Paueko Auzitegiak aintzat hartu du Jean Marie Girier Pirinio Atlantikoetako prefet ohiaren eskaera: behin-behinean bertan behera utzi ditu Baionako eta Sarako (Lapurdi) herriko etxeek euskarari egin zioten aitortza. Hala jakinarazi du Mediabask hedabideak. Sarako hautetsiek uztailaren 2an euskara ofizialki aitortu zuten herriko hizkuntza gisara, frantsesaren ondoan. Baionako herriko kontseiluak, berriz, uztailaren 23an bozkatu zuen euskara eta okzitaniera «Baionako lurraldeko hizkuntza» gisa aitortzea. Girierrek atzera bota zituen Baionako eta Sarako herriko etxeen erabakiak. Girier Pirinio Atlantikoetako prefeta izan da bi urtez, baina Itsas Alpeetako prefet izendatu zuten uztailaren 9ko Ministroen Kontseiluan.
Auzitegiak atzo ebatzi zuen euskararen aitortzak bertan behera uztea, Frantziako Konstituzioaren 2. artikuluaren aurkakoak izan daitezkeelako, eta horrek haien legezkotasunari buruzko «zalantza serioa» eragiten duelako, Mediabask-en arabera. Baionako eta Sarako auzapezak auzitegian deklaratzera deitu zituzten iragan asteartean. Jean Rene Etxegarai Baionako auzapezak agerraldi batean azaldu zuen Frantziako Konstituzioaren 2. artikuluak frantsesa baizik ez duela onartzen Frantziako Estatuan, hura dela hizkuntza ofizial bakarra, eta legez ez dela posible beste ezein hizkuntzari ofizialtasuna ematea; baina Etxegaraik nabarmendu zuen Saran eta Baionan euskararen aitortza sinbolikoak egin zituztela eta, beraz, ez zutela zalantzan jarri «frantsesa hizkuntza bakarra izatea».
Baionako eta Sarako herriko etxeek Paueko Auzitegiaren erabakiaren kontrako helegitea aurkeztuko dute, Mediabask-i jakinarazi diotenez.Â