Lasaitua hartu du sendiak

Espainiako Gobernuak aitortu du Txiki eta Otaegi bidegabeki epaitu zituztela; aitortza horrek sosegua eman die haien sendiei.

Mikel Paredes Txikiren anaia eta Mertxe Urtuzaga Otaegiren lehengusina, haien irudien aurrean. BERRIA
Mikel Paredes Txikiren anaia eta Mertxe Urtuzaga Otaegiren lehengusina, haien irudien aurrean. BERRIA
gurutze izagirre intxauspe
2025eko abenduaren 11
13:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arantza bat kendu dute Txikiren eta Otaegiren sendiek Espainiako Gobernuaren aitortza jaso dutenean. Bai Mertxe Urtuzaga Angel Otaegiren lehengusinak, bai Mikel Paredes Juan Paredes Manot Txiki-ren anaiak, arnasa sakon hartu zuten Espainiako Gobernuaren ebazpena esku artean izan zutenean; izan ere, bazuten kezka, aitortza hori iritsiko ote zen ala ez.

Urtarrilean egin zuten eskaera ofiziala. Paredes, Urtuzaga eta Juanjo Alvarez abokatua Marisol Garmendiarekin izan ziren Gasteizen. Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria da Garmendia. Abegikor hartu zituen hark sendiaren eskaerak, eta ahaleginak egingo zituela esan zien, Urtuzagak gogoan duenez.

Espainiako Estatuan egoera politikoa nahasia dagoela ez dute ahazteko, ordea, biek ala biek. Eta egoera horrek kezka piztu zien, beldur baitziren gobernuak ez ote zituen aitortzak bertan behera utziko. Txikirekin eta Otaegirekin batera FRAPeko Jose Humberto Baena, Jose Luis Sanchez Bravo eta Ramon Garcia Sanz fusilatu zituzten 1975eko irailaren 27an, Franco hilzorian izan aurretik. Baena eta Sanchez Bravo aurten aitortu ditu Espainiako Gobernuak biktimatzat, eta, hargatik, Txiki eta Otaegi ere halaxe aitortuko zituzten itxaropena zuten haien ahaideek.

Eskertuta daude ebazpena jasota. «Paper inportante bat sinatu dute, hori hor geratuko da», adierazi du Paredesek. Ez ditu ahazteko udaran anaia biktima zela auzitan jarri dituztenak. «Espainiako Gobernuak agiri ofizial baten bidez aitortzen duenean hura dena legez kanpokoa izan zela, eta gure anaiaren ohorea berrezartzen denean, zer esango dute hura auzitan jarri zutenek? Agian uler liteke ez dietela jaramonik egiten herritar xeheak ordezkatzen dituzten horiei, ez dituztela ulertzen».

«Espainiako Gobernuak agiri ofizial baten bidez aitortzen duenean hura dena legez kanpokoa izan zela, eta gure anaiaren ohorea berrezartzen denean, zer esango dute hura auzitan jarri zutenek?»

MIKEL PAREDES Txikiren anaia

«Azkenean! Azkenean!»

Sendiek 50 urtean haiekin egon direnak izan dituzte gogoan. Besteak beste, Paredesek Magda Oranich abokatuari ere hots egin dio. Hura izan zuen alboan Paredesek, anaia fusilatu zutenean, Cerdanyola del Vallesen, Katalunian. Eta azken hilabetetan hark egin zuen defentsa lana. «Azkenean! Azkenean!» erantzun dio Paredesi Oranichek telefonoz izan duten dei laburrean.

Lasaitu eta kontsolatu egin ditu aitortzak. Biek garrantzitsutzat jo dute aitortza ofiziala etorkizuneko belaunaldientzat ere. «Garai hartan gazte pilo bat ginen borroka antifrankistara lotutakoak. Pixkanaka horrek denak argitara ateratzen joan behar du», dio Paredesek.

«Guk bagenekien zer egin zioten eta nola izan zen epaiketa hura. Eta nahi genuen gobernuak aitortzea epaiketa haiek ez zirela justuak izan, historian hala jasoa gera dadin»

MERTXE URTUZAGA Otaegiren lehengusina

Urtuzagarentzat ere asko esan nahi du agiri ofizial baten bidez aitortza jaso izanak. «Guk bagenekien zer egin zieten eta nola izan zen epaiketa hura. Eta nahi genuen gobernuak aitortzea epaiketa haiek ez zirela justuak izan, historian hala jasoa gera dadin».

Garrantzitsua iruditzen zaie hori etorkizunerako ere: «Hura bizi ez zutenek ezagutu ere ez zituzten egiten, eta garrantzitsua da gaurko gazteek ere herri honetako historia hura nola izan zen jakitea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.