Maiz hitz egiten da lehen sektorearen errelebo faltaz, baina oztopoetako bat da laborari gazteek zail dutela zorua eskuratzea. Horregatik, Fronte Zabala koalizioak proposatu du zoruaren banku publiko bat sortu beharko litzatekeela laborari izan nahi duen gazte orok aukera izan dezan lehen sektorean jarduteko.
Laborantza babesteko agerraldia egin dute Iruñean Javier Ibañez Kongresuko hautagaiak, Ane Sanchez Senatuko hautagaiak, eta Toni Valero Andaluziako IUren koordinatzaile eta Madrilgo Kongresurako zerrendan aurkeztu den hautagaiak.
Valerok azpimarratu du elikagaien gain presio bikoitza dagoela. Alde batetik, elikagaiak ekoizteko kostuak nabarmen igo zaizkie laborariei eta abeltzainei —erregaiak, ongarriak, fitosanitarioak eta pentsuak—, baina askotan kostuen azpitik saltzen dituzte produktuak. Bestetik, herritarrei nabarmen garestitu zaizkie oinarrizko elikagaiak. Valeroren ustez, elikagai kateko hornitzaile handiek profitatu dute egoera: «Bidezko prezioak bermatzea da lehen sektoreari errentagarritasuna ziurtatzeko modua».
Uraren kudeaketa
Hori ikusirik, koalizioak proposatu du ikuskaritzak indartzea Elikagai Katearen Legea betearazteko. Legea bera hobetu behar dela deritzote, eta, aldi berean, uste dute ezohiko irabazi marjinei zerga ezarri behar zaiela. Gaineratu dute uraren kudeaketa «eraginkorra, publikoa eta soziala» egin behar dela, eta ureztatze sistema berritu.
Javier Ibañezen ustez, lehen sektorea «estrategikoa» da Nafarroan. «Sendietan oinarritutako eredu bat dugu, eta hori babestu behar da, gure lurraldeko sektorea irentsi nahi dutenen aurrean».