Alexis Juret gaur arratsaldean epaitzekoa dute, Baionako Auzitegian. Ez du lehen aldia justiziaren aitzinean, baina aldi honetan ez da bere emaztearen erailketa eta desagerraraztea egozten zaiolako, baizik eta lankide bati fisikoki eraso izanagatik. 2024ko apirilean iragan ziren gertakariak, biak Baionako Louis de Foix lizeoan lanean ibiltzen zirela: Fisika eta Kimika irakaslea zen Juret, eta teknikaria, berriz, salaketa jarri duen emaztea. Teknikariak materiala behar bezala prestatu ez ziolakoan, gizona haserretu eta lankidea lepotik hartu zuen eskuekin, ito nahian.
Laure Zacchello urruñarra iazko ekainaren 20an desagertu zenetik preso dago Alexis Juret. Prokuradoreak ez zuen pistarik baztertu nahi, baina ezkor zegoen Zacchelloren zoriari buruz. Gizonezkoa galdekatu eta preso sartu zuten handik egun batzuetara. Joan den abenduaren 31n Paueko Auzitegian deklaratu zuen Juretek, bere abokatuarekin batera. Orduan bigarrenez galdegin zuten atxilotua aske uzteko, eta ezezkoa jaso zuen, bigarrenez: iazko ekainean ere gauza bera eskatu zuen, baina epaitegiak eskaera ukatu zion aldi hartan ere. Behin-behineko atxiloaldian dago Mont-de-Marsango espetxean, Frantziako Landetan.
Senarrak bezala, 43 urte ditu Zacchellok; «ezkondua eta dibortzio bidean» da, Bourrier prokuradoreak zehaztu zuenez. Senarrak eta biek hiru haur dituzte, 5, 7 eta 9 urtekoak.