«Oldarraldi judiziala» deituaren barruan izan dira aurrez ere enpresei-eta alor publikoan jardun ahal izateko jarritako hizkuntza klausulen kontrako epaiak. Jarduera eremu horretan euskararen normalizazioa nabarmen muga dezakeen epai baten berri izan du gaur BERRIAk. 2023ko ekainaren 6ko gobernu kontseiluan onartu zituen Eusko Jaurlaritzak administrazio orokorrean eta «hari atxikitako sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateetan» hizkuntza ofizialak erabiltzeko irizpideak. Baina CCOO sindikatuak jarritako helegite bati erantzunez, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ontzat jo du atzera botatzea ebazpen horretako hainbat eduki. Ebatzi du, adibidez, ezin zaizkiela enpresei funtzio publikoko hizkuntza eskakizunak eskatu, eta ezin dela eskatu langileek herritarrekin harremanetan daudenean lehen hitza euskaraz egitea ere.
Azaroaren 26koa da epaia. Han jasotzen denez, Jaurlaritzak onetsitako irizpide horien artean hiru punturen kontra egin du CCOOk helegitean. Eskari horri lotuta, epaiak kimatu egin du 1.0.6 puntua. «Kontratu publikoak» ditu hizpide, eta esaten du kontratu horiek lortzen dituzten enpresek bermatu beharko dutela administrazio publikoan dauden «baldintza linguistikoak» konplitzeko gai direla arlo linguistikoan. Era berean, ahozkotasunean euskara erabiltzea bultzatuko dela jartzen du, eta «lehen hitza» euskaraz hasiko dutela beti langileek herritarrekin harremanetan daudenean. Agiriak-eta egiten dituztenean, halaber, herritarren hizkuntza hautua aintzat hartuta jardun beharko dute. Bada, justu irizpide horiek zedarritzen dituzten testuak edukiz hustu ditu orain sententziak. Jaurlaritzak onartutako irizpideetan modua ematen da, era berean, ikerketak, proiektuak eta tankerakoak «gutxienez euskaraz» egiteko eskatzeko. Baina hori ere ezeztatu du sententziak.
CCOOk atzera botatzeko eskatutako beste bi puntuak dira 2.2.3 eta 2.2.5. Lehenean esaten da C1 eta C2 euskara egiaztagiriak dituzten beharginek, euskaraz ikastaroak egiteko modua badago, hizkuntza horretan egingo dituztela. Bigarrenean, berriz, langileek euskara ezagutza egiaztatua badute, euskarazko agiriak ez direla itzuliko gaztelaniara. Horiek ere atzera bota ditu sententziak.
Sententzian, aurrez ere hainbat ebazpenetan emandako argudioa berritu dute. «Hizkuntza koofizial batek ezin du bestearen gainean lehentasunik izan». Bide horretan, euskara eskakizunak eskatzea eta agirietan-eta euskara eskatzea da onargarria. Hainbatetan ageri da hitza sententzian, hizkuntza irizpideetan euskarari ematen zaion tokia baloratzeko: «Inposizioa». Epaia ez da irmoa; helegitea jar liteke ebazpenaren kontra.
«Diskriminatu» egiten du
Datu soziolinguistikoak erabili ditu CCOO sindikatuak bere arrazoibidearen alde; Araba, Bizkai eta Gipuzkoan euskara ulertzen dutenak %17,8 direla esan du, eta %13,14rentzat dela ohiko komunikazio hizkuntza. Horiek dira sententzian jasotako datuak; azken Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, ordea, bestelakoa da egoera: euskaldunak %36,2 dira, eta euskaldun hartzaileak, %18,6.
Irudikatu duen errealitate soziolinguistiko horretan, komunikazio hizkuntza gaztelania duten langileek beren lana hizkuntza horretan egin ahal izango dutela «bermatu» behar dela esan du CCOOk; ohartarazi du gainerakoan langile horiek «diskriminatu» egiten direla.
Irizpide horien atzean inolako bazterkeriarik ez dagoela argudiatzen saiatu da Jaurlaritza: «Helburua da herritarrek sektore publikoarekin dituzten harremanetan bi hizkuntzetan aritzeko duten eskubidea bermatzea; izan ere, nabarmena da egun gaztelaniaz mundu guztiak lor dezakeela hori eta, aldiz, ez dagoela bermatuta euskaraz. Beraz, neurriak jarri behar dira arazo horri erantzuteko».
Epai hau soka luze batean heldu da. Gero eta hauskorragoa da euskararen normalizazioaren aldeko araudia. Lehengo astean jakin zen, adibidez, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Espainiako Auzitegi Konstituzionalera joko duela galdezka: eskatuko dio argitzeko ea Euskal Enplegu Publikoaren Legeak hizkuntza eskakizunen esleipenaren inguruan zehazten duenak konstituzioa betetzen duen. Erabaki hori kritikatu egin zuen atzo Eusko Jaurlaritzak. Maria Ubarretxena eledunak eta Ibone Bengoetxea lehendakariordeak agerraldi bat egin zuten auzitegiaren jardunarekin ados ez daudela esateko, eta izan ditzakeen ondorioez abisatu zuten: «Oso larria da; zalantzan jar dezake sektore publikoan euskara normalizatzeko sistema guztia».