Lan Ikuskaritzak Eusko Jaurlaritza zigortu du, Zaballako espetxean (Araba) arriskuen prebentzioan «gabezia larriak» izateagatik. Gabezia horiek eragin zuzena izan zuten 2025eko abenduaren 9an kartzelan izandako sute batean sei funtzionariok izandako lesioetan. ELA sindikatuak jarritako salaketaren ondoren egindako ikerketaren behin betiko txostenaren arabera, langileek ez zuten larrialdi egoera bati segurtasunez aurre egiteko beharrezko «prestakuntza, informazio eta jarraibiderik». Gainera, sutea gertatu zen egunean sua detektatzeko soinu sistema deskonektatuta zegoela ondorioztatu du ikuskaritzak.
Sutea ziega batean piztu zen, eta esku hartzera joan ziren hainbat funtzionariok kea arnastu zuten; horren ondorioz, sei funtzionariok lesioak izan zituzten. Lan Ikuskaritzak, halaber, arnas babeserako ekipamenduen inguruko gabeziak antzeman ditu espetxean, eta ondorioztatu du langileek ez zutela behar adinako baliabiderik eta prestakuntzarik halako larrialdi bati aurre egiteko.
Neurri zuzentzaileak
Horiek hala, Lan Ikuskaritzak Eusko Jaurlaritzari galdegin dio «premiaz» hainbat neurri hartzeko: besteak beste, arriskuak behar bezala ebaluatzea, langileei banakako prestakuntza ematea eta beharrezko babes ekipamenduez hornitzea. Era berean, sei langileek lan istripuaren ondorioz izandako aldi baterako ezintasunek eragindako prestazio ekonomikoen errekargua ezartzeko eskatu dio; diru hori administrazioak berak ordaindu beharko du.
ELAk nabarmendu du Zaballako espetxean segurtasunarekin lotutako gabeziak ez direla berriak. Sindikatuaren arabera, Lan Ikuskaritzak aurrez ere hainbat esku hartze egin ditu, eta Eusko Jaurlaritzari segurtasun arloko neurri zuzentzaileak hartzeko eskatu izan dio. ELAren iritziz, azken txostenak agerian uzten du espetxean prebentziozko kudeaketa eredu «desegokia» dagoela, eta, hori dela eta, Jaurlaritzari eskatu dio prebentzio baliabideetan «premiazko inbertsioa» egiteko. Bide horretan, ohartarazi dio neurriak berehala hartzen ez baditu mobilizazioak egingo dituela, eta erantzukizun politikoak argitzeko bide judiziala abiaraziko duela.