ELA sindikatuak deituta, gaur hainbat langile kalera atera dira salatzeko lanpostu «huts» guztiak ez dituztela eskaini Haurreskolak partzuergoan enplegua egonkortzeko abian duten prozesuan. Lanpostuak guztira 162 direla zehaztu dute, eta hasieran ebatzi zela guztiak eskainiko zirela, 77 langileren egoera egonkortzeko. Mugatu egin zuten gero, ordea, kopuru hori. Partzuergoak erabaki hori «aurrez» abisurik eman gabe hartu zuela salatu dute langileek, eta kritikatu egin dute erakundearen jarrera: «gardentasun falta eta fede txarra» izatea egotzi diote. «Lanpostu huts guztiak eskaini! Finkotasunari oztoporik ez!» pankarta zabaldu dute protestan. Eibarren egin dute, Gipuzkoan.
Langileen ordezkariek gogora ekarri dute auzitara jo zutela partzuergoaren erabakia salatzeko, eta, aldeko sententziarik lortu ezinik, orain partzuergoa lar luzatzen ari dela auzibidea; izan ere, helegitea aurkeztu du Espainiako Auzitegi Gorenean, EAE Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak ELAren eskabidea aintzat hartzeko emandako sententziaren aurka.
Langileek gogorarazi dute enplegua egonkortzeko prozesua «zaildu» egiten dela lanpostuak mugatuta. Horiek horrela, auzitegietan martxan den bidean aurrera jarraituko dutela esan dute, eta aldaketarik ez bada mobilizazio gehiago egiteko asmoa ere badutela.