«Oldarraldiaren» kontrako murrua nola eraiki

Funtzio publikoan jarduteko hizkuntza eskakizunen kontrako epaiak kezkarako motibo dira, eta horiei bidea eragozteko lege erreformak egiteko proposamenak eraman dituzte EAJk eta EH Bilduk Eusko Legebiltzarrera.

Hizkuntza eskubideen aldeko elkarretaratze bat, Gipuzkoako Diputazioaren aurrean, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Hizkuntza eskubideen aldeko elkarretaratze bat, Gipuzkoako Diputazioaren aurrean, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
arantxa iraola
2025eko uztailaren 2a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Iragan urteotan ugaritu egin dira euskararen ezagutza egiaztatzeko instituzioek hainbat lan deialditan finkatutako eskakizunen kontrako sententziak, «oldarraldi judizial» hori salatzeko mezuak asko ozendu dira, baina auzi horren gainean nolabaiteko blokeoa egon da, eta kezka handia. Orain, ordea, oldarraldi horren kontrako murrua jartzeko bi proposamen daude Eusko Legebiltzarrean, nola eraiki daitekeen aztertuz joateko. EH Bilduk berak aurkeztu zuen lehen proposamena, ekainaren 10ean: euskara lanpostu publiko guztietarako «nahitaezko hizkuntza eskakizun orokorra» izatea da erreformaren muina. Ekainaren 20an aurkeztu zuen EAJk bere proposamena: xedea da euskara eskakizunak eskatzeko derrigortasun indizea ezabatzea. 

Zehazki, Euskal Enplegu Publikoaren legean aldaketa bat egitea da jeltzaleen proposamena. 11. artikuluari paragrafo bat gehitzea, eta, hain justu ere, hor jasotzea hizkuntza eskakizunetan «nahitaez bete beharreko indizeen zehaztapen orokorrik» ez dela aplikatuko. «Lanketa juridiko sakon baten» emaitza da proposamena, Markel Olano legebiltzarkide jeltzalearen arabera. Aditzera eman duenez, lanketa horren atzean dagoen planteamendua da hizkuntza eskakizunen aldeko lege oinarria sendoa dela gaur egun, eta Espainiako Konstituzio Auzitegiaren beraren onespena duela: «Hizkuntza eskubideak ezarrita daude». Era berean, gogoratu du hizkuntza eskubide horiek bermatze aldera «politika aktiboak» martxan jartzeko «eskubidea eta eskuduntza» aitortuak dituztela Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erakundeek. «Hor oinarrizko zoru bat daukagu, oso sendoa».

Zergatik ebatzi dira orduan hizkuntza eskakizunen kontrako horrenbeste epai? Non dago zirrikitua? Euskal Enplegu Publikoaren legean bertan hizkuntza eskakizunak galdegiteko bidea ematen zaie instituzioei, eta gaur egun horiek zehazteko irizpideak jasota daude 2024an arlorako Eusko Jaurlaritzak onetsitako dekretuan. Hor, zehazki, «derrigorrezko indize orokor bat» ezartzen zaie erakundeei hizkuntza eskakizunak nola finkatu behar dituzten esateko, eta hortxe ikusten dute jeltzaleek zoru juridikoa hauskor, labainkor. Olanok nabarmendu du, hain justu ere, hizkuntza eskakizunak auzitan jartzeko argudio gisara erabili dutela hainbat epailek indize hori, eta horregatik uste dute onuragarria izango dela nahitaezkotasuna desagerraraztea. «Gure juristek esaten dute daukagun legedian ahuldade nagusia derrigortasun indizea dela». Beraz, proposatu dute hemendik aurrera «derrigorrezko indize orokorrik» ez jartzea, alegia derrigorrezko eskakizunen portzentaje bat ez ezartzea.

«Gure juristek esaten dute daukagun legedian ahuldade nagusia derrigortasun indizea dela»

MARKEL OLANOEAJko legebiltzarkidea

Proposatu dute Euskal Enplegu Publikoaren legean bertan zehaztea hori aurrena, eta sei hilabeteren buruan dekretuan aldaketa egitea. Aldaketa hori baino ez egitea, sakonagoko erreformetan ez sartzea, abantaila handia dela uste du Olanok: «Segurtasun juridikoaren ikuspegitik, eta etor daitezkeen helegiteetara begira, gure ustez, planteamendu sendo bat eskaini dugu», azaldu du. «Oso elementu puntuala da, baina esanahi politiko handikoa, eta horrek sartuko lituzke euskara biziberritzeko prozesuak eta estrategiak fase berri batean». Izan ere, epaile hainbatek derrigortasun indizearen inguruan egin dituzten interpretazio «murriztaileak» muga izan dira erakunde askorentzat, eta behin hori desagertuta, uste du erakundeak «ahaldundu» egin daitezkeela: «bide propioa» egiteko aukera gehiago izango dituztela. «Horrek ekarriko die euskal erakunde guztiei jokaleku berri bat, non bakoitzak hartuko duen bere plangintzaren ardura».

«Ez egiteak» ez du balio

Derrigorrean bete beharreko portzentajerik legez ez finkatzeak ez du, jeltzaleen ustez, tentaziorik piztuko gero eta eskari apalagoekin konformatzeko, edota horiek ia ezdeusak izateko. Olanok gogora ekarri nahi izan du, berriro ere, euskara eskakizunen inguruko zoru juridikoa «sendoa» dela, eta, horiek horrela, inork bere gain hartu ezin duen portaera «legez kanpokoa» dela eskari horiek ez aintzakotzat hartzea. Erreformaren bidez legean erantsi nahi duten testuan ere zehaztu dute «zorroztasun osoz» zehaztu beharko dituztela erakundeek derrigortasun irizpideak, eta «justifikatu» ere bai. «Ez egiteak» ez baitu balio: «Horrek ekarriko luke zure esparruan dauden euskaldunen hizkuntza eskubideak zapuztea, eta hori legearen kontra doa. Hori ez da planteatu ere egiten».

«Segurtasun juridikoaren ikuspegitik, eta etor daitezkeen helegiteetara begira, gure ustez, planteamendu sendo bat eskaini dugu»

MARKEL OLANOEAJko legebiltzarkidea

EH Bilduren proposamena irakurrita, aurrez plazara ateratako beste proposamen baten oihartzuna agerikoa da. Izan ere, iazko martxoaren 15ean Euskalgintzaren Kontseiluak eta Txillardegi Gogoeta Guneak antolatutako saio batean langile publikoen sarbiderako «orokortutako hizkuntza eskakizunen eredu bat» aurkeztu zuten. «Guk abiapuntu hori hartu dugu, eta Enplegu Publikoaren Legean aldaketa batzuk artikulatu ditugu», azaldu du EH Bilduko legebiltzarkide Josu Aztiriak. Abiaburu gisara hartu duten testu hori Iñigo Urrutia legegileak ondu zuen, eta aurkeztu zuten egunean bertan halaxe laburtu zuen haren muina, bi puntu nagusitan: «Euskararen eta gaztelaniaren ezagutza nahitaezkoa jarri nahi dugu administrazio publikoen sarbiderako, baina printzipio nagusi hori malgutzeko mekanismoak jarriz».

Horren segida da EH Bilduren proposamena. «Guk bi puntu horiek hartu ditugu oinarri, baina gauza gehiago ere erantsi ditugu». Hainbat erreforma egin nahi dituzte legearen artikuluetan. Esaterako, «liberazioak eta euskara ikasteko aukerak areagotzea» da proposamenaren helburuetako bat, eta «hizkuntza ibilbide pertsonalizatuak» eta beste hainbat aukera berri legez ezartzea. «Eta erantsi dugu, berritasun moduan, salbuespen edo geroratze indize bat. Badakigu erakundeen eta herrialdeen arabera, egoera soziolinguistikoak askotarikoak direla, eta horrek eskatzen du kudeaketa malgu bat». Erreforma proposamena aurrera badoa, geroratze indize hori nolakoa izango den dekretu bidez zehaztu beharko da. «Irekita utzi dugu, hor badago negoziaziorako esparru bat».

«Erantsi dugu, berritasun moduan, salbuespen edo geroratze indize bat. Badakigu egoera soziolinguistikoak askotarikoak direla, eta horrek eskatzen du kudeaketa malgu bat»

 JOSU AZTIRIAEH Bilduko legebiltzarkidea

Baina, funtsean, «paradigma» aldaketa bat nahi dute erreformarekin EH Bildukoek. Beharrezkoa dela uste dute, eta jeltzaleek hautatu duten gisako aldaketa mugatuago batekin ez dela aski. «Derrigortasun indizea kentzeak ez du lagunduko», ohartarazi du Aztiriak. Adibide bat jarri du: administrari postuak egonkortzeko martxoan Bizkaiko Diputazioari baliogabetutako lan deialdia. «Nahiz eta gutxieneko derrigortasun indizea ezarri, eta planifikazio linguistiko zorrotz batekin egin, eta araudia zorrotz bete, epaileek esan zuten lanpostu elebidun gehiago daudenez erdarazkoak baino ja proportziorik gabea dela deialdia, eta euskaraz ez dakiten herritarrak diskriminatzen direla», azaldu du Aztiriak. Gogoratu du muinean antzeko interpretazioak egin direla beste hainbat sententziatan ere.

Beste aro bat

«Horregatik, goitik ezarri behar da ja irizpidea: irizpide sendo bat», argudiatu du Aztiriak. Aldaketaren alde egiteko motibo soziolinguistiko sendoak daudela gogoratu du, gainera. «Gaur egun 29 urte bitarteko gazteen artean %90ek dakizkite bi hizkuntzak; beste gizarte batean gaude, beste jauzi bat emateko moduan». Eta azaldu du aldaketa horren alde, beste askoren artean, motibo juridiko sendo bat ere badagoela: eredu hori bera estatuko beste hainbat tokitan ezarrita dago, Katalunian eta Galizian, kasurako.

«Gaur egun, 29 urte bitarteko gazteen %90ek dakizkite bi hizkuntzak; beste gizarte batean gaude, beste jauzi bat emateko moduan»

 JOSU AZTIRIA  EH Bilduko legebiltzarkidea

Biek ere zeinek bere aldetik aurkeztu dituzte proposamenak. PSE-EEren oniritzirik ez du jeltzaleen testuak. Gobernukideekin izandako elkarrizketak kamutsak izan zirela onartu du Olanok. «Diagnostikoan ez geunden ados. Eta gure proposamenarekin ez zuten bat egin, uste dutelako ez dagoela horren beharrik». Esan du  EH Bilduren proposamena aztertzen ari direla. Hala ere, nabarmendu du lehenetsi dutela legean aldaketa «sakonik» ez egitea. «Gure ustez, hori juridikoki sinpleagoa da, eta, helegiteei begira, sendoagoa». EH Bilduren proposamenarekin zer «puntu komun» egon daitezkeen ikusteko prest daudela azaldu du. «Baina helburua da gure proposamena aurrera ateratzea». Ororen buruan, «segurtasun juridikoa» nahi dute beren ardurapean dauden erakundeentzat. Aztiriaren arabera, «zentzuzkoak» eta «logikoak» dira beraiek mahai gainean jarritako aldaketa proposamenak, eta horien gaineko «eztabaida» espero dute legebiltzarrean:  «Saiatuko gara EAJrekin eta PSE-EErekin hitz egiten».

 

IÑIGO URrutiaren txostena

Euskal administrazio publikoetan hizkuntza plangintzarako eredu berri baterako trantsizioari buruzko txostena deitua EHU Euskal Herriko Unibertsitateko administrazio zuzenbideko irakasle Iñigo Urrutia Libaronak landu zuen, eta iaz atera zuten plazara Txillardegi Gogoeta Guneak eta Euskalgintzaren Kontseiluak. Hortxe, atalka, agirian jasotako zenbait gako:



Helburua eta irismena
Gaur egun euskararen ezagutza egiaztatzeko hizkuntza eskakizunak lanpostu jakin batzuetarako aurreikusten dira; proposamen berriarekin, administrazioek «justifikatu» egin behar lukete zergatik ez duten euskaraz jakitea eskatzen. Bide batez, ezinbestekotzat dauka euskararen «estatus juridiko berri bati buruzko eztabaida» abiaraztea, datozen hamarraldietarako oinarri berriak ezartzeko.

 

Oinarri juridikoa
Administrazio publikoek beren jardunean derrigortasun indizeek eskatzen dutenaz «harago» eska ote dezaketen: horixe da galdera arazotsuenetariko bat egungo legeria aztertzen denean, hortik zer garabide egin daitekeen ikusteko. Itaun horri erantzuten ahalegindu da Urrutia ere. Jurisprudentzia aztertuta, ez du aterabiderik ikusten. Horregatik uste du garrantzitsua dela beste lege esparru baterako zimenduak ipintzea.

Oldarraldiaren jurisprudentzia
Urrutiak propio azken urteotan hizkuntza eskakizunen inguruan ebatzi diren epaien azterketa egin du. Ondorioa larria da: «Praktikan, jurisprudentzia berrienak desaktibatu egin ditu herri administrazioetan euskararen normalizazio prozesuaren euskarri diren tresna juridikoak. Gaur egun ez dago segurtasun juridikorik». Horregatik iruditzen zaio ezinbestekoa «legegintza esku-hartze bat».

 

Proposamena
Sarbidean oinarritutako hizkuntza eskakizunen eredu bat lantzea da proposamenaren muina, baina printzipio orokorra «erlaxatu» ahal izateko bideak jarrita, herrialdeko errealitate soziolinguistiko desberdinetara egokitutako aplikazioak ahalbidetzeko. «Irizpide objektibo eta justifikatuetan oinarrituta, botere publikoek zehazten dituzten lanpostuetan hizkuntza eskakizunak ez aplikatzea ahalbidetuko luke, baldin eta euskararen ezagutza merezimendu gisa baloratuko balitz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.