Aurreko astean Nafarroako Gobernuko bi kontseilari kargugabetu zituen Maria Txibitek ustekabean, eta horren zergatiari buruz galdetu diote EH Bilduk, PPk eta Voxek, parlamentuko gaur goizeko kontrol saioan. Lehendakariak argi utzi nahi izan die legealdia amaitzeko asmoa duela eta gobernuaren ekinbidea «bizkortzeko asmoz» egin duela aldaketa.
Aurreko astean egin bezala, komunikazioari ere erreparatu nahi izan dio. «Egiten duguna ere hobeto azaldu nahi dugu. Gogorarazi egin behar da zergatik egiten diren gauzak; izan ere, sarritan buru-belarri aritzen gara kudeaketan, eta ahaztu egiten zaigu herritarrei azaltzea zergatik egiten ditugun gauzak. Eta politika horixe da: egitea, eta egiten duzun hori printzipioen, baldintzen, munduko ikuskera baten eta Nafarroa ulertzeko modu baten arabera egitea», azaldu du. Era berean, aipatu du kudeaketak denbora luzea eskatzen duela. «Denbora gehiago eman behar dugu gauzak zergatik egiten ditugun azaltzen».
EH Bilduk, zehazki, galdetu dio zer esan nahi zuen gobernuari «bultzada politiko» bat emateak. Txibitek adierazi du gobernuak akordio programatiko bat duela eta hura gauzatu nahi duela. Halaber, EH Bildurekin «aurrekontu akordioak» ditu: «Horiek ere aurrera eramango ditugu». Besteak beste, legealdia amaitzeko geratzen diren hamalau hilabeteetan industria legea, osasunaren legea, despopulazioaren legea eta errenta bermatuaren erreforma onartu nahi dituzte. «Adibide batzuk besterik ez dira, adierazteko gai zehatz horietan erritmoa azkartu nahi dugula, eta konpromiso politikoa bete».
Laura Aznalek gogorarazi dio EH Bilduk jarraituko duela parlamentuko jardueraren bidez gobernuaren ekinbidea «kontrolatzen eta zuzentzen». «Legealdia amaitzeko urtebete geratzen da, eta gure akordioak betetzea izango da gure ekintza politikoaren lehentasuna». Adibidez, aipatu du udal maparen legea ez dela ezarri, oraindik egiteke dagoela Foruzaingoaren zabaltzea, eta trafikoaren eskumena ere ez dela oraindik erabat transferitu. «Aurpegi aldaketak baino, gure akordioak betetzen direla errazteko politikek inporta dute». Esan du gobernua «ongi etorria» dela baldin eta horretarako balio badu.
Txibitek PPri azaldu dio arazoa ez dela gobernuan aldaketak egitea, baizik eta akordioetara iristeko ezintasunaren ondorioz arazo politiko hori herritarren bizkar gainean uztea. «Hori egiten du PPk beste erkidego batzuetan. Ez dira gai aurrekontuak aurrera ateratzeko, eta bozak aurreratu behar dituzte». Ildo horretan, adierazi dio Nafarroan hauteskundeak 2027ko maiatzean egingo direla. «Zuen etengabeko erasoek ez dute lortu gobernua eroraraztea, alderantziz baizik. Sendotu egin dute».
PPko Javier Garciak aipatu du gobernu aldaketa amaieraren hasiera besterik ez dela. «Botereari eutsi nahi diozu, eta zure posizioa luzatu, baina zilegitasunik gabe geratu zara». Jose Maria Aznarrek duela 30 urte ezagun egin zuen aipua erabili du Txibiteren aurka: «Joan zaitez, Txibite anderea, Nafarroaren interes orokorraren mesedetan».
Kontseilariak babestu ditu
Kontrol saioan, UPNk galdetu dio ea neurririk hartuko duen «legea eta etika publikoa urratzen dutenen aurka». Beste behin ere, Cerdan auzia aipatuz, ustelkeriari buruzko susmoak zabaldu ditu Javier Esparzak. Txibitek gogora ekarri du gaur egun auzi judizialak ez duela ikertu kontseilari bakar bat ere. «Oso lasai nago. Badakit kontseilari bakar batek ere ez duela deliturik egin».
Halaber, errepikatu du ekainean Guardia Zibilaren UCO Unitate Zentral Operatiboak txostena kaleratu zuenean kontratazio, adjudikazio eta tramitazio ororen gainean «gardentasun osoa» exijitu zuela gobernuak. «UPN ez da gardentasunaren adibide. Bere gobernuak ez zuen garbi jokatzen adjudikazio publikoekin». Ustelkeriari buruzko susmoak zabaltzen aritzea leporatu dio Txibitek UPNri. «Nafarroaren irudi ona zikintzen ari zara, eta UPNren aurka itzuliko da hori».
UPNko Javier Esparzak bere bidetik jo du. Haren esanetan, legealdi amaiera «ustelkeriaren albisteek» markatuko dute. «Barkabera izan zara Cerdan eta enparauen ustezko ustelkeriarekin. Lehenik ukatu egin zenuen, gero irain egin zenigun, gero oztopatu egin duzu, eta orain ustelkeria sareak Nafarroan egin duena estali eta justifikatzen duzu».