Larresoroko bide baten euskarazko izendapenaren kontra egin du prefetak

Herriko etxeko oposizioko Mintza Larresoro taldekoek salatu dute kasua «karrika baten izenaren auzitik harago» doala, hots, Frantziako Estatuak «euskararen aitortza publikoari» ezartzen dizkion «mugen» erakusgarri dela.

Leire Casamajou Elkegarai
2026ko irailaren 19a
16:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sarako eta Baionako herriko etxeek ezin izan diote euskarari aitorpen ofizialik egin. Itsasuko Herriko Etxeak Txomin Olhagarai militantearen omenezko murala ezabatu beharko du. Eta, azkenekoz, Larresoroko Herriko Etxeari karrika bide baten euskarazko izendapena ukatu zaio. Auzia, beraz, karrika baten izendapenetik «harago» doa, herriko kontseiluko oposizioko Mintza Larresoro taldearen ustez: «[Frantziako] Estatuak euskararen aitortza publikoari ezartzen dizkion mugak nola gogorarazten dituen erakusten du».

Prefeturaren arabera, Orgilaneko bidea izendapena ezin zitekeen onartu euskara hutsean idatzita zegoelako, eta, hala, Impasse Orgilaneko bidea deitu behar izan diote. Mintza Larresorok zehaztu duenez, Frantziako Konstituzioaren 2. artikuluari erreparatu diote aldaketaren behartzeko, zeren, artikulu horrek trenkatzen duenez, frantsesa baita Errepublikaren hizkuntza bakarra. 1994ko agorrilaren 4ko Tourbon legea ere erabili dute: lege horren arabera, frantsesaren erabilera derrigorrezkoa da bide publikoan herritarrak informatze aldera.

Aldi berean, jadanik existitzen zen bide baten jarraipenari besterik ez zioten Orgilaneko bidea deitu, aurtengo uztailaren 7ko herriko kontseiluaren erabakiz. Bestela erranik, prefeturak jadanik onartua zuen bide izen bat bozkatu zuten jadanik existitzen zen bidearen luzapenaren izen beraz izendatua izan zedin. Argudio hori helarazia izan zaio Pirinio Atlantikoetako prefeturari, baina erantzun diete bere garaian euskarazko izen horren kontra egin ez izanak «ez duela izena legezko bihurtzen». Hala, izena aldatzera behartuak izan dira.

Oposizioko taldeak, beraz, oroitarazi nahi izan du zer testuingurutan gertatzen den erabaki hori: «Larresoroko auzia ez da bakana. Uda honetan bertan, Pirinio Atlantikoetako prefeturak Paueko Administrazio Auzitegiaren aitzinera eraman ditu Baionako eta Sarako herriko kontseiluek hartutako deliberoak. Larresoroko kasua, itxuraz apalagoa, erakusgarria da: tentsio bera heltzen ari da anekdotikoa dirudien gai batera, hots, karriken izenetara. Banaka hartuta, auzi horietako bakoitza xehetasun huts bat dela pentsa daiteke: karrika baten izena, herriko delibero bat, aitortza sinboliko bat. Baina auzi horien metaketak sakoneko joera bat erakusten du».

Horiek kontuan harturik, oposizioko taldeak adierazi du bat egiten duela Euskal Konfederazioak «euskararen koofizialtasuna aldarrikatzeko» azaroaren 21ean Baionan deitu duen manifestazioarekin.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA