Konponbideari begira

«Bakearen eledunak bakean utzi beharko dira»

Thomas Lacostek Pays Basque et liberté, un long chemin vers la paix dokumentala aurkeztu du Miarritzeko Fipadoc jaialdian. 1936ko gerratik honako «bakeranzko bidea» kontatu du. Filmean Frantziari mezu jakinak helarazi dizkiote Christiane Taubirak eta Serge Portellik.

Thomas Lacostek gaur Miarritzen aurkeztu duen dokumentaleko irudi bat.
enekoitz esnaola
2020ko urtarrilaren 24a
10:10
Entzun

Euskal gatazka armatuaren «konponbiderako ekarpena» egin duten kideak kontuan hartu behar dira, Christiane Taubira Frantziako Justizia ministro ohiaren iritziz, eta haien aldeko «keinuak» eskatu ditu. Serge Portelli Versaillesko (Frantzia) Dei Auzitegiko magistratu ohia ere zehatz mintzatu da: esan du badirela «bakearen eledun diren pertsona apartak»; «beraz, bakean utzi beharko dira, bakearen alde lan egin dezaten». Pays Basque et liberté, un long chemin vers la paix (Euskal Herria eta askatasuna, bakeranzko bide luze bat) dokumentalean esan dute hori biek, bukaeran, Josu Urrutikoetxearen iazko atxiloketaren irudiak ageri ondoren. Mezu argi bat eman nahi izan diote Frantziari. Thomas Lacostek (Bordele, Okzitania, 1972) egin du dokumentala, eta atzo eguerdian izan da estreinaldia, Miarritzen (Lapurdi), Fipadoc dokumentalen nazioarteko jaialdian.

Espainiako 36ko gerratik gaur arteko kontakizun bat egin du Lacostek, 52 minutuan, eta nabarmendu Espainiako eta Frantziako estatuek ukatu egiten dutela gatazka bat dagoela. Portellik jarri du abiapuntua, «zer da euskal gatazka? Zergatik sortu zen?» galderak egin beharraren garrantzia ohartarazita, eta azaldu du betiere horiek erantzutean sartu ahal izango dela «ideologikoki, intelektualki, benetako bake prozesu batean».

Taubiraz eta Portelliz gain, dokumentaleko elkarrizketatuen artean dira Pierre Joxe Frantziako Barne ministro ohia, nazioarteko komunitateko eragile Brian Currin, Jonathan Powell, Gerry Adams, Veronique Dudouet, Raymond Kendall eta Alberto Spektorowski, Anaiz Funosas Bake Bideko presidentea, Eugenio Etxebeste Antton ETAren mintzakide izana, Rufi Etxeberria Sortuko zuzendaritzakidea, Iñaki Anasagasti EAJren Espainiako diputatu ohia, Max Brisson LR-ren Frantziako senataria, Anita Lopepe EH Baiko eleduna, Jean Noel Etxeberri Txetx bakegilea, Gabi Mouesca IK-ko kide ohia, Jean Pierre Massias eta Xavier Crettiez unibertsitate irakasleak, Paco Etxeberria auzi medikua eta Josu Ibargutxi frankismoaren biktimen plataforma bateko partaidea.   

Frankismoak 40 urtean Euskal Herrian «erabateko dominazio sistema» ezarri izanaz mintzatu da Massias, «40 urteko terroreaz eta zapalketaz» Ibargutxi, eta diktadura erregimen haren eragina oraindik badela azaldu du Currinek. Anasagastik erantsi du «jazarpenaren» ondorioz ETA sortu zela, «erreakzio gisa»; Etxebestek «erresistentzia» aipatu du, eta «herri honen eskubide nazional eta sozialak aldarrikatzeko» ere sortu zela euskal erakundea, 1958an. 1975ean hil zen Francisco Franco espainiar diktadorea, «baina tortura, errepresioa eta biolentzia politikoa» ez zirela amaitu dio Massiasek; haren ustez, «borroka antiterroristarako justifikazio modura» erabiltzen segitu zuen Madrilek.

GALek (1983-1987) «ondo funtzionatu zuen», Crettiezen esanetan. Orduan Barne ministro izan zen Joxe, eta Lacosteren lanean dio Espainiari aipatzen ziola bazuela «frogarik» GALen atzean Madril zela esateko, «baina Espainiako Gobernuak ukatu egiten zuen. Espainolek ezin dute jasan Euskal Herriko problematika».

Thomas Lacoste —eskuinean—, gaur, Miarritzen, Fipadoc jaialdian, 'Pays Basque et liberté' dokumentalaren estreinaldian. 

Powell, ezker abertzalea babesteaz

Powellek ezker abertzaleak duela hamar urte egindako estrategia aldaketa laudatu du. Haren iritzian, 2007an Genevan (Suitza) prozesua haustearen «frustrazioak» eraman zuen ezker abertzalea bere jendea konbentzitzera «bide politikoari jarrai ziezaioten militarraren partez». Rufi Etxeberriak gogoan du Madrilek «lehengo eskeman segitzea nahiago» zuela, «neurria hartua ziolako eta herri honentzat agenda demokratikorik ez duelako», eta horregatik egin zuela eztabaidaren aurka. Nazioarteko eragileak jakitun zeuden gogoeta prozesuaren norabideaz eta mamiaz, eta Powellek dokumentalean esan du ezker abertzalea «babestu» egin behar zela. Hura bera izan zen 2011ko urrian Aieteko Adierazpenaren sinatzaileetako bat. Aieteko bake konferentziaren garrantzia aipatu du Lopepek, eta Funosasek erantsi du ETAk eman ziola adierazpenari erantzuna, berehala: jarduera armatuaren bukaera.

Espainiako eta Frantziako estatuek ez zuten jarrera aldatu; segitu zuten atxiloketekin, epaiketekin… Baita ETAk armagabetze prozesuari ekin eta hala iragarri zuenean ere. Desarmatze fasean gizarte zibilak egindako lanaz hitz egin du Txetx Etxeberrik. Ipar Euskal Herriko hautetsiek ere agertu zuten engaiamendua; kasurako, Brissonek: «Aurre egin genien [Frantziako] Estatuaren isiltasunari eta indiferentziari». Beste gatazka batzuetarako «eredu» izan zen ETAren armagabetze prozesua, Dudouetek esan duenez. Madrilen jarrera deitoratu du Spektorowskik; haren esanetan, ETAk trukean ezer eskatu gabe ere, ez zituen armak hartu nahi izan. Currinek ere halatsu hitz egin du: «Madrilek ez zuen inolako paper eraikitzailerik izan bake akordio bat lortzeko». Luhusoko (Lapurdi) 2016ko armagabetze partzialaren saioa zela-eta Bruno Le Roux Frantziako Barne ministroaren jokabidea txarretsi dute, berriz, Kendallek eta Joxek. Ondotik jarrera irekiagoa erakutsi izan du Parisek, baina Brissonek ohartarazi du euskal presoek «keinuak» egiteko duten borondatea ez bada kontuan hartzen, gertatu daitekeela «egunen batean lapikoak berriro eztanda egitea». Horrela, «bake justu eta iraunkorrerako» baldintzak lortu beharraz mintzatu da Mouesca.

Egitasmo zabalagoa du Lacostek

Lacoste zinemarako ere ari da prestatzen Pays Basque et liberté, un long chemin vers la paix filma. Denera 71 lagun elkarrizketatu ditu, eta zinemarako lanak bi ordu pasako iraupena luke. Aurten estreinatu nahi dute. Horrez gain, webgune baten egitasmoa ere badu, elkarrizketak jartzeko, kronologikoki eta gaika bilatzeko moduan. Ez du tankera horretako lehen lana Lacostek: 2017ko apirilaren 8an, ETAren armagabetze egunean, La paix maintenant, une exigence populaire (Bakea orain, herriaren aldarria) dokumentala estreinatu zuen, Baionan.

Zinemagileak, bihar, Josu Urrutikoetxea euskal presoaren auziari buruzko prentsaurreko batean parte hartuko du, Miarritzen, defentsa abokatuekin, presoaren seme Egoitzekin eta Andy Carl bake prozesuetako adituarekin batera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.