Lurrikara bat antzeman dute bart gauean Araban. Espainiako Institutu Geografikoak jakinarazi duenez, dardara Richter eskalako lau gradukoa izan da, eta Iruña Okan izan du epizentroa: Araban sekula erregistratutako jarduera sismikorik handiena izan da; orain arteko handiena 1965ean izan zen, eta 3,8 gradukoa izan zen. 00:10 aldera gertatu da lurrikara, eta Gasteizen eta Arabako herri ugaritan nabaritu dute, baina baita Bilbon, Nafarroako Erriberan eta Tolosaldean (Gipuzkoa) ere.
Eusko Jaurlaritzak ordu bata pasatuta eman du gertatutakoaren berri. Jakinarazi dutenaz, inor ez da zauritu eta ez dago ondasun materialik kaltetuta. Lurrikara jazo ondoren 143 dei erregistratu dituzte Eusko Jaurlaritzaren Larrialdiak Koordinatzeko Zentroan. Gobernuak gaineratu du ez duela erreplikarik espero, eta egongo balira ere txikiagoak liratekeela, herritarrentzat «hautemanezinak» izateraino. Era berean, SOS Deiek lasai egoteko eskatu diete herritarrei, eta informazioa soilik bide ofizialetatik jasotzeko.
Dardara sentitu eta berehala, gauerdia pasatua zela, herritar ugari irten dira kalera. Sareetan eta jarduera sismikoen berri ematen duen EMSC Europako-Mediterraneoko Sismologia Zentroaren webgunean, lurrikara nabaritu duten herritar batzuek azaldu dute oso motza izan dela, bizpahiru segundokoa, baina eztanda baten tankera hartu diotela hasieran.
Halere, neurri horretako jarduera sismikoa ez da hain ohikoa Araban; azken aldiz gertatutako lurrikara 2007an izan zen, eta Poben izan zuen epizentroa. Euskal Herrian erregistratutako lurrikara gehientsuenak Nafarroan gertatu ohi dira, azken asteetako datuek erakusten dutenez: azaroan Euskal Herrian erregistratutako 42 dardaretatik lau baino ez dira izan Nafarroatik kanpo, eta ia denak bi gradutik beherakoak. Azken egunetako nabarmenena Donibane Garazin gertatu zen, azaroaren 22an, eta Richter eskalako 2.7 gradukoa izan zen.

Euskal Herriaren historian erregistratutako lurrikaren artean milatik gora dira bi gradutik gorakoak, eta gaur Iruña Okan epizentroa izan duenaren maila bertsukoak hogei bat izan dira. Lizarragan (Nafarroa) 1998ko urriaren 27an gertatutakoa da orain arte erregistratutako handiena; 5.2 gradukoa izan zen.