administrazio publikoak azpikontratatutako enpresetako langileak kaleratzea eskatutako euskara maila egiaztatzen ez badute.

Sindikatuaren arabera, euskara ikasteko gastuak ezin dira langileen bizkar utzi. Haren iritziz, ez da bidezkoa langile horiei funtzionarioek dituzten baldintza berberak edo oso antzekoak jartzea, haiek ez dutelako langile publikoek euskara ikasteko duten askatasun eta babes sistemarik —hezkuntza sistemakoek bezala, adibidez—, eta haiei ez zaielako berariazko laguntza ekonomikorik bermatzen horretarako.

 CCOOk Jaurlaritzari eskatu dio epaiak azpikontratutako langileei aitortutako babes juridikoa bermatzeko. «Modu horretan soilik eragotziko dira egoera injustuak eta kaleratze masiboak, eta babestu ahal izango dira hizkuntza eskubideak eta lan baldintzak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.