Lau lagun atxilotu dituzte Jaso ikastola zaharraren eraikinean arma zuriekin erasoak egitea egotzita

Sutea piztu zen atzo, eta horren aitzinetik, heregun, istilu bat izan zela jakinarazi du Foruzaingoak. Haren hipotesien arabera, eraikinean bizi ziren gazte migratzaile batzuen arteko liskarra izan zen, eta horrek eragin zuen biharamuneko sutea.

Jaso ikastola zaharrean bizi zen gazte migratzaile bat, joan den urteko maiatzean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Jaso ikastola zaharrean bizi zen gazte migratzaile bat, joan den urteko maiatzean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Iratxe Muxika
2026ko abuztuaren 27a
15:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sutea piztu zen atzo Iruñeko Etxabakoitz auzoan, lehen Jaso ikastolarena zen eraikinean. Eta, gaur, leku berean jazotako gertakari baten berri eman du Foruzaingoak: sutearen bezperan, herenegun, istilua egon zen ikastola zaharrean, eta gaur lau pertsona hartu dituzte atxilo, arma zuriekin erasoak egin izana leporatuta. Bertze lau pertsona, berriz, ospitalera eraman dituzte.

20:30 aldera jaso zuen atzo deia Foruzaingoak, eraikinean liskarrak zeudela erranez. Ikastola zaharrera ailegatu zirenean pertsona bat ikusi zuten lurrean, «zaurituta eta odola zeriola», esplikatu dute agenteek. Eta egin zituzten beren hipotesiak: «Nahiko maiz, beste egoiliar batzuek indarkeria erabiltzen dute bizilagunei dirua eskatzeko. Baina ez hori bakarrik: janaria eta bestelako gauzak ere lapurtzen dizkiete han bizi direnei». Alegia, Foruzaingoaren ustez, litekeena da bizikideen arteko liskarra izatea herenegungoa, eta horren ondorioz piztu izana atzoko sutea.

Larrialdi zerbitzuek 14:47an jaso zuten herenegun sutearen gaineko abisua, eta hustu egin zuten eraikina: barnean bizi ziren etxegabeak eraikinetik atera zituzten, hiru bat dozena. Inor ez zen zauritu.

Lekukoen testigantzak baliatuta, gaur lortu dute istiluaren ustezko egileak identifikatzea, eta lau horiek kartzelatzeko eskatu du Foruzaingoak. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA