Lamiakoko itsasadarraren azpiko errepidea «ekozida eta antisoziala» dela salatu dute Getxon

Subflubiala Ez plataformak deituta, manifestazio bat egin dute errepideak eta hura eraikitzeko obrek eragin ditzaketen kalteak salatzeko. Eskatu dute «herritarrak lehenetsiko dituzten politikak» ezartzeko, halako azpiegiturak egin ordez.

Obren kontrako mobilizazioa, gaur arratsaldean. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Obren kontrako mobilizazioa, gaur arratsaldean. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Iosu Alberdi.
2026ko apirilaren 25a
19:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Subflubiala geldituko dugu!». Horixe aldarrikatu dute dozenaka lagunek gaur Getxon (Bizkaia), Lamiakoko itsasadarra urpetik zeharkatuko duen errepidearen kontrako protestan. Udalerri horretako institutu batek martxoan jakinarazi zuen 2026-2027ko ikasturtean eraikin bat hustu beharko dutela obren eraginez, eta Subflubiala Ez plataformak salatu du proiektua «ekozida eta antisoziala» delako beste froga bat baino ez dela albiste hori.

«Garraiobide pribatuetan oinarritutako garraioa sustatuko du, eta eragin larria izango du inguruko ikastetxeetako hezkuntzan», kritikatu dute plataformako ordezkariek. Horrekin batera, gogora ekarri dute Getxoko Artaza-Romo institutuko zuzendaritzak ikasleen gurasoei helarazitako oharra: hartan, azaldu zieten Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin bilera bat izan zutela, eta institutuko Romohandi eraikineko ikasleak lekualdatuko dituztela hurrengo ikasturtean.

Plataformako kideek institutuaren kontrako «erasotzat» jo dute erabakia, uste baitute egoerak eragin nabarmena izango duela bertako ikasleengan. Zuzenean, Bizkaiko Foru Aldundia jo dute egoeraren erantzuletzat, kontrakoa «saldu» nahi izan badu ere badakielako obrek «zarata, bibrazio eta kutsadurak» eragingo dituztela, eta, beraz, ezingo dela klaserik eman. «Erakusten du edonoren gainetik pasatuko direla beren interesak inposatzeagatik».

Ez da hori obrek eragingo duten kalte bakarra, manifestariek salatu dutenez. Ingurumen arloari erreparatuz, adierazi dute Leioako Artaza parkeko eremua «txikituko» dutela, eta Ballonti ibaiaren ekosistemari kalte egin. Bestalde, hizpidera ekarri dute errepideak etorkizunean zer kalte eragin ditzakeen ere: «Subflubialaren bitartez berotegi efektuko gasen emisioak murriztuko direla esaten digute, baina, aldi berean, trafikoa %33 ugarituko dela onartu, eta horrek, jakina, kutsadura handiagoa ekarriko du». Hala adierazi dute ehun zientzialarik baino gehiagok ere, Bizkaiko Foru Aldundiari helarazitako eskaera batean.

Aldundiak iaz aurkeztu zuen proiektua, eta 543 milioi euroko aurrekontua prestatu dute. Orduan, adierazi zuten asmoa zela obrak 2026ko lehen seihilekoan abiatzea, eta sei urte iraungo zutela. Tunela 3,2 kilometro luze izango da, eta Artaza eta Ballonti (Portugalete) lotuko ditu. Aldundiaren arabera, egunero 50.000 ibilgailu inguru igaroko dira handik, eta 74.000 gutxiago inguruko errepideetatik.

«Kapitalaren interesak»

Plataformaren esanetan, baina, auzia ez da «tunel bat» egitea bakarrik, eta gizarte eredu bati lotua dago: «Herritarrak lehenetsiko dituzten politikak behar ditugu, eta ez kapitalaren interesetan oinarritutakoak». Errealitatea, baina, kontrako bidetik doa. Izan ere, salatu dute Bilbo Handian garatzen ari den antolaketa sistema «elite ekonomikoen interesen araberakoa» dela, eta instituzio publikoek bide ematen diotela horri: «Hainbat makroeraikuntzaren bidez, etekin ekonomiko handiak lortzen dituzte». Hain zuzen, uste dute itsasadarraren azpiko autobidearen auzia horren adibide dela, eta salatu dute proiekturako diru sail handiak jartzeko asmoa ez ezik zarata mailak erregulatzeko legedia bertan behera uzteko asmoa ere badutela, «enpresa horien irabaziak ziurtatzeko».

Nazioarteko egoera eta «gerra inperialisten goraldia» ere aipatu dituzte manifestazioan. Horren adibide nagusietako bat da AEBen eta Iranen arteko gerra, eta hartaz mintzo zirela, gogoan izan dute Ormuzko itsasartea ixteak zer-nolako eragina izan duen nazioarteko energia horniduran. Zer jazo den ikusita, uste dute «arduragabekeria bat» dela erregai fosilekiko «menpekotasuna betikotzea», eta gehitu dute autoaren erabilera sustatzea «kapitalismo fosilaren bandoa» aukeratzea dela, «gerra eta planetaren suntsipena» elikatzen dituen bandoa, alegia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA