Josu Zabala Basajaun etxarriarraren senideek uste zuten Espainiako Polizia indarrek Bilboko udaletxe alboko La Tortilla tabernatik gertu «bahitu» zutela Zabala. Han zeukan hitzordua ETAko beste kide batekin, 1997ko martxoaren 23an, 12:00etan, baina ez zen agertu. Gaur, ordea, orain arte argitaratu ez den datu bat eman dute: pertsona batek Zabala ikusi zuen La Tortillan hitzordua izan eta bi ordura, Areatzatik gertu, «bizkor eta urduri». Beraz, senideek uste dute litekeena dela «nola harrapatzen zuten ikusi izana beste norbaitek». Pako Aristi kazetariaren gidaritzapean, Egia ilunpetik argira herri ekinaldia abiatu dute Gure Bazterrak elkarteak eta Zabalaren familiak, haren heriotza argitzeko asmoz.
Erlazionatuta
Zabalaren gorpua 1997ko martxoaren 27an agertu zen Debako Mendata gainean (Gipuzkoa); Bilbon desagertu eta lau egunera, alegia. Bertsio ofizialean «bere buruaz beste» egin zuela ebatzi bazuten ere, «jakinarazi ziren datuek zalantza handiak eta arrazoizkoak sortu zituzten, bertsio horren egiazkotasunari dagokionez», Amaia Erdozia Ilunpetik Argira herri ekinaldiko koordinatzaileak gaur adierazi duenez.
«Auzia ez zen behar bezala ikertu, eta, 29 urte geroago, zalantza horiek ez dira argitu», gaitzetsi du hark. La Tortilla tabernaren aurrean egin dute agerraldia, egitasmoa aurkezteko; eta harekin izan dira Aristi kazetaria, Ander Lizarralde Gure Bazterrak elkarteko kidea, eta Nerea Zabala zendutako etxarriarraren (Nafarroa) arreba.
«Josuren desagerpenarekin eta heriotzarekin zerikusia izan zezakeen zerbait ikusi bazuten gurekin harremanetan jartzeko eskatzen diegu»
AMAIA ERDOZIA Ilunpetik Argira herri ekimeneko koordinatzailea
Auzi horretan argi pixka bat egiteko, herritarren laguntza «ezinbestekotzat» jo du Ilunpetik Argira herri ekinaldiko kideak. Hain zuzen, 1997ko martxoaren 23an, Korrikaren hamargarren edizioaren amaiera ospatzen ari ziren Bilbon. Horiek horrela, ospakizun horretan parte hartu zuten ehunka herritarrei «oroimen ariketa» bat egiteko eskatu die: «Josuren desagerpenarekin eta heriotzarekin zerikusia izan zezakeen zerbait ikusi bazuten gurekin harremanetan jartzeko eskatzen diegu». Harremanetarako, bide hauek jarri dituzte: basajaun1997@gmail.com helbidea eta 655 836 183 telefonoa.
Mutil garaia eta ilemotza
Nerea Zabala ikerketa abiatu izanaz poztu da: «29 urte daramatzagu Josuren hilketa argitu nahian, ez baitzioten bizitzeko eskubidea bakarrik urratu. Ikerketarako eta justiziarako eskubideak ere ukatu zizkioten. Hala ere, inoiz ez dugu etsi». Josu Zabalaren arrebak ere testigantzek duten garrantziaz ohartarazi du.

«Lortu dugu ikerketa bat abian jartzea, egia lortzeko ezinbestekoa den ikerketa, baina hori ondo egiteko jendearen testigantzak behar dira, eta hori da gaur zinez eskatzen duguna. Testigantza horien bitartez, agian posible izango da egia jakitea».
Bitartean, Aristik Zabalaren ezaugarriak eman ditu, lagungarriak izan daitezkeelakoan: «Oroitarazi nahi dugu Josu 1,95 metro luze zela. Mutil garaia zen, argala, eta ile motza zeraman».
«29 urte daramatzagu Josuren hilketa argitu nahian, ez baitzioten bizitzeko eskubidea bakarrik urratu. Ikerketarako eta justiziarako eskubideak ere ukatu zizkioten. Hala ere, inoiz ez dugu etsi»
NEREA ZABALA Josu Zabalaren arreba
Desagerpenari buruz orain arte zer dakiten azaldu du kazetariak. Hark kontatutakoaren arabera, 1997ko martxoaren 23an Josu Zabala Salegi etxarriarra eta Iǹƒaki Bilbao Gaubeka urduliztarra (Bizkaia) Bilbon zeuden, «kasualitate hutsez, Korrikaren amaiera zen egun eta ordu berean». ETAko komando bateko kideak ziren biak, eta talde armatuko beste kide batekin hitzordua zeukaten La Tortilla tabernan, 12:00etan; hura Ipar Euskal Herritik zetorren.
Gaubekak inguruak zaintzen zituen bitartean, Zabala La Tortillara abiatu zen. «Ez dakigu barrura sartu zen edo ez, baina ez zen ETAko beste kidearekin elkartu, eta hark alde egin zuen denboratxo bat igaro ostean». Aristik azaldu duenez, «Iñakik elkartzeko jarri zuten lekuan itxaron zion, baina han ere ez zen agertu Basajaun. Desagertua zen, lurrak irentsi izan balu bezala, Bilbo erdian, milaka euskaltzale festa eta erreibindikazio giroan zebiltzan bitartean». Lau egun geroago, martxoaren 27an, hilik aurkitu zuten Debako Mendata gainean, bihotzean tiro bat zuela.
Bi ordu
Autopsiaren emaitzak zioenez, hilaren 26ko gauerdian hil zen. Bertsio ofizialaren arabera, bere buruaz beste egin zuen. Hala ere, Aristiren esanetan, «zantzu ugari daude hil egin zutela baieztatzeko, hiru egun bahituta eduki ostean». Orain arte uste izan da polizia operazio sekretu batean harrapatu zutela Zabala egun hartan, La Tortillara iritsi baino lehen, «informazioa ateratzeko». «Baina, hara non lekuko bat agertu den, handik bi ordura Josu ikusi zuena Areatza inguruan, oinez, urduri eta bizi-bizi». Horrek beste hipotesi batzuk ireki ditu: «Operaziorik ez zegoen. Haren jarraipena La Tortillan bertan hasi zen, ustekabean ziurrenik, denboran luzatu egin zen, eta haren bahitzaileek inprobisatzen aritu behar izan zuten», azaldu du Aristik.
«Zantzu ugari daude hil egin zutela baieztatzeko, hiru egun bahituta eduki ostean»
PAKO ARISTI Kazetaria eta idazlea
Bestalde, Zabalak eta Bilbaok ezkutatzeko pisu bat zeukaten arren, bakoitzak gordeleku bat zuen, baina ez zuten elkarren gordelekuaren berri, «segurtasunagatik, larrialdiren bat gertatuz gero». «Basajaunek zeukan pisu hori aurkitzea ere ezinbestekoa zaigu, posible baita polizia sekretuak sumatu ondoren pisu horretarako bidea hartu izana. Horrek lagunduko liguke Josuk ordu horietan egin zuen ibilbidea zehazten, eta atxilotu zuten ingurura hurbiltzen», azaldu du Aristik.
Horiek horrela, edozein testigantza, «ñimiñoena bada ere», haren heriotza argitzeko oso baliagarria izan daitekeela azpimarratu du Aristik.Â
Ez zen Zabalarena izan garai hartan gertatu zen heriotza susmagarri bakarra. Bigarren urteurrena betetzear zela, 1999ko martxoaren 20an, Jose Luis Geresta ETAko kidea hilik agertu zen Errenteriako sagasti batean (Gipuzkoa), pistola bat gorpuaren ezkerraldean zuela, eta tiro bat buruaren eskuineko aldean. Kasu hartan ere Ertzaintzak ondorioztatu zuen bere buruaz beste egin zuela, eta epaileak auzia artxibatu zuen. Familiak eta ezker abertzaleak hasieratik salatu zuten hil egin zutela. Â
Â