Ibilera arinarekin iritsi da Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria Andoaingo Martin Ugalde parkera (Gipuzkoa), BERRIAÂ egunkariaren egoitza nagusira. Traje urdina eta alkondara urdin argia. Gorbatarik ez. Aterkirik ere ez euri tanta herabeetatik babesteko. Zain ditu Amagoia Mujika BERRIAko zuzendaria, Jose Luis Aizpuru BERRIA Taldeko presidentea eta Elene Barandiaran kontseilari ordezkaria. Baita Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua ere.
«Egun on, zer moduz?», galdetu die Pradalesek. Hari ere egin diote galdera bueltan, eta zera erantzun die: «nekatuta, oporrak behar ditut», erantzun die. Euripean atera dute argazkia. BERRIAren egoitzara sartu dira, Joxemi Zumalabe eraikinera, ate nagusitik. Pradalesek atean ez ditu ikusi, jada ez daudelako, urte askotan ate nagusian egon diren bi zulo, Espainiako Guardia Zibilak 2003ko otsailean eginak, giltzarrapo bat jarri eta Euskaldunon Egunkaria itxita uzteko.
Bertatik bertara ezagutzeko
Ez da ohikoa Euskal Herriko hiru eremu administratiboetako agintari nagusiek BERRIA bisitatzea. Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakaria izan zen lehena, 2005eko azaroaren 30ean. Ibarretxek abiatu zuen Martin Ugalde Foroa. Ia hogeita bat urte geroago etorri da Pradales. «Niretzat garrantzitsua da gure herriko eragile ezberdinak bisitatzea, eta kasu honetan baita BERRIA ere, ez bakarrik euskaraz egiten delako, baita euskaratik egiten delako ere», adierazi du. Gertutik ezagutu nahi izan ditu proiektuaren eguneroko martxa eta etorkizuneko proiektuak. «Hainbat komunikabidetara» jotzen du egunero, informatzeko. «Euskarazkoetara ere bai», zehaztu du.
«Niretzat garrantzitsua da gure herriko eragile ezberdinak bisitatzea, eta kasu honetan baita BERRIA ere, ez bakarrik euskaraz egiten delako, baita euskaratik egiten delako ere»
IMANOL PRADALESÂ Eusko Jaurlaritzako lehendakaria
Martin Ugalde kultur parkean dago BERRIAren egoitza nagusia. Martin Ugalde politikari, kazetari eta idazlearen izena eta izana biltzen dituen lekua. Garai batean Laborde fabrika izandakoa. Barautsak, fresak... egiten zituzten. Gaur egun ere fabrika da, kazetaritza lantegia, sormen industria, euskaraz.
Erredakzio isila
BERRIA Taldeko arduradunekin bildu da aurrena, eta erredakzioa bisitatu du gero. Erredakzio isila topatu du. Isiltasuna ez da Pradalesen bisitagatik, erredakzio isila da BERRIArena. Aspaldi desagertu zen garai bateko erredakzio zaratatsua. Gaur egungo teklatuek garai batekoek baino soinu gutxiago ere ateratzen dute. Ohi baino mahai txukunagoak topatu ditu. Hori bai, hori Pradalesen bisitagatik izan da.
Goizeko txandako kazetariak, zuzentzaileak, diseinatzaileak eta programatzaileak lanean ari dira. Kazetari batzuk webgunerako albisteak idazten, besteak lanak aurreratzen. Arnasestua batzuek, arnas luzea besteek.
«Hauxe da gure etxearen zati bat», egin dio ongi etorria erredakzioan Eider Goenaga Lizaso zuzendariordeak. Mujikak eta Goenagak etxeko sail guztiak erakutsi dizkiote, eta Pradalesek kazetariak agurtu ditu. Gertuko jarrera izan du haiekin.
Zurinaga, Trump eta Lujanbio
Asier Zurinaga Urdaibaiko patroiaren elkarrizketa topatu du Ekain Tolaretxipi Errazti Kiroletako kazetariaren ordenagailuaren pantailan. Pradales arraunlaria izan zen, Santurtzin (Bizkaia). «17 urtez», zehaztu du. Ezagutu zuen Zurinaga. «Aspaldi», gogoratu du, «hark 18-19 urte zituen [55 ditu orain]».
Gasteizko Jazzaldiaz idazten ari dira Kultura-n. Udako jaialdien errepasoa egin du Pradalesek. Sanferminez eta Baionako bestez hitz egin du Bizigiro sailekoekin. Donald Trump AEBetako presidentea agertu da, nola ez, Mundua sailekoekin izandako elkarrizketan. Editoreak aurkeztu dizkiote. «Hauek dira lerro informatiboa zehazten dutenak?», galdetu du. Ikus-entzunezkoen sailekoak Euskal Herriko Bertsolari Txapelketari buruzko dokumental bat prestatzen ari dira. «Nor da faboritoa? Maialen [Lujanbio]?», galdetu die.
Egunkariaren edizio sistema erakutsi diote. Diseinukoek egindako lan berezietako batzuk ere bai. Ekonomia-ko kazetariena hurbiltzean, «hauek dira serioak?», galdetu die, ironia baliatuz. «Zein da eguneko albistea?», interesatu da. «Volkswagenen etorkizuna», erantzun diote. Gehitu dute oraingoz ez dagoela berritasunik Landabengo lantegiaren etorkizunaz. Pradalesek Mercedesen Gasteizko lantegiaz hitz egin die: «Furgoneta elektriko berria aurkeztu zutenean Mercedeseko zuzendari nagusiak [Ola Kallenius] esan zidan Gasteizkoa dela munduko lantegi onena».
Talde argazkia eta elkarrizketa
Estilo liburua eguneratzen harrapatu du Irene Arrarats Euskara taldeko arduraduna. Bilboko Udalaren erabakia eta gero, lehen Moyua plaza zena Plaza Eliptikoa bihurtzen. «Estilo liburua etengabe elikatzen dugu», esan dio Arraratsek Pradalesi. «Mimatu egiten dugu».
Bukatu da bisita. Agintariak eta BERRIAren Andoaingo langileak sarrerara jaitsi dira, talde argazkia ateratzera. Argazkia eta gero, Pradales elkarrizketatzen hasi dira Isabel Jaurena eta Iosu Alberdi, Gizartea eta Politika sailetako koordinatzaileak, hurrenez hurren. Lehendakari karguan daramatzan bi urteei buruz galdetu diote. «Urte biziak izan dira...», hasi da erantzuten.
Elkarrizketa bukatutakoan, Pradalesek lehendakari trajea erantzi du, Imanol Pradales Imanol bihurtu da: «Orain arropa hau kenduko dut, praka motzak eta lepokoa jantziko ditut, eta herriko jaiak ospatuko ditut lagunekin». Karmengo jaien lehen eguna da Santurtzin.