Ana Jaka

«Gutxiesten ari dira jende askoren sufrimendua»

Iruñeko aurreko udal gobernuak hartutako azken erabakietako bat izan da diruz ez laguntzea Ana Jakak idazketa erotikoari buruz eman duen tailer bat. 'Erotiko' hitzak eragin du betoa. Jakak hitz hori eta bertze anitz aldarrikatu ditu.

jarraia229812.jpg
edurne elizondo
2023ko ekainaren 23a
13:41
Entzun

Ana Jaka idazleak (Andoain, Gipuzkoa, 1973) Iruñeko Udalak ezarritako zentsura salatu du. E28 plataformak LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Egunean parte hartzera deitu zuen Jaka: idazketa erotikoko tailer bat egin zuen idazleak, ekainaren 15ean. Udalak diruz laguntzeari uko egin zion, ordea, erotiko hitza zuelako izenburuan.

Zer moduz joan da idazketa erotikoko tailerra?

Oso ondo. Aretoa bete egin zen, eta jendea oso gustura aritu zen. 18:30ean hasi, eta 21:00etan bukatu genuen, Kondestablearen jauregia itxi behar zutelako. Pixka bat luzatzen utzi ziguten, halere.

Iruñeko Udalak ez du diruz lagundu nahi izan. Harritu zara?

Ez da hitz jakin batzuekin arazoak dituen bakarra. Zizur Nagusian Marikaroa zikloa egin dute azken urteotan, hain zuzen hango udalak Intsumisio marika izenburuko hitzaldi baten aurka egin zuelako, izenagatik. Pedagogia egiteko, Marikaroa antolatu zuten. Hitza hartu zuten aldarri gisa. Niri ere gertatu zitzaidan Marimutila naiz, eta zer? ipuinarekin.

Zer erran zizuten?

Ikastetxeren batean esan zidaten marimutil hitza jartzea ez zela egokia, akaso haurrei hitz hori erabiltzeko ideia ematen ahal dielako. Horregatik ez zutela liburua erosten. Beldur hori omen dute.

Zuk zer erantzun zenuen erabaki horren aurrean?

Nik uste dut gauzak izendatu egin behar ditugula; bestela, gaizki ari gara. Irain gisa erabili dituzten hitzak gure egitea da kontua, eta haien esanahia iraultzea. Nik uste dut ona dela haurrek horren berri izatea; hau da, jakitea zer hitz erabili diren pertsona batzuen aurka egiteko. Oraindik bada lana egiteko, eta haurrak gai dira ipuinak azaltzen duena ulertzeko.

Orain, Iruñeko Udalaren nolabaiteko zentsura sufritu duzu. Zer gertatu da, zehazki?

E28 plataformatik deitu ninduten tailerra egiteko, ezagutzen zutelako nire lana. Polita izan zitekeela pentsatu zuten; niri proposatu, eta baiezkoa eman nien. Azaldu zidaten Iruñeko Udalak zenbait ekinaldi egiteko diru laguntza emanen zuela; tartean, nirea egiteko. Handik zenbait egunera, baina, berriz deitu zidaten udalarekin arazo bat izan zela esateko.

Zein zen arazoa?

Ni ez nintzen izan udalarekin egindako bileran, baina esan didatenez, udalak ez zuen izenburua ontzat jo.

Taller de escritura erótica zen izenburua; idazketa erotikoko tailerra, alegia.

Iruñeko Udalak ez zuen izenburu hori nahi, eta, diru laguntza jasotzeko, izenburua aldatzea jarri zuten mahai gainean.

Aztertu zenuen aukera hori?

Plataformak ez zuen izenburua aldatu nahi, baina nire esku utzi zuen erabaki hori hartzea. Nik ere garbi nuen ez nuela izenburua aldatuko.

Zer du txar erotiko hitzak?

Nik ez diot txarrik ikusten. Kontua da sexua dela, eta sexuarekin beti dituzte arazoak.

Espero zenuen Iruñeko Udalak horrelako jarrera hartzea?

Une batez shock egoeran gelditu nintzen, baina, egia esan, ez nintzen gehiegi harritu. Ezagutzen ditugu, eta aurrekariak badaude. Niri berehala etorri zitzaidan arrakala orgasmikoaren auzia [Iruñeko Udalak Paola Damontik Emakumeen Etxean egin behar zuen eta izenburu hori zuen hitzaldia zentsuratu zuen, 2020ko urtarrilean]. Zalaparta sortu zen, eta Iruñeko Udalak kritika ugari jaso zituen.

Ez dute ikasi, ordea?

Berdin zaie esaten dietena.

Egin duzu tailerra, izenburua aldatu gabe, baina jendaurrean salatu duzu gertatu dena. Bazenuen jendeak gertatu denaren berri izateko beharra?

Bai, ez nuen gaia besterik gabe itxi nahi; plataformako jendeak ere ez. Plataformaren babesa jaso dut, baina erabaki nuen nik idaztea gertatu dena salatzeko testu bat, eta hedabideetara bidaltzea.

Isilarazi nahi dituzten hitz horiek aldarrikatu dituzu.

Gertatu denak erakusten du sexuarekin zerikusirik duen edozer ez dutela jendaurrean ikusi nahi. Denda erotikoek bezala, estalita egon behar dute. Iruñean bada jende bat oso sexufoboa, eta beldurra edo ez dakit zer dioten.

Beldurra zeri?

Kostatzen zait ulertzea, egia esan. Nik uste dut praktika oso mugatu batekin lotzen dutela sexua, eta hortik kanpo dagoen guztiak ezin du toki bat izan esparru publikoan. Homosexualitatea, adibidez, horrela tratatu dute askotan: egin nahi duzuena, baina etxean. Sexufobia da. Ez dute sexualitatea normal bizitzen. Egoera horren adibide dira ere Skolae programarekin izan dituzten arazoak. Pornografiarekin nahasten dute. Sexu heziketaren esparruan gabeziak nabarmenak dira, eta benetako sufrimendua eragiten diote jende askori. Nik asko sufritu dut, nire heziketa penagarria izan zelako arlo horretan; asko sufritu dut azkenean libre eta zoriontsu izateko. Jende askoren sufrimendua gutxiesten ari dira.

Kontua da erakunde publiko batek erabaki duela ekinaldi bat diruz ez laguntzea, erotiko hitza duelako izenburuan. Ez da larria?

Bai. Politika publiko bilakatzen dutelako beren pentsamolde hori. Harrotasunaren Eguneko zenbait ekinaldi laguntzen dituzte, hor egon behar dutelako, gizarteak behartzen dituelako, nolabait esanda, baina ez benetan hori babestu nahi dutelako. Edozein zirrikitu baliatzen dute hala ez egiteko.

Gizarteak urratsak egin ditu, baina gorroto mezuek gora egin dute azken boladan. Kezkatzen zaitu egoerak?

Sektore atzerakoienen hedapen mediatikoak kezkatzen nau, adibidez; askotan, benetan duten boterea baino handiagoa da hedatzeko duten ahalmen hori. Hedabide batzuk gorroto mezuen bozgorailu bilakatu dira, eta horrek badu eragina gizartean. Horrek kezkatzen nau. Nafarroan ere gero eta gehiago galtzen ari dira batzuk zenbait gauza esateko lotsa. Sare sozialetan ere egunero ikusten dugu; gorrotozko mezuak zabaltzen dira, inolako mugarik gabe.

Udalak zure tailerra diruz lagundu ez izana pasadizo bat dela pentsa dezake norbaitek; eraso gogorragoen ate izan daitezke halakoak, ordea?

Bai, zalantzarik gabe. Matxismoari buruz hitz egiten dugunean, mikromatxismoak ere aipatzen ditugu. Azkenean, dena da kate bat, eta arazo beraren aurpegi ezberdinak. Batzuk besteak baino bortitzagoak dira, baina jarrera bera dute atzean. Kasu honetan, nik aukera izan dut tailerra egiteko, diru laguntzarik gabe ere. Baina, agian, beste batek ezin du, eta gerta daiteke, diruz laguntzen ez bada, ez egitea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.