Arratsaldeko azken ordua da, okindegia ixteko garaia. Hogeitaka urteko neska bat sartu da dendan, estreinakoz. Saltzaileak, 45 urte inguruko gizonezkoak, ogirik ez dagoela esan dio. Dena salduta dago. Edo ez... Gizonari begiak argitu zaizkio. Bi barra gorde dizkio emakume bati. Ohiko bezeroa da, eta segituan etorriko da bila, baina... «Horietako bat eman ahal dizut», jakinarazi dio neskari, goxo-goxo. Gazteak ezetz erantzun dio. Gizona tematua dago, ordea. Urtetako bezero fidelari gordetako ogia emango dio. Zerbait esango dio emakumeari, eta kito.
Hala ere, neskak ezezkoari eutsi dio. Saltzaileak ez du agerkundea betiko galdu nahi, baina. «Bihar etorri eta ogia izango duzu. Oraintxe apuntatuko dut». Neskak ez dio bere izena esan. Zer idatziko du? Arratsaldeko azken orduan etorri den gazte pinpirina? Lehenengo aldiz fideltasun komertziala hautsarazi didan neska ederra?
Doinu limurtzaile leuna erabili du okinak. Irribarrea ere gozoa izan da, gozoegia, 45 urteko bezero bati nekez eskainiko liokeena. Lerdea zeriola zegoen morroia. Jakina da gizonok patetikoak izan gaitezkeela emakume bat gustukoa dugunean. Zer pentsatuko zuen neskak? Tipoaren jarreraz jabetu eta Chris Rock aktore eta umorista estatubatuarraren hitzak etortzen zaizkizu gogora: «Every time a man’s being nice to you, all he is doing is offering dick» —«Gizon bat zurekin atsegina den bakoitzean gauza bakarra egiten ari da: zakila eskaintzen»—. Gehiegikeria? Zinikoegia? Baliteke, baina ez errealitatetik oso urrun. Inguruari begiratu besterik ez dago.
Izan ere, edonon ditugu halakoak, okinak izan edo ez. Neska gustagarriekin gozoegi jokatzen duten gizonek helburu bakarra dute: bidera atera zaien eperra ehizatzea. Bere egitea. Laztan egiteko prest ditugu beti, begiak ñirñirka, hankartea borborka. Horretan, gainera, xuhurrak izan daitezke, egoeraren arabera. Gutxi eman eta asko eskatu. Espioi munduan kolaboratzaileen informazioa lortzeko baliabide askorik ez dagoenean gertatzen da, Robert Redford-ek Spy Game filmean azaltzen duen legez: «Laztanen erdiak eginda, larrutan bi aldiz gehiago izan».
Neska gustagarriekin gozoegi jokatzen duten gizonek helburu bakarra dute: bidera atera zaien eperra ehizatzea. Bere egitea
Gizon asko daude okindegi horretakoak bezalakoak. Nonahi. Ez duzu ogia labean sartu behar lerdetsua izateko. Lagun, ezagun eta lankide taldean ditugu halako aleak. Horien artean bada espezimen bat, bereziki nazkagarria dena: normalean jendea oso modu lehorrean agurtzen du, inoiz agurtzen baldin badu —irribarre egiteko eskatzea gehiegi izango litzateke—. Eta, halako batean, goiko begiak alaitu eta behekoa esnatzen dizkion neska sotila ikusten duenean... Begirada eztia, arreta eskaintzen duenaren plantak egin eta amua bota. Dr Jekyll and Mr Hyde. Andreak zozoak balira bezala. Ez da hala izaten, baina. Emakumezkoek radar automatikoa dute, ezin hobea, okin mingain zuriak atzemateko. Portaera gozoegiaren atzean zer duten igartzeko. Gizon bat zurekin atsegina den bakoitzean...
Emakumeen artean ere bada gizonekin hala jokatzen duenik, horixe, baina esango nuke finagoak direla. Egunotan Skoda autoaren iragarkia dugu ikusgai: hiriaren erdialdera ote doan galdetu dio Jon Kortajarenak auto baten barruan dagoen neskari. Emakumeari aurpegia aldatu zaio, begiak pozez lehertu beharrean, modeloa bidelagun izango duela pentsatuta. Niri gertatzen ari zait hau? Lagunek ez dute sinetsiko. Azkenean, usteak erdi ustel. Kortajarenak ez du erdialdera joan behar. Bere itxura eder guztiz normatibo eta erakargarria baliatu du neskari ziria sartzeko —Joxe purtzilak ez zuen halakorik lortuko—. Autoan nor sartuko eta edadeko andrazko bat. Mutilaren ama, antza.
Bi aste joan dira neska okindegira joan zenetik. Bertara itzuli da geroztik? Ezetz esango nuke. Okinak bere lekuan segitzen du, edozein neska panpox noiz sartuko, beste andre batentzat gordetako ogia emateko prest. Laztanetan doblea emango luke larrutan erdizka egiteko. Gizona bere patetikotasunean. Arratsaldeko azken orduan, okindegia ixteko garaian.