Leire Diez PSEko militante ohia eta SEPIko buruzagi ohi bat atxilotu ditu Guardia Zibilak

Vicente Fernandez Espainiako Industria Partaidetzarako Estatu Sozietateko presidente ohiak Servinabarren egin zuen lan 2021etik 2023ra. Espainiako Auzitegi Nazionalak hala aginduta atxilotu dituzte.

Leire Diez, azaroan, Madrilgo auzitegitik ateratzen, epailearen aurrean deklaratu ostean. MARISCAL / EFE
Leire Diez, azaroan, Madrilgo auzitegitik ateratzen, epailearen aurrean deklaratu ostean. MARISCAL / EFE
joxerra senar
2025eko abenduaren 10a
18:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako Auzitegi Nazionaleko 6. Instrukzio Epaitegiaren aginduz, Guardia Zibilak Leire Diez Portugaleteko (Bizkaia) militante sozialista ohia atxilotu du. Operazio berean, Vicente Fernandez SEPI Espainiako Industria Partaidetzarako Estatu Sozietateko presidente ohia ere atzeman dute. Ez dute argitu zer leporatzen dieten zehazki. Sekretupean den auziak kontratazio publikoarekin zerikusia duela esan dute, ez besterik. 

Cerdan auziaren itzala nabari da atzean. Izan ere, Fernandezek SEPI utzi behar izan zuen 2019an, Sevillako (Andaluzia, Espainia) Aznalcollar meategiko adjudikazio baten harira ikertu zutelako. Auzi hartan errugabetzat jo zuten, baina SEPI utzi eta bi urtera, 2021ean, Servinabarren hasi zen lanean; hau da, bi urtez egin zuen lan Cerdan auziaren erdian den enpresa horretan. Nafarroako Ogasunak Auzitegi Gorenera bidalitako informazioaren arabera, Servinabarrek 68.632 euro gordin ordaindu zizkion 2021ean.

Dena den, bi auzi diferente dira berez: Servinabarri dagokion auzia Espainiako Auzitegi Goreneko epaile Leopoldo Puenteren esku dago; aldiz, Fernandezen eta Diezen atxiloketak Auzitegi Nazionalak agindu ditu. Guardia Zibilaren bertsioaren arabera, SEPIren hainbat kontratazio publikotan parte hartu zuen Servinabarrek, eta prozedura horietan esku hartzea egozten diote Fernandezi. Ez dute bestelako xehetasunik eman. 

Leire Diezen kasuan, ez da zehaztu zergatik atxilotu duten. Hamar urtez izan zen alderdi sozialistako kide, eta ikerketa kazetari gisa aurkeztu izan zuen bere burua. Maiatzean piztu zen polemika, eta bere aurkako auzi bat irekirik du horregatik. Diezek grabatutako audio batzuk filtratu ziren hedabide kontserbadore batean. Horietan, Diez entzun zitekeen, ahalegina egiten informazioa lortzeko epaile, fiskal, Guardia Zibilaren UCOko kargudun eta kazetari batzuei buruz.

Xehetasun gehiagoren faltan, operazioa PSOErekin erlazionatu nahi izan dute, Leire Diez militante ohia delako eta Fernandez Maria Jesus Montero Espainiako gobernuburuordearen gertuko eta konfiantzazko pertsona izan zelako. PSOEk gogorarazi du Diez ez dela alderdiko militantea gaur egun, eta Justiziaren lanarekiko errespetua galdegin du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.