Euskal Herrian hainbat enpresek egin asmo dituzten zentral eoliko eta fotovoltaiko asko bertan behera geratzen ari dira, ingurumenean duten inpaktuagatik bereziki. Baina bada eraikitzear den bat: Oionen (Araba) Aixeindarrek egin nahi duen Labrazako parke eolikoa. Berrogei megawatteko potentzia izango du parkeak, eta Aixeindarrek berak ohar bidez adierazi duenaren arabera, zentrala eraikitzeko lanak 2025eko azken hiruhilekoan hasiko dituztela aurreikusi dute.
Bestalde, Iberdrolak eta Eusko Jaurlaritzaren menpeko Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) sortu duten enpresak —Iberdrolak Aixeindarren %60 du, eta EEEk %40— esan du jada eskatu dituztela behar dituzten obra lizentzia guztiak, eta kalkulatu dute lanak hasi eta urtebetera jarriko dela parkea funtzionamenduan, 2026. urtearen amaieran. Labrazako parke eolikoak, Euskal Herriko beste askok bezala, haserrea sortu zuen herritar batzuengan, eta mugitzen hasi ziren proiektua ez egiteko, baina kasu honetan ez dute lortu. Azazetako (Araba) proiektua ere oso aurreratuta dago.
Behin Labrazako proiektuak eraikitzeko baimen administratiboa jasota, Aixeindarreko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek proiektuaren aurkezpena egin zuten eskualdean, eta iragarri zuten 59 milioi euroko inbertsioa eskatuko zutela eta aerosorgailuak Siemens Gamesari erosiko dizkietela. Gaurkoan, enpresak azaldu du metodo berri baten bidez eramango dituztela haize erroten palak mendira, errepideetan moldaketarik egin behar ez izateko.