Laikoek egindako erasoen biktimei ere zabalduko diete Betharramgo aitortzarako eta erreparaziorako batzordea

Duela sei hilabete eratu zen ikerketa batzorde independentea, zeinari lotua baitzaio aitortza eta erreparazioarena. Adierazi dute biktimei dirua banatzen hasiak direla, eta informazioak publiko egiten segituko dutela, engaiatu ziren bezala.

Inkesta batzorde independentea iragarri zutenekoa, Baionan, martxoan. PATXI BELTZAIZ
Inkesta batzorde independentea iragarri zutenekoa, Baionan, martxoan. PATXI BELTZAIZ
Leire Casamajou Elkegarai.
2025eko urriaren 13a
17:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Betharramgo ikastetxe pribatu katolikoan gertatu ziren sexu indarkeria eta indarkeria fisikoen segipenaz arduratzen den inkesta batzorde independenteak agertu duenez, batez beste 34.000 euroko kalte ordaina eman diete momentukoz hogei biktimari; beste hogei pertsonaren dosierrak aztertzen ari dira. Bestalde, iragarri dute aitorpenerako eta erreparaziorako batzordearen eginkizuna elizgizonek egin zituzten erasoez harago laikoek egin zituztenei ere irekiko dietela, hots, ikastetxeak enplegatzen zituen zaindari eta laguntzaileek egindako erasoei.

Inkesta komisioa aurtengo martxoan eratu zuten, Betharramgo kongregazioak berak Louis Joinet institutuari ardura emanik. Hau da komisioaren xedea: hainbat urtez Betharramgo ikastetxean gertatutako indarkeriaren izaera kalifikatzea eta biktimentzako aitortza neurriak proposatzea. Hain zuzen, inkesta ondoko urratsa aitorpenerako eta erreparaziorako batzordearena da.

Agirian azaldu dutenaz, inkesta batzordea hasieratik engaiatu zen gardentasun osoz lan egitera eta, beraz, horien aitzinamenduaz informatzeko balio du gaur agertu duten dokumentuak. Gaur arte, Betharramgo kongregazioak 39.000 euroko kalte ordainak pagatu dizkie 20 biktimari, eta diru horretarako eskubidea laikoak egin zituzten erasoen biktimei ere zabalduko diete. Inkesta batzordeak Betharramgo kongregazioari galdegiten dio biktimekiko duen engaiamendua berresteko, prozeduraren zabalpen hori onartuz eta behar bezala antolatuz kalte ordainak kongregazioak berak ordaindu ahal izateko.

1957 eta 2004 bitartean Biarnoko Lestelle-Betharramgo ikastetxe pribatu katolikoan gertatutako indarkeria fisikoaren eta sexu indarkeriaren inguruko afera da Betharramgo afera deitu ohi zaiona. Orotara, gaur egun, berrehundik gora salaketa ezarriak dituzte ikasle ohiek elizgizonen eta laikoen kontra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.