Sutea piztu da gaur arratsaldean garai batean Iruñeko Jaso ikastolarena izandako eraikinean, Etxabakoitz auzoan. Barruan bizi ziren etxegabeak eraikinetik aterarazi dituzte, hiru dozena inguru. Larrialdi zerbitzuek 14:47an jaso dute sutearen inguruko abisua, eta suhiltzaileak bertan daude. Anbulantziak ere joan dira. Oraindik ez dute zehaztu norbait zauritu den ala ez. Suteak kalteak eragin ditu eraikin ia osoan.
Aurtengo urtarrilean bertan beste sute bat izan zen eraikinean, eta orduan ere hustu egin zuten. Etxegabeak bizi dira bertan. Eraikina eraisteko ebazpen judizialaren zain daudela esan zuen Txema Mauleon Iruñeko Ekintza Sozialeko zinegotziak urtarrilean. Gehitu zuenez, prestatzen hasiak dira eraikina hustu behar izanez gero han bizi direnei laguntza emateko, «eskura ditugun baliabideen arabera».
Ikusi gehiago
Dar Etxea elkarteak agerraldi bat egin zuen iazko azaroan, eta salatu garai bateko Jaso ikastolaren eraikinean bizi ziren dozenaka gazte migratzaileren egoera «dramatikoa» zela. Udalak etxegabe horiekin duen jokabidea gaitzetsi zuten: «Udalak badaki etxegabe ugari egoera tamalgarrian bizi direla, hala Arga ibaiaren ertzetan nola Jaso ikastolaren hondakinen artean, eta haren estrategia haiek abandonatzea eta kriminalizatzea da».