Beti On telelaguntza zerbitzuko langileek agerraldia egin dute Eusko Legebiltzarraren Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Batzordean beren kezken berri emateko, eta azaldu dute aspaldi honetan lan egoerak okerrera egin duela. Mota askotako arazoak aipatu dituzte: lan baldintzen inguruan adostutakoa urratzea, kaleratzeak, langileen aurkako erasoak, prekaritatea, langile nahikorik ez egotea eta abar. Horren guztiaren ondorioa da langileen egoerak ez ezik zerbitzuaren kalitateak ere egin duela behera, eta zerbitzua erabiltzen duten herritarren eskubideak urratu egiten direla.
ELA, UGT eta ESK sindikatuek esan dute «desoreka nabarmena» dagoela zerbitzua eskatzen duten herritarren eta langile kopuruaren artean. Horrek «arreta egokia eta asegarria ematea» galarazten du, eta, ondorioz, «frustrazioa» sortzen da erabiltzaileengan, haien senitartekoengan eta langileengan. Frustrazio horrek eraginda, langileen kontrako ahozko erasoak eta tratu txar fisikoak ugaldu egin dira aspaldi honetan. Horren kontra egiteko, prebentzio eta babes protokolo eraginkorrak ezartzeko eskatu dute sindikatuek.
Kaleratzeak, gizarte beharginen lanbideari dagokion kategoria ez aitortzea eta bestelakoak salatu dituzte sindikatuek: «Horren emaitza da gero eta okerrago dagoen zerbitzu publiko bat dela, eta langileen zein erabiltzaileen eskubideak urratzen dituela».
Neurri zehatzak eskatu dituzte ELAk, UGTk eta ESK-k egoera konpontzeko: lan baldintzen inguruan adostutakoa betetzea, lantaldeak indartzea, gizarte langileen aitortza profesionala, segurtasun bermeak ezartzea eta zerbitzuaren kalitatea bermatzea.«Ezin dugu lanean jarraitu gure osasuna, segurtasuna eta pertsona ahulenei ematen zaien arreta arriskuan jartzen duten baldintzetan».
117 langile
LABek ere bat egin du gainerako sindikatuek egindako salaketekin. Esan dutenez, 117 langile daude 80.000 erabiltzaile baino gehiago artatzeko. Horren ondorioak dira deiei eman beharreko arreta atzeratzea, erabiltzaileen jarraipen falta, akats teknikoak pilatzea, estresa, gehiegizko lan kargak eta osasun arazoengatik lanera joaten ez diren langileak gero eta gehiago izatea.
Langile gehiago kontratatzea, aitortza profesionala, erasoen kontrako neurriak eta antzekoak eskatzeaz gain, Beti On zerbitzua publifikatzea ere galdegin du LABek: sindikatuaren ustez, horixe da «neurri giltzarria» kalitatezko zerbitzua eta lan baldintza duinak bermatzeko.