Landare zorriak topatu dituzte bost eskolatan zerbitzatutako janarian

Herenegun aurkitu zituzten, Ausolan enpresak eramandako azalorean. Catering enpresaren arabera, lehorteagatik eta azaloreak daukan morfologiagatik gertatu da arazoa.

ZOMORROAK
Zerbitzatutako azalorean aurkitutako landare zorri bat, herenegun. BERRIA
Iñaut Matauko Rada - Irati Urdalleta Lete
2024ko otsailaren 7a
08:30
Entzun

Arazoak izan dira bost eskolatan emandako jangela zerbitzuan. BERRIAk jakin duenez, herenegun landare zorriak agertu ziren gutxienez hiru ikastetxetan zerbitzatutako janarian: Andoaingo Ondarreta, Debako Luzaro (Gipuzkoa) eta Sopelako Zipiriñe (Bizkaia) eskoletan. Ausolan catering enpresak zerbitzatutako azalorean topatu zituzten zomorroak. Ausolanen arabera, beste bi eskolatan ere izan dute arazoa.

Ondarreta eskola publikoan, jangela zerbitzua ematen duen enpresa aldatu zuten herenegun. Ausolan hasi da berriz horretan, Serunion catering enpresarekin izandako arazoak direla eta. Leitzaran ikastetxeko ikasleek ere han jaten dute, eta, langile batek BERRIAri adierazi dionez, azalore pakete batean «zomorro asko» topatu zituzten.

Langilearen arabera, plateretan zomorroak atzeman zituztenean platerak kendu eta azalore paketeak erretiratu zituzten. Haren hitzetan, ez ziren harrak, baizik «antenak eta hankatxoak» zituzten zomorroak. Hain zuzen ere, besteak beste janarian harrak agertu zirelako eten zuen Eusko Jaurlaritzak Serunionekin zuen hitzarmena.

Enpresari eta Eusko Jaurlaritzari jakinarazi zieten intzidentzia, eta atzo joan ziren laginak hartzera. Ondarreta herri eskola publikora, bertako ikasleez gain, bigarren hezkuntzako Leitzaran ikastetxeko ikasleak ere joaten dira jatera, euren eskolan ez dutelako jantoki zerbitzurik.

Andoaingoa ez da kasu bakarra izan. Guraso batek BERRIAri jakinarazi dionez, Debako Luzaro eskolako jangelan ere antzeko arazoa izan dute: zomorroak agertu dira azalorean. Luzaro ikastetxeko ikasleek ez ezik, Mendata institutukoek ere bertan bazkaltzen dute. Andoaingo eskolan ez bezala, Debakoan Ausolanek ematen zuen jangela zerbitzua orain arte ere. Halaber, Berriak jakin duenez, Sopelako Zipiriñe ikastetxean ere landare zorriak aurkitu dituzte azalorean.

Gainera, EITBren arabera, arazo bera izan dute Galdakaoko Gandasegi ikastetxean (Bizkaia), eta, El Diario Vasco-ren esanetan, baita Lezoko herri eskolan ere.

Ausolanek ohar bat kaleratu du gertatutakoa azaltzeko. Bost ikastetxetan aurkitu dituzte zomorroak, eta azalore sorta erretiratu egin dute horietan, eta oraindik kozinatu gabe zeukaten beste hamarretan. Adierazi dutenez, lehen lagina aurkitu zutenetik martxan jarri zituzten «alerta zerbitzuak», zomorroen jatorria identifikatzeko. Enpresak ondorioztatu du «ohiz kanpoko arrazoi naturalek eragindako kasu bakanak» izan direla.

Haien esanetan, «lehorteak eragindako aldaketa naturalengatik» gertatu da, horregatik eta azalorearen morfologia bereziagatik «oso zaila» baita zomorro horiek ikustea. Horiek horrela, ziurtatu dute gertatutakoaren berri eman dietela arduradunei. Alabaina, Ausolanek nabarmendu duenez, gertatutakoak ez du arriskuan jarri ikasleen osasuna.

Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Bingen Zupiriak ere hitz egin du gaiaz. Esan du enpresak azaldu diela bost kasuetan janaria ikastetxean bertan prestatu dutela eta landare zorriak agertzea klimarekin eta azalorearen zimurrekin dagoela lotuta, ez higienearekin. 

Serunionekin ere arazoak

Asteon izandakoak ez dira jangeletan azkenaldian egon diren arazo bakarrak. Serunion enpresaren janarian ere kalitate arazoak antzeman zituzten urte amaieran; janarian harrak aurkitu zituztelako, esaterako. Urtarrilean iragarri zuen Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak otsailaren 5ean Serunionek zerbitzu hori emateari utziko ziola. l

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.