Laugarren aste hondarrez segidan jende franko bildu da Baionan bizitzaren garestitzearen kontra eta justizia sozialaren alde antolatu mobilizazioan. Joan den ebiakoitzetan baino jende gutiago ibili da: 2.000 manifestari inguru ziren karriketan. Urriaren 17az geroztik, sindikatuek baizik ez diete manifestatzeko baimena galdegiten ahal prefeturari, eta gaurkoa baimenik ukan gabe egin da. Geltokitik hasi eta hiri erdigunea pasaturik Saint Leon biribilgunera joan da jende andana eta herriko etxe ondoan finitu da manifestazioa. Poliziarekin istilurik ez da izan.
Lizeotarren manifestazioek hasi duten mobilizazio fasetik aldarrikapen eta kantu konkretu batzuk behin eta berriz entzun daitezke geltokitik abiatu bezain fite. Sare sozialetan eta gazteen artean bereziki honakoa bihurtu da birala: «Kaka Bardelarentzat, pixa nazientzat eta gorotza faxistentzat».Â
Estatua, poliziak eta fatxak eraitsi eta Mundu guziak gorroto du Polizia leloen oihartzunak entzun dira nagusiki San Izpiritutik Baiona Ttipirako bidean. LFI, Lutte Ouvriere, CGT eta IEHKS bezalako eragileen pankartak ikus zitezkeen abiatzean eta horiez gain, orotariko herritarrek manifestatu dute. Jende tropak hainbat itzuli eman ditu lehenik Baiona Handian, eta herriko etxera buruz abiatu delarik, hogei polizia jarri dira manifestarien parean eta ondorioz Baiona Ttipira joan da protesta.

Hara joateko bidean zegoen Georges, CGT sindikatuko kidea. Mobilizazioen hastapenetik manifestatu duela azpimarratu du, eta karrikara jaisteko zergati franko agerian eman ditu. Emmanuel Macron Frantziako presidentearen gobernuaz nazkatua dela adierazi du. «Ez du batere jendea entzun, Frantziako Estatua bortizki tratatu du eta gainera legeak bortxaz pasarazi ditu, eta horregatik jendea da kexu». Gainera, zehaztu duenez, pertsona ultra aberatsak lagundu dituenez zerbitzu publikoa «hezurretan» eman duela nabarmendu du. «Jendea biziki nazkatua da, eta erantzuna da Polizia igortzea», gehitu du, kexu.
«Emmanuel Macronek ez du batere jendea entzun, Frantziako Estatua bortizki tratatu du eta gainera legeak bortxaz pasarazi ditu, eta horregatik jendea da kexu»
GEORGESÂ CGT sindikatuko kidea
Hortik metro batzuetara, sorbalda gainean gurutze gorriak dituzten pertsona talde bat bildu da San Andres eliza atarian, manifestazioa joan bizkitartean. Lau aste hondarrez manifestazioetan ibili diren «karrika medikuak» dira, eta talde horren parte dira Amaiur eta Paula. Haien erranetan, urriaren 17ko mobilizazioak baino zertxobait lehenago hasi ziren antolatzen. «Lizeoko mobilizazioetan bortizkeria handia ikusi genuenez Ipar Euskal Herrian antolatzen hasi ginen materiala bilduz lehen-lehenik».
«Gaizki» iragan daitezkeen egoerak aurreikusten ditu talde horrek, eta Poliziaren jarrera analizatzen entseatzen direla kontatu dute. Horrez gain, talde ttipitan ibili ohi dira manifestazioan barna, eta gehienetan jende zaurituari laguntza eskaintzen diote. «Kasu gehienetan negar gasak eragiten dituenak kudeatzen ditugu, hots, antsietate krisiak, arnas arazoak edo begietako mina. Bertzalde, LBD pilotek eragin zauriak edo matraka kolpeak ere sendatzen entseatzen gara», gehitu dute.
Garapen «bete-betean» dago taldea, eta mobilizazioa hauetarik aparteko manifestazioetan ere parte hartuko dutela segurtatu dute. Izan ere, azaroaren 28an Canon Francais eskuin muturreko enpresak antolatuko duen ekitaldiaren kontrako mobilizazioetan ere presente izanen dira. «Taldea egonkortu eta Ipar Euskal Herrian sortuko diren mobilizazio handietan parte hartzeko prest egon nahi dugu, eta zerrendan hurrengoa Canon Francais da».
«Kasu gehienetan gas negargarriak eragiten dituenak kudeatzen ditugu, hots, antsietate krisiak, arnas arazoak edo begietako mina»
Amaiur Karrika medikua
Hori erran orduko, lasterka joan dira manifestazioa Saint Leon biribilgunera buruz abiatu delako. Jende kopuruaren erdia baizik ez da arribatu harat, eta zirkulazioa berehalaxe blokeatu dute bide gainean jarriz. Polizia biribilgune bazterretara hurbildu da baina ez da neholako istilurik izan.Â

Ondotik denak altxatu eta herriko etxe ondora jeitsi dira eta eserialdia egin dute han. Poliziarekin elkarrizketak hasi dituzte eta manifestariek kaskoak kentzeko eskatu diete manifestazioari bukaera emateko. Minuta batzuen buruan agenteek kaskoak kendu ondoan, txaloak entzun dira, eta bakoitza bere aldetik joanaz finitu da egungo mobilizazioa.Â