Ez du askorako eman, baina sinbolikoki badu garrantzia. Eskualde eta Herri Solidarioak (RPS) alderdiko ordezkaritza bat Sebastien Lecornu Frantziako lehen ministroarekin bildu da Parisen. Peio Dufau EH Baiko diputatuaren hitzetan, «lehen aldia» da Frantziaren meneko lurralde zapalduetako hautetsiekin halako bilkura bat antolatzen dutena. Harekin batera, Paul Molac Bretainiako diputatua, François Alfonsi Korsikakoa eta Jean Georges Trouillet Alsaziakoa izan dira. Deszentralizazioaz eta hizkuntzaz jardun dute nagusiki. Berriz elkartzekotan gelditu badira ere, beha gelditu da Dufau: «Ez dut gauza handirik itxaroten».
Diputatu abertzalearen hitzetan, Lecornuk berak erran die Frantziako V. Errepublikan inoiz izan den lehen ministrorik «ahulena» dela. «Ez du gehiengorik, ezta aurrekonturik ere». Azken egunetan, hainbat elkarrizketa egiten ari da Frantziako Asanblean ordezkaritza duten alderdiekin, ezkerrekoek hitzeman duten haren kontrako zentsura mozioa eragotzi nahian. Baina bilkuraren asmoa ez zen diputatu abertzaleen babesa eskuratzea, iritzien berri izatea baizik.
Peio Dufauk EH Bairen autonomia proposamena aurkeztu dio, eta Batera plataformaz ere aritu zaio, zeina estatus bereziko lurralde elkargoaren alde berpiztu den. Azken urteetan iragandako prozesuaren jakitun zen Lecornu, eta adierazi dio Ipar Euskal Herrian lurralde aitortzari buruz adostasun zabala lortuko balute Parisen ez lioketela aterik itxiko.
EKE Euskal Kultur Erakundearen eta EEP Euskararen Erakunde Publikoaren egoerak eta horrek sortu duen «haserre handia» ere aipatu dituzte. Baina Frantziako lehen ministroak ez du engaiamendurik hartu. «Adierazi diogu hizkuntzei begira Frantziako Konstituzioaren 2. artikulua aldatu behar dela, eta ez da kontra agertu, baina erran du horri buruzko gehiengo bat behar dela», esplikatu du Dufauk.
Bilkuratik ateratzean «mesfidati» agertu da EH Baiko diputatua. «Hitzak baizik ez dira, eta, gainera, hitz gutxi izan dira».