Lau gizon atxilotu dituzte, genero indarkeria egotzita

Gaur amaitzen da EAEn genero indarkeriaren biktimek diru laguntzak eskatzeko duten epea

Erredakzioa
Bilbo
2011ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Igaro orduetan ertzainek lau gizonezko atxilotu dituzte Bilbon, genero indarkeria leporatuta. Lehendabiziko atxiloketa asteazken goizaldean jazo zen, Gorte kalean. Ertzainek, Herrizaingo Sailaren arabera, bikote bat eztabaida sutsuan ikusi zuten; emakumea oso urduri zegoen, eta oihu egiten zion gizonari, arren bakean uzteko eskatuz. Aurrerago, gizonak andrea besotik oratu zuela ikusi zuten, eta ez ziola alde egiten uzten. Orduan jo zuten ertzainek gizona atxilotzera. Emakumeak bere bikotekidea zela azaldu zien, eta haren erasoak eta mehatxuak jasan zituela. Ustezko erasotzaileak 29 urte ditu.

Asteazken arratsaldean, berriz, bi gizon atxilotu zituzten. Santutxu kalean 26 urteko gizon bat atxilotu zuten. Lekuko baten bidez jakin zuten gizon bat emakume bati oldartu zitzaiola. Erasoa jazo zen tokira iritsi zirenean, ertzainek jakin zuten ustezko erasotzailea emakumearen bikotekidea izandakoa zela. Herrizaingo Sailaren arabera, urruntze agindua urratu egin zuen emakumearengana hurbiltzeko. Bigarren atxiloketan 30 urteko gizonezko bat eraman zuten ertzainek polizia etxera. Bikotekide ohiaren kontrako erasoa egotzi zioten, eta autoritatearen kontra egitea ere bai.

Ostegun goizaldean jazo zen azken jazoera. 42 urteko gizon bat eraman zuten ertzainek atxilotuta. Emakume batek hots egin zien ertzainei; etxera agertzeko eskatu zien, senarra etxera hordituta joan zela azaldu zien, eta jo egin zuela. Jazoeraren lekura heldu zirenean emakumeak esplikatu zien aurrena gizonak aurpegira giltza batzuk bota zizkiola eta ondoren kolpe bat eman ziola buruan. Gizona atxilotzera jo zuten berehala ertzainek, eta oldartu egin zitzaien orduan ustezko erasotzailea; ostikoka eta buruarekin kolpeak emanez egin zien eraso.

Laguntzak

Gaur amaituko da Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak genero indarkeriaren biktimentzako ematen dituen diru laguntzak eskatzeko epea. Laguntza horien bidez, gutxieneko sarrera ekonomiko bat ahalbidetu nahi die genero indarkeria jasaten duten emakumeei, modu horretan erasotzailearen ondotik alde egiteko. Izan ere, sarri iturri ekonomiko propioen faltak zaildu egiten du biktimek salaketa jarri eta erasotzailearekin duten harremana eteteko prozesua. Azken xedea, andreak lan munduan sartzea da.

Laguntza hori, ordea, ezin dute nahi duten biktima guztiek kobratu. Hilean gutxieneko soldataren %75 baino gutxiago jasotzen duten emakumeentzat da; horrez gain, lan munduan sartzeko zailtasunak dituztela frogatu behar dute, eta aurretik ez dutela halako laguntzarik inoiz jaso. Orotara 230.000 euro ditu Eusko Jaurlaritzak esleituta laguntza hauen bitartez banatzeko.

Laguntza, sei hilabetez jasoko dute emakumeek, eta beren ardurapean haurrak edo beste senitartekoren batzuk dituztenek, berriz, hamabi edo hemezortzi hilabetez. Era berean, ezgaitasunen bat duten biktimek ere, laguntza denboran luzatzeko aukera izango dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.