Eusko Legebiltzarrerako bozak

«Lehendakariak erabakia hartuko du, eta herritarrei jakinaraziko die»

Jaurlaritzako juristek bozen deialdian bi data ezartzea proposatu dute. Sufragio eskubidea malgutasunez interpretatzea eskatuko luke, herritarren parte hartze politikoa bermatzeko. Erkorekak azaldu du orain dela unea hauteskundeak uztailean egiteko aukera aztertzeko, eta badaudela bermeak bozak hil horretan egin ahal izateko.

Iñigo Urkullu Eusko eta talde politikoetako ordezkariak, Gasteizen, bozei buruz hitz egiteko apirilean Lehendakaritzan egindako bileran. BERRIA
jon olano
2020ko maiatzaren 14a
10:42
Entzun

Eusko Jaurlaritzako juristek hauteskundeetarako bi data ezartzea proposatu dute: lehenengoan bozak egitea posible ez balitz, bigarrenean egingo lirateke. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria gaur 11:00etan bildu da indar politikoekin bozei buruz hitz egiteko, eta bertan, hiru txosten aurkeztu dizkie; segurtasunari buruzkoa, osasun egoerari buruzkoa eta irizpide juridikoei buruzkoa.

Erabakia, edonola ere, lehendakariarena da. Berez, apirilaren 5era aurreratu zituen Urkulluk, baina, koronabirusak eragin duen egoeraren ondorioz, deialdia bertan behera geratu zen. Urkulluk uztailean egin nahi ditu, baina zalantza asko eta bermerik ez dago oraingoz. Prozedurari dagokionez, lehenbizi gobernu kontseiluari jakinarazi behar dio bozetara deitzeko; izan daiteke ohiko bilera, datorren asteartean, baina ezohiko bilera batera ere dei lezake, asteartea baino lehen.

14:00etan irten da prentsaren aurrera Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramailea. Azaldu du datozen hilabeteetarako aurreikuspena dela pandemia urritzea, eta osasun bermeak egon daitezkeela hauteskundeak uztailean egiteko: «Osasun datuen bilakaera positiboa da, eta aukera ematen du jarduera guztien berreskurapena planifikatzeko». Erkorekaren hitzetan, Urkulluk hiru bermeren beharra nabarmendu ditu bileran: epidemia kontrolatzeko bermea, botoa emateko eskubidea ziurtatzekoa eta kanpainaren eta egunaren segurtasuna babestekoa. Hauteskundeak uztailean egiteko, ordea, aurki deitu beharko luke Urkulluk bozetara, eta, horretatik, Erkorekak esan du orain dela unea aukera hori aztertzeko. Uztailaren 12a edo 19a izan daitezke hauteskundeetarako data posibleak.

«Lehendakariak iritzi guztiak entzun ditu; orain baloratuko ditu, erabakia hartuko du eta herritarrei jakinaraziko die», esan du Erkorekak: «Arrazoizkoa da orain aztertzea hauteskundeak egiteko aukera, pandemiak okerrera eginez gero eperik gabe geratuko ginatekeelako bozak egiteko». Urriaren 25ean amaituko da legealdia, beranduenera.

Juristek esku artean dituzten hipotesietako bat da orain egun bat ezartzea eta osasun egoerak okerrera egiten duelako bertan behera utzi behar izatea. Egoera hori nola bideratu aztertu dute, hauteskunde deialdiak 54 eguneko epearekin egin behar baitira. Epe hori beharrezkotzat jo dute sufragio eskubidea modu egokian eta berdintasunean gauzatzeko, gainera.

Horregatik, hauteskunde deialdia bertan behera utzita, hori beste egun batean indarrean berriro nola jarri aztertu dute, beste deialdi bat egin beharrean. «Beste irtenbide bat» litzateke, herritarren parte hartze politikoa ezbaian gera ez dadin, txostenean diotenez. Botoa emateko eskubidea malguago interpretatzea eskatuko luke.

Modu horretan, ez litzateke beste deialdi bat egingo hasieratik, baizik eta bertan behera geratu dena indarrean jarriko litzateke berriro. Juristek aholkatu dute hori eginez gero kontu handiz egin beharko litzatekeela, «aurreikuspen berezi bat eginez, deialdia osatuko duena eta hauteskunde deialdian isla izango duena». Alegia, bigarren datak ere jasota egon beharko luke hauteskunde deialdian.

Udaren ondorenerako zalantzak

Osasun egoeraren bilakaerari buruzko txosten bat eraman du Urkulluk bilerara. Horren arabera, konfinamendua «beharrezko kautelarekin» arintzen bada, ohiko mugimenduak egin ahalko dira uztailerako, eta posible izango da hauteskunde egun batean egin behar diren mugimenduak gauzatu ahal izatea. Halere, erantsi dute ezinbestekoa izango dela aparteko neurri batzuk hartzea hauteslekuetan nahiz kanpainan zehar. Haatik, osasun txostenean jaso dute ezin dela aurreikusi izurriaren bilakaera zein izango den udaren ondoren.

Bozak uztailean egitearen aldekoa da EAJ, Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak esan duenez, eta «berekoikeriaz» jokatzea egotzi dio EH Bilduri. EAJk Urkulluri eskatu dio hauteskundeak «berme guztiekin» egiteko, baina behin baldintza horiek beteta, «lehenbailehen» egin daitezela galdegin du Ortuzarrek: «Euskadik gobernu eta parlamentu berri eta indartsuak behar ditu lehenbailehen».

Bileratik irtetean, balorazioak egin dituzte indar politikoetako ordezkariek. Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak kritikatu du bilera «eszenifikazio hutsa» izan dela: «Iragarritako hauteskunde batzuen kronika izan da». Gogorarazi du Euskal Autonomia Erkidegoko «bigarren [EH Bildu] eta hirugarren [Elkarrekin Podemos] indar politikoak» hauteskundeak uztailean egitearen aurka daudela, «baina zoritxarrez interes elektorala eta beste mota batzuetako interesak inposatu dira. Arduragabekeria izugarria da, jendea ez baita hauteskundeetan pentsatzen ari». Salatu du erabakia «hartuta» zegoela.

Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemoseko lehendakarigaiarentzat  «ez da hauteskundeei buruz eztabaidatzeko unea, erabaki azkarrak hartzekoa baizik. Krisi sozial, ekonomiko eta osasun arlokoarekin ezin dugu pauso okerrik eman».

Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusi eta lehendakarigaia, berriz, hauteskundeak «berme sanitario eta demokratiko guztiekin» egitearen alde azaldu da, eta beharrezkotzat jo du «herritarrek babestutako parlamentu bat» izatea: «Erronka oso garrantzitsuak ditugu koronabirusaren aurkako borrokan eta suspertze ekonomikoan».

Carlos Iturgaiz PP+C's-eko lehendakarigaiak esan du uste duela uztailean egingo direla bozak, «Sanchez-Iglesias tandemak bedeinkapena» eman ziolako Urkulluri hauteskundeak egiteko, EAJk alarma egoera luzatzearen aldeko botoa ematearen truke: «PP+C's-entzat, hiritarrak izango dira inportanteena».

Deialdia, auzibidera

Halere, hauteskunde deialdiak eragozpen judizialak izan litzake, balizko deialdi horren aurkako helegitea aurkeztuko duela jakinarazi baitu Liga Foralistak. Hautagaitza horrek zerrendak aurkeztu zituen Araban eta Bizkaian, eta, David Pasarin-Gegunde presidenteak azaldu duenez, alderdiak auzitara joko du hauteskundeak alarma egoerak indarrean jarraitzen duen egun batean egiten badira.

Pasarin-Gegundek uste du Urkulluk «abantaila» atera nahi duela «euskal herritarren osasunaren kontura»; haren esanetan, alarma egoeran hauteskundeak egiteak Euskal Hauteskunde Legea eta Espainiako Konstituzioa urratzen ditu, alarma egoeran herritarrek mugatuak dituztelako beren eskubideak, eta pertsonen artean utzi beharreko distantziak ezinezko egiten duelako hauteskunde eguna eta kanpaina «normaltasunez eta bermeekin» egitea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.