39 boto alde eta 35 aurka. Onartuta geratu da Eusko Legebiltzarrean Etxebizitzaren, Lurzoruaren eta Hirigintzaren arloko Premiazko Neurriei buruzko Legea. Eusko Jaurlaritzaren lema duten EAJk eta PSE-EEk proposatutako legeak bi alderdien onespena baino ez du lortu. Oposizioko talde guztiek —EH Bilduk, PPk, Sumarrek eta Voxek— gogor kritikatu dute, eta aurka bozkatu. Oso argudio desberdinak azaldu dituzte batzuek eta besteek, baina denek uste dute ez duela konponduko euskal gizartean dagoen bizitegi krisialdi larria.
EH Bildu eta Sumar taldeek adierazi dutenez, premiazko neurriei buruzko legeak murriztu egin du esku hartze publikoa, eta horrekin batera, ingurumena zaintzeko bermeak laxatu dituzte. Halaber, kritikatu dute babes ofizialeko etxebizitzak egiteko gutxieneko kopurua ere murriztu izana. Hala, iritzi diote lege horrek jasotzen dituen neurriekin higiezinen sektoreari men egin diotela gobernuko kideek.
PP eta Vox, ordea, kexu azaldu dira «eredu interbentzionistegia» delako —gogor kritikatu dute tentsio handiko eremuen eredua—. Haien ustez, higiezinen sektore pribatuari muga gehiegi jartzen dizkiete.
Nolanahi ere, oposizioko talde guztiak ados jarri dira gauza batean: legebiltzarrean onartu berri den lege horrek ez duela lortuko etxebizitzaren prezioak jaistea.
EAJko legebiltzarkide Jonatan Monterok, ostera, mezu baikorra plazaratu du. Esan duenez, lege horrek aukera emango du «etxebizitza gehiago eta azkarrago eraikitzeko», eta mezu itxaropentsua bidali die etxebizitza lortu ezinik dauden gazte horiei: «Badago irtenbidea».
PSE-EEko Eneko Anduezak defendatu du legea sutsuen —Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Saila bere alderdiaren esku dago—, eta legearen garrantziaz ohartarazi du: «Ez da edozein lege, legealdi honen lehen lege handia da».
Anduezak azaldu duenez, presazko neurrien legearen bidez eraikitzeko zenbait hirigintza prozedura malgutzen dira, etxebizitzen eraikuntza sustatu eta azkartu nahian. Horien artean hauek nabarmendu ditu: babestutako etxebizitza kopuruaren jaitsiera —egun %75ekoa da eta lege berriak %60era jaisteko aukera ematen du—, Jaurlaritzaren lurzoruaren erreserba estrategikoa sortzea, hirigintza tramiteen azkartzea, pisu turistikoen kontrola areagotzea eta maizterren babesa handitzea.
Atzerapausoa
EH Bilduk, hain zuzen ere, salatu du neurri horien ondorioz atzera egiten ari dela etxebizitza merkatua arautzeko politiketan. Xabier Astigarraga legebiltzarkidearen hitzetan, «atzerapausoa da, higiezinen lobbyaren interesen araberako legea da». Adierazi duenez, tramiteak azkartzeak «kontrol mekanismoak leuntzea ekarriko du, eta ingurumen bermeak arriskuan jarriko ditu».
Sumarreko Jon Hernandezek ere bat egin du interpretazio horrekin. «Lege horren asmoa da negozio gisa ulertzen dutenen exijentziei jaramon egitea, ez dauka espekulazioaren aurka borrokatzeko inolako asmorik». Etxebizitza sustatzaileak, eraikitzaileak eta banketxeak izango dira onuradun nagusiak, Hernandezen ustean.
Justu kontrako iritzia agertu du PPko legebiltzarkide Ana Moralesek. Haren hitzetan, erdizkako konponbideak proposatu dituzte lege horretan, eta kexu da «eraikitzeko muga asko» daudelako oraindik ere. Bestalde, Jaurlaritzari egotzi dio zentralismoz jokatzea etxebizitza babestuen gutxieneko kopuruari dagokionez. Moralesek proposatu du udalei ematea zenbat etxebizitza sozial eraiki nahi duen erabakitzeko ahalmena.
Patronalarekin lerratuta
LAB sindikatuaren arabera, gaur legebiltzarrean onartu duten legeak orain arteko etxebizitza politikan sakonduko du: «Etxebizitzarekin negozioa egiten dutenek etekinak handitzeko neurriak hartuko dituzte». Lege berriak, LABen esanetan, ez du aipatzen inolako neurririk «hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzeko presio fiskalaz, negozioa egiteko bahitutako pisu turistikoez eta sasoiko alokairuez». Beste behin ere, erantsi du sindikatuak, «EAJk eta PSEk patronalarekin lerratzeko erabakia hartu dute».
Etxebizitza Sindikatu sozialistak protesta egin du
Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kideak, berriz, Eusko Legebiltzarraren aitzinean bildu dira, onartu duten legearen kontrako protesta egitera. Iker Narbona sindikatuko kideak salatu du arau horrekin «alfonbra gorria» jartzen dietela etxebizitzak eraikitzen dituztenei eta horiekin espekulatzen dutenei. «Ziklo eraikitzaile eta errentista berri bat abiarazi dezake. Horrela, EAJk eta PSE-EEk langile klasearen aurrezkiak enpresarien poltsikoetara transferitzeko neurriak onartzen dituzte. Bitartean, egunero, hiru familia baino gehiago etxegabetuak dira Euskal Herrian», erran du.
Azpimarratu du pertsona horien eskuak etxebizitza politiketatik atera behar direla, eta langile klase antolatuak erabaki behar duela «bere interes kolektiboetan oinarrituta, zer eraikitzen den eta nola banatzen den».