«Legea edo zilegitasuna» aukeratzeko deia EAJri

Urtza Alkortaren atxiloketagatik protesta egin dute EH Bildukoek osoko bilkuran, elastikoak jantzita

Edurne Begiristain.
Gasteiz
2013ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Urtza Alkortaren atxiloketak erreakzio soka luzea ekarri du. EH Bilduk ez gainerako legebiltzar taldeek babestu egin dute Ertzaintzaren jokabidea. Koalizio subiranistak, ordea, gogor kritikatu du Ertzaintzak Ondarroan emandako irudia eta Iñigo Urkullu lehendakariari eta EAJri «legediaren edo zilegitasunaren» artean hautatzeko eskatu die. Julen Arzuaga legebiltzarkidearen esanetan, herri harresia osatu zuten pertsonak «era baketsuan eta eredugarrian» saiatu ziren atxiloketa eragozten. Hori dela eta, Ertzaintzaren jokabideari buruz Legebiltzarrean azalpenak emateko eskatu dio Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuari.

Alkortaren atxiloketa presente egon zen atzo Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran, saioa hasi orduko. EH Bilduko legebiltzarkideek Ondarroan egindako herri harresia gogoan izan zuten propio jantzitako elastikoekin, Herri harresia aurrera! lelodun kamisetak soinean izan baitzituzten koalizioko legebiltzarkideek saio osoan.

Julen Arzuagak preso politikoen gaiaz jardun zuenean ere Alkorta izan zuen gogoan. Espetxeetan ideiengatik preso dauden euskal herritarrak badaudela eta horietako askok torturapean lortutako autoinkulpazioengatik daudela preso adierazi zuenean, Alkorta horietako bat dela azpimarratu zuen. Gazteak Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuari zuzendutako eskutitz bat irakurtzeari ekin zion Arzuagak orduan: «Ni Urtza Alkorta, 2010eko urtarrilaren 18an atxilotu ninduten. Orain zuk zuzentzen duzun sailaren aginduetara zeuen ertzainek eman zizkidaten tratu txarren ondorioz...». Une horretan kexuka hasi ziren PPko legebiltzarkideak eta Bakartxo Tejeria presidenteak hitza kendu zion Arzuagari, atxiloketaren gaia «behin eta berriz» errepikatzen ari zela argudiatuta. Amaitu egin zuen, hala ere, EH Bilduko legebiltzarkideak gutuna: «Behin betiko gatazka konpontzeko aukera dagoen honetan denon konpromisoa behar da horretarako».

EH Bilduren aurka

EAJtik Joseba Egibarrek gogor erantzun zion EH Bilduri esanez indarkeriaren aurkako «erresistentzia pasiboko ekintza horiek» duela bost edo hamar urte ETAren indarkeriaren aurka egin izan balituzte, gaur egoera bestelakoa litzatekeela. Bere ustez, gazte askok kartzelan baldin badaude ETAk indarkeria lehenago amaitzeko erabakirik ez duelako hartu izan da: «Iraganean hartutako erabaki okerren ondorio da hori».

Bestalde, PSEk, PPk eta UPDk azalpenak eskatu zizkieten lehendakariari eta Segurtasun sailburuari, uste dutelako Laura Mintegi EH Bilduko legebiltzarkidea Ertzaintza «beldurtzen» saiatu zela Ondarroan atxiloketarik egin ez zezan, eta Segurtasun sailak aldez aurretik jakinarazi ziola Mintegiri bertan egin behar zuen polizia operazioa. Horrez gain, PSEk, PPk eta UPDk txalotu egin zuten Ertzaintzak atxiloketan erakutsitako jokabidea.

Garitanoren erantzuna

Bestalde, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak uste du «zentzugabea» dela Urkulluk Alkortaren atxiloketaren inguruan esandakoa. Gizartean tentsioa sortzea egotzi zion Urkulluk EH Bilduri, eta hitz horiek kritikatu ditu Garitanok. «Uste dut ezker abertzaleak, azken urteetan, sarri erakutsi duela Euskal Herriak duen arazo politikoari irtenbidea bilatzeko nahia».

Jaurlaritzak Alkorta atxilotzeko agindua bete izana deitoratu du, halaber: «Legeak bidegabeak direnean, agintari batek ez ditu bete behar». Are, gogorarazi du Alkortak torturak salatu zituela eta horren ondorioz inkulpatu zuela bere burua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.