Euskal presoak

«Larri» gaixo dauden euskal presoen etxeratzea exijitu dute, Gasteizen

Otsoa de Eriberen heriotzaren ostean, Sarek antolatu du manifestazioa. Hain zuzen ere, aurten gaixotasun batengatik hil den hirugarren euskal presoa da.

Larriki gaixo dauden presoak, etxera! lelopean egin dute mobilizazioa, Gasteizen. JUANAN RUIZ / FOKU
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2019ko azaroaren 2a
22:38
Entzun

Sare Herritarrak antolatuta, manifestazioa egin dute gaur, Gasteizen. Jose Angel Otsoa de Eribe euskal presoaren heriotzaren ostean, «larri» gaixo dauden presoen askatasuna exijitu dute bertaratutako herritarrek. Asteartean hil zen arabarra, eta aurten gaixotasun larri batengatik hil den hirugarren euskal presoa da.

Arratsaldeko bostak aldera abiatu da mobilizazioa Artium museotik, eta handik ordubetera amaitu da Andre Maria Zuriaren plazan. Manifestazioa hasi aurretik, Joseba Azkarraga eta Blanca Martinez de San Vicente Sareko kideek adierazpenak egin dituzte. Eskaria egin diote Espainiako Gobernuari; gaixo dauden presoak «aske» uzteko, «etxean eta bizirik» nahi dituztelako. Izan ere, Otsoa de Eribek preso jarraitu zuen ekainera arte, momentu hartan eman baitzioten baldintzapeko askatasuna. Lau hilabeteren buruan hil da.

Mobilizazioak oihu eta txalo artean egin du aurrera Frantzia kaletik; bertan zen duela aste batzuk Sarek aurkeztu zuen anbulantzia ere. Euskal Herrian zehar arituko da, eskualdeka antolatuko diren mobilizazioetan, Larriki gaixo diren presoak etxera! aldarrikapena oinarri. Manifestazioa 18:00etan amaitu da Andre Maria Zuriaren plazan. Azkarragak eta Martinez de San Vicentek egin dute azken hitza ere. Salatu dute Otsoa de Eriberen heriotza «saihestu» zitekeela, eta elkarrekin lanean jarraitzeko dei egin dute: «Gizatasunagatik, duintasunagatik, eta legalitateagatik, larriki gaixo diren presoak askatu!».

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.