Larrialdietan %100, eta garraio publikoan %30: Eusko Jaurlaritzak A-11ko grebarako ezarri dituen gutxieneko zerbitzuak

Jaurlaritzak gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu asteazkeneko greba deialdiari begira. «Osasun arreta, larrialdiak, garraio publikoa, hezkuntza eta oinarrizkotzat jotzen diren beste zenbait zerbitzu» bermatu nahi dituzte neurri horren bidez.

Autobus bat, iazko greba egun batean, Bergaran. GORKA RUBIO / FOKU
Autobus bat, iazko greba egun batean, Bergaran. GORKA RUBIO / FOKU
Ion Orzaiz.
2026ko azaroaren 9a
12:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzaren aginduak zehazten du zeintzuk diren ohiko jarduerari eutsiko dioten zerbitzu eta jarduera publikoak, eta zer neurritan. Honako hauek dira, sailez sail:

Osasuna

Ohi bezala, gutxieneko zerbitzurik zorrotzenak osasungintzan ezarri ditu Jaurlaritzak. Hala, larrialdi zerbitzuek %100 eutsiko diote ohiko jardunari, eta tratamendu konplexuak edo arreta berezia behar dutenak ere bermatuta egonen dira. Jaiegunetako lantaldearekin emanen dute zerbitzua erietxeetako larrialdietan, ospitaleratutako pazienteei begirako arretan, sukalde zerbitzuetan, otorduen banaketan eta garbiketan.

Horrez gain, zerbitzua %100 bermatua egonen da tratamendu eta unitate hauetan: dialisiak, programatutako tratamendu onkologikoak, erditzeak, ZIUak, iktusa prebenitzeko unitateak, neonatologia, eguneko ospitale onkohematologikoak, hemodinamika, Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroa eta atzeraezina den tratamendu eta proba oro.

Oinarrizko arretari dagokionez, zerbitzua larunbatekoaren parekoa izanen da, eta AJG arreta jarraituko guneetan, berriz, lantalde osoarekin funtzionatu beharko dute.

Osasun garraioak ere oinarrizko jarduerari eutsiko dio, eta zerbitzuaren %100 bermatuko dute kasu hauetan: larrialdietan, dialisi eta tratamendu onkologikoetan, ospitaleen arteko lekualdatzeetan eta ospitaleko altetan, esku ohea beharrezkoa bada.

Garraio publikoa

Garraio publikoak ohiko jardunaren %30 beteko du A-11ko greba egunean. Autobusek, trenek, tranbiek, funikularrek eta ibai garraioak ohiko zerbitzuen herena bermatuko dute lanuztea indarrean den orduetan.

Jaurlaritzaren arabera, lehentasuna izanen da alternatibarik gabeko garraio lerroei eustea; besteak beste, ospitaleak konektatzen dituztenak eta zerbitzua ematen dutenak lantegietara sartu eta ateratzeko orduetan.

Horrez gain, ohiko ibilbidea egiten hasiak diren zerbitzuek hura burutu beharko dute, eta koordinazio eta segurtasun alorretako langileek ezinen dute lanuzterik egin.

Ordainpeko autobideetan, jaiegun baten gisan eginen dute lan, eta kabinen funtzionamendua bermatu beharko dute. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gasolindegien %20k zabalik egon beharko dute.

Larrialdi zerbitzuak

SOS Deiak zerbitzuak lantalde osoari eutsi beharko dio greba egunean. Horrez gain, ohiko jardunari eutsiko diote suhiltzaileek, Babes Zibilak, errepideen mantentze lanetako zerbitzuek, trafikoaren kudeaketak, larrialdi meteorologikoek eta erreskate taldeek, baina jaiegun batean izanen luketen langile kopuru berarekin.

Gizarte zerbitzuak

Zahar etxeetan eta mendekotasunen bat dutenentzako zentroetan, aurrez aurreko arreta bermatuko dute. Horretarako, hauek izanen dira gutxieneko zerbitzuak: adinekoen zaintzaileen %50ek lan egin beharko dute —lan karga handieneko orduetan are gehiago izanen dira—; gaueko txandan, aurrez aurreko arretan ari direnen %100ek; osasun langileen eta sukaldeko langileen %50ek; eta garbiketa zerbitzuen %20k.

Etxez etxeko laguntzaren arloko «ezinbesteko zerbitzuak» ere bermatuko dituzte: mendekotasun larria dutenentzako laguntza, telelaguntza eta eguneko zentroetara joateko garraio zerbitzua.

Hezkuntza

Eskolak, bigarren hezkuntzako institutuak, haur eskolak eta unibertsitateak zabalik egonen dira Hego Euskal Herrian. Eusko Jaurlaritzaren aginduaren arabera, ikastetxe bakoitzak bermatu beharko du langile hauen presentzia: zuzendaritza taldeko kide bat, atezain bat, segurtasuna bermatzeko gutxieneko irakasle kopurua eta behar bereziak dituzten ikasleentzako espezialistak.

Unibertsitatean, bestalde, errektoretza taldeek bermatu beharko dute aurrez programatutako azterketak eginen direla.

Administrazioa eta justizia

Eusko Jaurlaritzaren erregistro bulegoak zabalik egonen dira Bilbon, Gasteizen eta Donostian, baina «agiriak aurkezten ahalko direla bermatzeko gutxieneko langile kopuruarekin».

Justizia administrazioari dagokionez, eta greba eguna izanagatik ere, berdin-berdin eginen dituzte presazko ekinbideak, guardia zerbitzuak, bertan behera gelditu ezin diren epaiketak, kautela neurriak eta atzeratu ezin diren jarduera guztiak —horiek atzeratzeak «oinarrizko eskubideei kalte» egiten ahal dielako—.

Argindarra, ura, gasa eta telekomunikazioak

Argindarraren, uraren eta gasaren hornidura enpresek eta telekomunikazio sektorekoek jaiegun baten gisako lantaldeari eutsi beharko diote asteazkenean, «sareen funtzionamendua eta hornidura bermatzeko».

Eusko Jaurlaritzaren arabera, «oinarrizko eskubideak, hau da, bizitza, osasuna, segurtasuna, hezkuntza eta zirkulazio askea» bermatzeko ezarri ditu gutxieneko zerbitzu horiek.

Billabesen %60, puntako orduetan

Iruñerriko Mankomunitateak ere hiri garraioaren zerbitzu minimoak zehaztu ditu, asteazkeneko greba orokorrari begira. Hala, billabesen %60 martxan izanen dira puntako orduetan, eta ibilgailuen %40, berriz, gainerakoetan. Puntako ordutzat 06:00 eta 09:30 artekoak jo dituzte, 13:00 eta 15:30 artekoak eta 17:00 eta 20:30 artekoak. Gaueko zerbitzuari dagokionez, murrizketak linea bakoitzaren maiztasunaren araberakoak izanen dira: 60 minutu edo gehiagoko maiztasuna dutenetan, zerbitzua bere horretan mantenduko dute, baina 20 minutu edo gutxiagoko zerbitzuetan, ibilgailuak murriztu eginen dituzte: billabesa bat 30 minututik behin.

 

 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA