LABek salatu du migratzaileen erregularizazio eskaeren ebaluazioa enpresa pribatu baten esku utzi duela Espainiako Gobernuak

Prozesuak dituen «hutsuneei» aurre egiteko, LABek aholkularitza zerbitzuak eskainiko ditu Hego Euskal Herriko hiriburuetan.

Igor Arroyo eta Txefi Roco, gaur goizean, LAB sindikatuaren Bilboko egoitzan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Igor Arroyo eta Txefi Roco, gaur goizean, LAB sindikatuaren Bilboko egoitzan. ARITZ LOIOLA / FOKU
June Montero
Bilbo
2026ko maiatzaren 6a
16:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Erregularizazioa ez da pribilegio bat, eskubide bat da». Hilabete bat baino gutxiago igaro da Espainiako Gobernuak migratzaileen ezohiko erregularizazioa abian jarri zuenetik, eta, Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorrak salatu duenez, agerikoak dira jada haren «hutsuneak». Azaldu duenez, besteak beste, migratzaileen eskaeren ebaluazioa Utex enpresa pribatuaren esku utzi du Espainiako Gobernuak. Ebaluazio horren irizpideak, ordea, «ez daude argi» sindikatuko ordezkarien arabera, eta, gainera, ebazpenak egiteko «aste bat baino gutxiagoko formazioa» izango dute beharginek.  

Oztopo horiei aurre egiten lagundu nahi dituzte migratzaileak. Eta, beraz, zailtasunei aurre egiteko aholkularitza zerbitzuak martxan jarriko ditu sindikatuak Hego Euskal Herriko hiriburuetan, eta beste zenbait herritan bilera informatiboak ere egingo dituzte. Sindikatuaren egoitza bakoitzak egun bat eskainiko dio lan horri, eta aurrez eskatu beharko da ordua.

Txefi Roco LABeko Idazkaritza Antirrazistaren arduradunak esan duenez, «hasieratik» egon dira arazoak. «Ezohiko erregularizazioa Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE) argitaratu zutenean ez zegoen zehaztuta zein zen prozedura, eta legearen aurreko zirriborroetan agertzen ez ziren baldintzak sartu zituzten».

Korapiloak askatzen

Zaurgarritasun egoeran dauden migratzaileek aurkeztu behar duten txostena da baldintza horietako bat. Administrazio publikoko langileek ez zekiten txostena nola bete behar zuten. Rocoren hitzetan, langileek ez zuten behar besteko informaziorik jaso, eta ez zuten bete beharreko dokumentuaren eredurik ere. Lehen egunak «tentsio eta gatazka handikoak» izan ziren horregatik.

Epeak dira beste arazoetako bat. Rocok zera ekarri du gogora, erabakia Estatuko Aldizkari Ofizialean «espero baino geroago» argitaratu zuten arren, dokumentuak aurkezteko epea ez dutela luzatu. Eta agiriak lortzeko denbora murriztu die horrek. «Migratzaileek behar dituzten dokumentu horietako asko beren jatorrizko herrialdean lortzea baino ez dute, eta horrek lan burokratiko handia eskatzen du. Hala ere, pixkanaka-pixkanaka gobernua korapilo horiek askatzen eta bidea errazten ari da».

Prozesu horrek antolakuntza sindikalak duen garrantzia ere azaleratu duela uste dute LABekoek. Erregularizazioaz harago, lan arloan migratzaileek pairatzen duten «jazarpenari eta arrazismoari» aurre egiten jarraituko dutela berretsi dute. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA