Lau adingabe dituen familia bat etxegabetuko dute abenduaren 18an, Izarran

Herritarrek erran dute familia alokairuan bizi zela, «baldintzak adostuta», eta «egun batetik bestera» jabeak akordioa «arbitrarioki» aldatu duela.

Izarrako bizilagunek agerraldia egin dute gaur arratsaldean. RAUL BOGAJO / FOKU
Izarrako bizilagunek agerraldia egin dute gaur arratsaldean. RAUL BOGAJO / FOKU
Isabel Jaurena.
2025eko abenduaren 12a
18:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Etxegabetze agindua iritsi zaio herriko familia bati, komunitatean eta bizitza sozialean errotua dagoen familia bati». Horrela mintzatu dira Izarrako (Araba) kontzejuko herritarrak gaur arratsaldean. Jakinarazi dute lau adingabe dituen familia bati etxegabetze agindua iritsi zaiola datorren ortzegunerako, hilaren 18rako.

Esplikatu dutenez, familia hori alokairuan bizi zen, «baldintzak adostuta». Bada, salatu dute «egun batetik bestera» jabeak «akordioa arbitrarioki aldatu» duela eta familia presionatu duela etxetik alde egiteko. «Aipatu beharra dago orain arteko egoerak ez diela modurik eman etxebizitzako bizilagunei eskubideak bermatuta edukitzeko, hainbat egoera irregular tarteko, eta euren zaurgarritasunaz baliatu dela etxejabea. Horrenbestez, egoera horren ondorioz, lau adin txikiko dituen familia bat kale gorrian gera daiteke», erran dute. 

Hala, herritarren irudiko, ez da kasualitatea familia migratzaile eta arrazializatuak izatea horrelako egoerak jasan behar dituztenak. «Pribilegio zuriaren ondorioz, filtro arrazistak jasan behar dituzte, ideia erreakzionario eta faxistak goraka doazen honetan». Nabarmendu dute, halaber, etxejabeek pertsona horien «egoera prekarizatua» baliatzen dutela etekina ateratzeko, «logika merkantilista gailentzeko» eta etxebizitzarekin «negozioa» egiteko. «Hori horrela izanik, Izarran bertan etxebizitzaren egoera ez da batere samurra inorentzat, eta are gutxiago aipaturiko sektoreentzat», zehaztu dute.

Horiek horrela, beharrezkotzat jo dute familiari alternatiba «erreal» bat ematearen alde borrokatzea, baita etxebizitzaren auziari aurre egiteko antolatzea ere. «Etxebizitzaren gatazkan posizionatzeko garaia da, eta hala egingo dugu Izarran ere, klase elkartasuna eta komunitatea oinarri izanda», erran dute. Kontziente dira ez direla «zerotik hasten», herrian bertan badagoelako horretan lan egiten duenik. Halere, «pauso bat harago» joan behar da, gaurko agerraldian parte hartu dutenen irudiko. Bide horretan sakontzeko batzar irekia eginen dutela iragarri dute: igandean 18:00etan, herriko kultur etxean. Bertaratzera dei egin diete herritarrei. 

Egunean hiru etxegabetze

Bien bitartean, Eusko Legebiltzarrean EAJren eta PSE-EEren etxebizitza legea onartu zuten atzo. Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kideak, berriz, parlamentuaren aitzinean bildu ziren, legearen kontra protesta egitera. Iker Narbona sindikatuko kideak salatu zuen arau horrekin «alfonbra gorria» jarriko dietela etxebizitzak eraikitzen dituztenei eta horiekin espekulatzen dutenei: «Ziklo eraikitzaile eta errentista berri bat abiarazi dezake. Horrela, EAJk eta PSE-EEk langile klasearen aurrezkiak enpresarien poltsikoetara transferitzeko neurriak onartu dituzte. Bitartean, egunero, hiru familia baino gehiago etxegabetzen dituzte Euskal Herrian».

Legebiltzarrean araua onartzen zuten bitartean, familia bat etxegabetu zuten Gasteizko Txikita kalean. Auzoan Bizi etxebizitza sindikatuak deituta, kontzentrazioa egin zuten arratsaldean, eta jendetza batu zen. Bertan kontatu zuenez, segizio judiziala eta Udaltzaingoa joan ziren etxebizitzara, eta, sindikatuko kideak negoziatzen saiatu baziren ere, entzungor egin zieten. Salatu zuten familiak ez zuela inongo prozesu judizialen berririk eta, beraz, ez duela izan defentsa juridikorako eskubiderik. «Familiari astebeteko ostatua eskaini diote gizarte zerbitzuetan. Guk argi dugu ostatuak ez direla etxebizitzarako alternatiba, eta etxebizitza duin eta iraunkorra exijitzen dugu etxegabetutako familiarentzat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.