Lan eremuko bortxa matxisten aurka «konpromiso gehiago» eskatu dizkie LABek erakundeei

SATSEk «berariazko protokoloak» eskatu ditu osasun zentroetarako. ELAk aldarrikatu du sindikatua «babesleku» izan daitekeela bortizkeria jasaten duten andreentzat.

ELAren elkarretaratzea, Iruñeko auzitegiaren aurrean. ELA SINDIKATUA
ELAren elkarretaratzea, Iruñeko auzitegiaren aurrean. ELA SINDIKATUA
Maite Asensio Lozano.
2026ko azaroaren 25a
13:43
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sindikatuek ere badute zeresana indarkeria matxistaren alorrean, eta, hala, haiek ere kalera atera dira azaroaren 25 honetan. Bortizkeriaren aurkako borroka «lehentasuna» dela nabarmendu du LABek, baita lan eremuan ere, eta «konpromiso gehiago» galdegin dizkie erakunde publikoei. ELAk, berriz, justizia feministaren inguruko hausnarketa plazaratu du, eta bortizkeria egoeretan sindikatua «babesleku» izan daitekeela aldarrikatu du.

Gaur goizean, ELAk elkarretaratze bat egin ditu Bilbon, Bizkaiko Aldundiaren aurrean, eta beste bat Iruñean, Justizia Jauregiaren aurrean. «Justizia itsua» dela salatzeko, begiak zapi morez estalita egin dute protesta sindikatuko kideek. Horren harira, azaldu dute indarkeria matxista gero eta gehiago salatzen dela, «konponbidea epaitegietatik etorriko delakoan», baina zigor sistemak «ikuspegi indibidualizatua» inposatzen duela. Bortizkeria jasaten duten andreek, berriz, askotariko beharrak dituzte: «Emakume askorentzat, garrantzitsuagoa da laguntza jasotzea prozesuan zehar, aitortuak sentitzea edo beren testigantza auzitan jartzen ez dela jakitea».

«Indarkeriari aurre egiteko engranaje horretan beste pieza bat gara, ate bat»

JONE BENGOETXEA ELAko kidea

Hala, justizia feministari buruzko gogoeta ere plazaratu nahi izan du ELAk, Jone Bengoetxea genero alorreko kideak azaldu duenez: «Mugimendu feminista ere gaiaz hausnartzen ari da, baina sindikatuaren eguneroko praxian oinarrituta baditugu hausnarketa propioak». Eta nabarmendu du sindikatua «babesleku» izan daitekeela bortxa egoeretan, baita «autodefentsa kolektiborako espazio bat» ere: «Indarkeriari aurre egiteko engranaje horretan beste pieza bat gara, ate bat. Azken batean, lantokian ere gerta daitezke indarkeria egoerak, eta lanetik kanpokoek eragina dute lanean; sindikatuak tresna eraginkorra izan nahi du halako egoeretan».

LABek, berriz, erakunde publikoak interpelatu ditu, eta Eusko Legebiltzarrera eta Nafarroako Parlamentura eraman ditu protestak, bortizkeriaren alorrean duten «erantzukizunari hel diezaiotela eskatzeko». Ohartarazi du lantokietan gertatzen den indarkeria matxista «ezkutuan» geratzen dela maiz: «Emakumeek beti ez dituzte eskura prebenitzeko, salaketak egiteko eta babesa jasotzeko behar dituzten tresnak. Dauden mekanismoak ez dira nahikoa, eta hori Euskal Herriko instituzio publikoen erantzukizuna da».

«Emakumeek beti ez dituzte eskura prebenitzeko, salaketak egiteko eta babesa jasotzeko behar dituzten tresnak»

LAB SINDIKATUA

Zehazki, hainbat neurri eskatu ditu LABek, hala nola enpresa guztiek sexu jazarpenaren aurkako protokoloak erregistratzea eta langileek horri buruzko informazioa eta prestakuntza jasotzea; Lan Ikuskaritzan «berariazko unitate bat sortzea» lan eremuko indarkeria matxista jorratzeko; eta «urteko diagnostiko eta jarraipen sistema publiko eta egonkor bat» eratzea, besteak beste, Emakunderekiko edo Nafarroako Berdintasun Institutuarekiko lankidetzan.

Bide horretan, SATSE erizainen sindikatuak ere «berariazko protokoloak» eskatu ditu osasun zentro publiko zein pribatuetan bortizkeria jasaten duten osasun langileak babesteko. Pilar Mendia berdintasun arduradunaren aburuz, ezinbestekoa da «barne prozedura argi bat» izatea: «Genero indarkeria jasaten duten langileek jakin behar dute nora jo, zer eskubide dituzten, eta zer laguntza jaso dezaketen».

«Berariazko protokolorik gabe, oso zaila da eskubide horiek modu eraginkorrean gauzatzen direla bermatzea»

PILAR MENDIA SATSEko kidea

Hala, «arreta arin eta konfidentziala bermatzea» galdegin du sindikatuak, eta bortizkeriaren biktimen akreditazioa erraztea, «salaketarik edo zigor epairik egon beharrik gabe». Izan ere, SATSEk gogora ekarri du biktimek hainbat eskubide dauzkatela legez aitortuta, hala nola lanaldia murriztea edo berrantolatzea eta lantokia aldatzea: «Biktimen absentziak justifikatutzat jo daitezke, lanaldia egokitu dezakete, eta antzeko lanpostu batera mugitzeko eska dezakete. Baina berariazko protokolorik gabe, oso zaila da eskubide horiek modu eraginkorrean gauzatzen direla bermatzea. Biktimek erantzunak, laguntza eta konfidentzialtasun bermeak behar dituzte hasieratik».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA