Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan etxetik kanpo lan egin duten andrazkoen %13,2k jasan dute inoiz sexu indarkeria edo jazarpen motaren bat lan eremuan, Eusko Jaurlaritzak berriki argitara emandako inkesta baten arabera. Zenbakien bidez adierazi nahi izan dute bortizkeria matxistaren dimentsioa, baina datu kuantitatiboek «errealitate bat ezkutatzen» dutela azaldu du Vicent Borras Catala Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko irakasle eta ikerlariak: «Lan eremuko indarkeria matxistak ez die eragiten %13ri, baizik eta denei. Lan ibilbide luze samarra duten emakume guztiek izan dute pasarteren bat, larriagoa edo arinagoa, luzeagoa edo laburragoa. Baina pasarte horiek ezkutatu egiten dira, portaera batzuk normaltzat jotzen dira eta».
Lan arriskuen prebentzioaren bidez emakumeen aurkako indarkeria nola jorratu aztertu dute gaur goizean Bilbon, Emakundek eta Osalanek antolatutako jardunaldi batzuetan. Hainbat ikuspegitatik aztertu dute auzia, eta lehen ondorioa argia izan da: andreek lan eremuan jasaten dituzten bortizkeria kasuetan oso gutxi esku hartzen da, besteak beste, legedia ez dagoelako behar bezala garatuta, tarteka tresna kontzeptualak falta direlako, eta kulturalki ere oztopo asko daudelako indarkeria hori identifikatzeko eta argitara ateratzeko.
«Lan eremuan emakumeek indarkeria jasateko arriskua handia da? Bai, pertsonen arteko bizikidetza eta interakzio handia egoten delako, eta botere harremanak ere izaten direlako»
AMPARO GARRIGUES Lanaren zuzenbideko katedraduna
«Dena dago egiteko», Amparo Garriguesen arabera: «Lan eremuan emakumeek indarkeria jasateko arriskua handia dela aurreikus daiteke? Bai, pertsonen arteko bizikidetza eta interakzio handia egoten delako, eta hor eragina dute aurreiritzi kulturalak eta sozialak; eta gainera, botere harremanak izaten direlako. Presio bertikala zein horizontala dago eremu horretan». Castelloko Jaume I.a Unibertsitateko (Herrialde Katalanak) lanaren zuzenbideko katedraduna da, eta xehe aztertua du nola jasota dagoen indarkeria matxista lan arloko araudian. Ondorioztatu duenez, nazioarteko hitzarmenek eta legeek aurrerapauso handiak egin dituzte «indarkeria matxistaren kontzeptualizazio zabalagoa» eraikitzeko, baina Espainiako Estatuko arauetan ez da ia txertatu genero indarkeria lan arriskuen prebentzioan.
OITren hitzarmena
OIT Lanaren Nazioarteko Erakundeak 2019an onetsitako hitzarmena aipatu du erreferentzia gisa: «Lan eremuko indarkeria eta jazarpena jorratzen ditu. Izenburuan aipatu ez arren, oso ondo jasotzen du genero ikuspegia, eta estatuak derrigortzen ditu prebentzio neurriak hartzera eta enpresak ere horretara behartzera, besteak beste, negoziazio kolektiboaren edo arauen bidez». Espainiako zein Frantziako estatuek berretsita dute hitzarmen hori, eta Euskal Herri osoan indarrean da 2023tik.
Baina Garrigesek aztertutako eremuan, Espainiako legedian, ez da ia islatu bertako edukia. Soilik baietz da baietz legeak baino ez du jaso aipamen bat lan arloko sexu jazarpenaz, indarkeria sexualari buruzko lege oso zabal baten aterkipean, «partzialki eta modu nahasian», Garrigesen irudiko. Baina askoz gehiago egin zezakeen Espainiako Gobernuak: «Ez du aldaketarik egin langileen estatutuan, ezta lan arriskuen prebentzioari buruzko legean —zeinak genero ikuspegia txertatzea behar baitu—, ezta prebentzio zerbitzuei buruzko 39/1997 dekretuan ere».
Molde berriak, ikertzeko
Asko dago egiteko ikerketaren alorrean ere. Lan eremuko indarkeria matxistaren kontzeptualizaziotik hasita, «ez baitago definizio adostu bat», Jorge Garcia de Ridruejo Jaime I.a Unibertsitateko ikerlariak zehaztu duenez. Eta beharrezkoa da: «Emakumeen aurkako indarkeriak eta diskriminazioak arrisku psikosozialak dira, eta esku hartzea eskatzen dute: generoa arrisku faktore gisa kontzeptualizatzea. Halakoak ondo kudeatzen ez direnean, indarkeriari bide eman dakioke».
Gaiaren inguruko ikerlanak aztertu ditu Garcia de Ridruejok, eta ondorioztatu du lan arloko indarkeriaren funtzionamendua bat datorrela icebergaren ereduarekin: «Bortizkeria zuzena ikusi egiten da, baina ur azpian indarkeria kulturala eta estrukturala daude, ikusezin. Literaturak batik bat bortxa fisikoa, psikologikoa, sexuala eta intersekzionala jorratu ditu, baina, gure ustez, badira ikertu beharreko beste molde batzuk: estetikoa, ekonomikoa eta instituzionala».
«Emakumeen aurkako indarkeriak eta diskriminazioak arrisku psikosozialak dira, eta esku hartzea eskatzen dute: generoa arrisku faktore gisa kontzeptualizatzea»
JORGE GARCIA DE RIDRUEJO Ikerlaria
Bortxaren iraupenarekin eta maiztasunarekin lotuta ere beste sailkapen bat egin du: badira indarkeria «gogorrak», maiztasun txikikoak baina intentsitate handikoak, eta, oro har, delitutzat hartzen direnak: eraso fisikoak, bortxaketak, jazarpena... Baina badira indarkeria «leunagoak» ere, maizago gertatzen direnak, eta, hain justu, lotura dutenak ikertzeko dauden alor horiekin: «Adibidez, generoan oinarritutako portaera oldarkorrak edo jazarpenezkoak, itxura fisikoarekin lotutako diskriminazioa, bortizkeria estetikoarekin lotuta; edo lan prekaritatea edo genderwashing, indarkeria ekonomiko eta instituzionalarekin lotuta».
Bi unibertso
Lantokietan, baina, bortizkeria hori guztia ezkutuan gordetzen da, eta isiltasun horren atzean dauden arrazoiak ikertu ditu Vicent Borrasek. Azterketa kualitatiboa egin du, gizonekin eta emakumeekin aparte hitz eginda, eta ondorioztatu du «bi unibertso» daudela eta ez dagoela komunikaziorik bataren eta bestearen artean: «Emakumeen taldeetan, baten batek beti egiten zuen negar; eta gizonen taldeetan, dena zen barreak eta txantxak. Errealitate berean egon arren, oso bestelakoa zen batzuentzat eta besteentzat».
«Gizonek ez dakite zer jasaten duzuen. Beraz, hitz egin haiekin: zuen senarrekin, semeekin, lankideekin... Izan ere, haiek beste emakume baten jazarleak izan daitezke»
VICENT BORRAS Ikerlaria
Jazarpenaren eta bortizkeriaren pertzepzioa ere ez da berdina. Gizonentzat, «iraganeko kontu bat» da, «anekdotikoa»; emakumeek, berriz, denek izan dute bizipenen bat bortxarekin lotuta, «baina gizonekin enpatiaz jokatzeko joera dute, haiek egiten dutena minimizatzeko». Hala ere, gizonek zein emakumeek oso barneratuta dituzte genero estereotipoak, eta hori dute komun, Borrasek ohartarazi duenez: «Denek uste dute emakumeak lehiakorrak direla, maltzurrak, emozionalak, gorazaleak... Eta gizonak, aldiz, sinpleak, soilak eta zintzoak. Oso zabalduta dago, adibidez, emakumeek fisikoa arma gisa erabiltzen dutela, eta horrelako aurreiritziak larriak dira, portaera batzuk legitimatzen dituztelako».
Era berean, bi unibertso horietan, Borrasek antzeman zuen gizonak «galduta» daudela, baina badutela interesa emakumezko lankideen bizipenetan. Hala, hitz egitera adoretu ditu andrazkoak: «Gizonek ez dakite zer jasaten duzuen. Beraz, hitz egin haiekin: zuen senarrekin, semeekin, aitekin, lankideekin... Izan ere, haiek beste emakume baten jazarleak izan daitezke, eta jazarleak ez badira, jazarlea legitimatzen aritu daitezke, adibidez, txantxen bidez. Egunerokoan txertatu behar da gai hau: hitz egin ezazue».
LanTOKIEN segurtasuna aztertzeko tresna bat aurkeztu du Emakundek
Enpresei beren lantoki fisiko zein birtualen segurtasuna aztertzen laguntzeko tresna bat aurkeztu du Emakundek, lan arriskuen prebentzioari buruzko jardunaldietan. Puntu kritikoen mapek izan ohi duten metodologiari jarraikiz, galdera sorta batzuk jasotzen ditu, lantokiak seguruak eta irisgarriak diren ala ez ebaluatzeko. Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak adierazi du enpresak legez behartuta daudela lantokietako antolamenduan genero ikuspegia txertatzera, eta gogoratu du, era berean, «funtsezkoa» dela sexu jazarpenaren aurkako protokoloak edukitzea.