Langile publiko guztiek euskaraz jakitea ekarriko duen «arkitektura juridiko bat» eskatu du euskalgintzak

Elkarretaratzea egin dute, Donostian, Euskagintzaren Kontseiluak eta Bagera elkarteak deituta, eta adierazi dute lehengo astean Donostiako Udalak hizkuntza eskakizunen kontra jasotako epai baten aurka daudela.

Euskalgintzaren Kontseiluaren eta Bagera elkartearen elkarretaratzea, gaur, Donostian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Euskalgintzaren Kontseiluaren eta Bagera elkartearen elkarretaratzea, gaur, Donostian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
arantxa iraola
2025eko irailaren 17a
19:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskararen normalizazioaren kontrako epai baten inguruan elkartu dira gaur, berriro, euskaltzaleak Donostian. Euskalgintzaren Kontseiluak eta Bagera elkarteak antolatutako elkarretaratze bat izan da, propio salatzeko lehengo astean argitara atera zela sententzia bat atzera bota zuena trafikoa bideratzen duten agenteek euskarazko B2 maila izateko Donostiako Udalak ezarritako hizkuntza eskakizuna. Justizia Auzitegiren parean egin dute elkarretaratzea. Hantxe nabarmendu dute, hizkuntza eskakizunen aurkako sententziak salatzeaz gain, benetako aldaketak ekarriko dituen lanketa bat egin behar dela orain: langile publiko guztiek euskaraz jakitea ekarriko duen «arkitektura juridiko bat» behar da, eta horren alde egin behar da. 

«Sententziaz sententzia, euskararen ofizialtasuna bera deseraikitzen ari da botere judiziala», deitoratu dute elkarrataratzeko atera duten adierazpenean. Donostiako Udalaren kontra orain eman den honetan eta beste hainbatetan ontzat hartzen diren hainbat «premisa» deitoratu dituzte. Esaterako, hauxe: «diskriminatuta» dago gaztelania soilik dakien «gutxiengo bat». Eta, horren ondorioz, beste hau ere bai: euskararen aldeko ekinaldi positiboek «kalte egiten diete» gaztelania hutsezko hiztunei. Eta azkena horra: gaztelania gainontzeko hizkuntzen gainetik «babestu» behar da.

«Hau da botere judizialak ontzat ematen duen markoa, oldarraldiarena, gaztelaniaren erabateko nagusitasunarena, euskara betiko minorizatua nahi dutenena», deitoratu dute gaurko protestan. Muinean, «euskararen desofizializazio prozesu bat» dagoela esan dute, eta igaro hamarraldietan egindako aurrerapausoak kolokan daudela guztiz.

Baina aurrera egiteko bideak badira. Kontseiluak berak aurkeztua du, ELArekin eta LABekin batera, hamabost urtean administrazioa euskalduntzeko prozesu bat. Gogora ekarri nahi izan dute hori. 

Oraintxe bertan, halaber, hizkuntza eskakizunen defentsarako egokiak izan daitezkeelakoan, bi lege erreforma aurkeztuta daude Eusko Legebiltzarrean. EH Bildurena da bat; jeltzaleena bestea. Lehenak, oro har, administrazio publikoan sarbidea izateko irizpide orokor gisa ezarri nahi du euskararen ezagutza. Hain zuzen ere, euskara «nahitaezko hizkuntza eskakizun orokorra» izatea da erreformaren muina. Eredua malgutze aldera, «salbuespen edo geroratze» indize bat erantsi dute. 

Jeltzaleenak, berriz, derrigortasun data kendu nahi du legetik, hartara epaileek kontrako ebazpenak jartzeko bide gutxiago izango dituztela iritzita. Zehazki, Euskal Enplegu Publikoaren Legean aldaketa bat egitea da EAJren proposamena. 11. artikuluari paragrafo bat gehitzea nahi dute, eta, hain justu ere, hor jasotzea hizkuntza eskakizunetan «nahitaez bete beharreko indizeen zehaztapen orokorrik» ez dela aplikatuko. Bakarrik aurkeztu zuten erreforma proposamen hori, PSE-EErekin akordiorik egin gabe. 

Langileen protesta, gaur, Donostiako udaletxe aurrean. GORKA RUBIO / FOKU
Langileak protestan, Donostiako udaletxearen aurrean. GORKA RUBIO / FOKU

Sindikatuen protesta

Eguerdian, sindikatuek egin dute protesta, Donostiako udaletxearen parean. ELA, LAB eta Esan sindikatuek bat egin dute. Langile gehienak hizkuntza eskakizunen alde daudela nabarmendu dute. «Euskararen normalizazioa euskal langile mugimenduaren defentsa da», aldarrikatu dute. «Euskal Herrian euskaraz lan egin eta bizitzeko eskubidearen aurkako oldarraldirik ez dugu onartuko, lanerako eskubidea eta gure herrian euskaraz bizitzekoa ez baitira kontrajarriak, osagarriak baizik». Haiek ere botere legegileari eskatu diote zuztarreko lege aldaketa bat bultzatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.