Osakidetzak gaur hasi du gripearen txertaketa kanpaina xede diren pertsona taldeen artean. Ostiralean hasi zen ordua eskatzeko epea, eta jada 43.099 herritarrek eskatu dute txertoa jartzeko ordua. Xede diren taldekoek Osakidetzaren webgunean edo osasun zentrora deituta har dezakete ordua.
Kanpaina 60 urte baino gehiago dituzten herritarrei, 6 hilabete eta 5 urte bitarteko haurrei, haurdun dauden emakumeei eta osasun arazoak izateko arriskua duten pertsonei dago zuzenduta. Gizarte eta osasun zerbitzuetako langileak, pertsona zaurgarrien zaintzaileak, hezkuntza zentroetako langileak, funtsezko zerbitzu publikoetako langileak eta patologia kronikoren bat dutenak ere txertaketa kanpainaren xede dira.
Ordua eskatu duten pertsona guztietatik, ia erdiak 80 urte baino gehiagoko pertsonak dira, 20.381 hurrenez hurren; eta 2.353 haurrak dira. Eskaeren erdiak baino gehiago Bizkaian egin dira ̣(23.379), Gipuzkoan 13.169, eta Araban 6.551.
Txertaketa kanpaina zahar etxeetan hasi zuen Osakidetzak. Aurten, lehen aldiz, txerto indartua jarriko diete 75 urte baino gehiagoko herritarrei, zahar etxeetan egin izan duten bezala. 2 eta 5 urte bitarteko haurrek, berriz, sudurreko txertoa jartzeko aukera izango dute.