Donostiako Parte Zaharreko Guardetxeko eta Igorreko (Bizkaia) Kiñu gaztetxeko kideek epaitegietara joan beharko dute urtarrilaren 27an. Dinamika bateratu baten bidez eginen diote aurre egoerari, Desalojorik ez, erantzunik gabe! lelopean. Izan ere, haien irudiko, ez da kasualitatea bi epaiketak egun berean izatea; aitzitik, «kasualitate hau gaztetxeen eta okupazioaren aurkako estrategiaren parte da». Hortaz, gaztetxeen aldeko defentsa dinamikaren barnean bi elkartasun jaialdi eginen dituzte, eta irabazi guztiak gaztetxeen okupazioaren eta defentsaren ondorioz iritsiko diren isun eta epaiketei aurre egiteko erabiliko dira. Lehenbiziko saioa larunbatean izanen da, Guardetxean; bigarrena Kiñun, eta aurrerago zehaztuko dute eguna.
Epaiketara begira, mezu bat helarazi diete gaztetxea desokupatzeko lanetan ari direnei: «Argi eta ozen diogu etxebizitzarekin, lurraren ustiapenarekin eta baliabide publikoekin espekulatzen duten horien jabetzak okupatu eta kolektibizatzea ez dela delitua, auzo eta herrietako langileon interes kolektiboaren aldeko erresistentzia ekintza baizik». Hala, bi gaztetxeek dei egin dute urtarrilaren 27an Durangoko eta Donostiako epaitegien aitzinera joan eta desadostasuna adierazteko, eta gazteei erran diete orain dela garaia errepresioaren aurka elkartasuna antolatzeko eta defentsara batzeko.
Euskal Herrian gaztetxe andana hustu dituzte azken urteotan: Zornotzako Matrailu, Bilboko Etxarri II, Sestaoko Txirbilenea, Mungiako Errota (Bizkaia), Burlatakoa (Nafarroa), Zestoakoa (Gipuzkoa)... Bada, Guardetxeko eta Kiñuko kideen irudiko, jokabide horiek guztiak «gune autogestionatuen kontrako oldarraldiaren adibide bat» dira. Hortaz, salatu dute «egiturazko krisi kapitalista bat» dagoela, eta horrek, nahitaez, indartu egiten dituela «bestelako bizi eredu bat» defendatzen duten guneen eta proiektuen kontrako mugimenduak.
Epaiketaz epaiketa
Kiñu gaztetxeko kideek esplikatu dutenez, bortz urte daramatzate Sabadell bankuaren eta «botere espekulatzaileen» mehatxupean. Izan ere, Igorreko gaztetxeak 2020tik darama prozesu judizialetan murgilduta: eraikinaren aitzineko jabearekin akordio bat egin zuten, baina Sabadell bankuak, eraikina bereganatu, eta bide judiziala zabaldu zuen. Gaztetxekoek irabazi zuten 2022ko epaiketa, baina bigarren epaiketa izanen dute urtarrilean.
Guardetxeak, berriz, erabilera autogestionatua izan zuen hamarkada batez, 2019an Donostiako Udalak eraikina itxi zuen arte. Hutsik dago geroztik, eta gaztetxeak hainbat bilera eskaera eta okupazio sinboliko egin ditu, «udalarekin biltzeko eta esleipen baldintzak negoziatzeko asmoz». Erantzunik jasotzen ez zutenez, maiatzaren lehenean, berreskuratu egin zuten eraikina, kideek kontatu dutenez. Urtarrilean, baina, zortzi gazte epaituko dituzte, «gaztetxearen okupazioaren eta defentsaren ondorioz».