Leioako Animaliekiko Tratu Txarrik Ez taldeak (Bizkaia) jaietan asto probak galarazteko herri ekinbidea iragarri zuenetik, oztopoz beterikoa izan da prozesua. Gaia udalaren osoko bilkurara eramatea zen asmoa, eta horretarako beharrezkoak diren sinadurak batzea, baina udalak eskatzen zuen sinadura horiek notario batek balioestea eta 15.000 euro inguru ordaintzea. Atzo, bilera egin zuten taldeko kideek eta udal ordezkariek; lehenengo bilera izan da, taldeak irailaren 1ean ekinbidea iragarri zuenetik. Bileran, udalak onartu egin du gaiari bide ematea notarioak sinadurak balioesteko beharrik gabe.
Leioako adin nagusiko herritarren %10en sinadurak batu behar zituen Animaliekiko Tratu Txarrik Ez taldeak; 2.753 sinadura, orotara. Animalistek 3.115 sinadura jaso zituzten, baina udalak 683 sinadura atzera bota zituen, argudiatuta herritar horiek ez zeudela Leioan erroldatuta, eta beste 121 herritarrek behin baino gehiagotan sinatu zutela.
Animalistek protesta egin zuten, sinadura eman eta ustez Leioan erroldatuta ez zeudenen kopuruari altuegi iritzita. Udalak berriro aztertu zituen sinadurak, eta hasieran atzera botatako batzuk onartu zituen, baina onartutako beste batzuk baliogabetu, eta eutsi egin zion hasierako kopuruari: 683 sinadura ez ditu baliozkotzat jo.
Polemikan kateatu gabe
Animaliekiko Tratu Txarrik Ez taldeak salatu du sinadurak balioztatzeko prozesua ez dela «fidagarria» izan, ez baitiete horretan parte hartzen utzi, eta susmagarri baiteritzote baliogabetutako sinaduren kopuruan izandako «zenbaki dantzari», baina animalistek nahiago izan dute «eztabaida horretan ez tematzea», eta aurrera egingo dute, falta diren 442 sinadurak biltzeko.
Haien asmoa da sinadura horiek ekainaren 30a baino lehen biltzea. Asto probak San Bartolome auzoko jaietan egitekoak dira, abuztuaren 20tik 24ra, eta, sinadurak ekaina amaitu baino lehen bilduta, aukera izango lukete gaia uztailean egingo den udal bilkurara eramateko, jaiak ospatu aurretik.
Udalak asto probak galaraztea edo, bestela, horiek diruz laguntzeari uztea da herri ekinbidearen xedea. Animalistek berretsi dituzte horretarako dituzten arrazoiak: astoek «sufrimendu fisiko eta psikologiko itzela» pairatzen dute, 700 kiloko harriak arrastatu behar izaten dituztelako, makilakadaka ibiltzen dituzten bitartean.
Animalistek mahaiak jarriko dituzte herriko hainbat lekutan sinadurak biltzeko. Elkarteak atondutako leioamaltrato.org webgunean ere badago modu digitalean izenpetzeko aukera.