Sarek ‘Puzzlea osatu arte’ egitasmoa abiatu du Lesakan, «behin betiko konponbidea» eskatzeko

Herriz herri ibiliko dira gaur eta bihar, 28 herri zeharkatuz eta 544 kilometro eginez, «soluzioen puzzlea osatu arte». Etxerako bidea egiteko duten 57 presoen eskubideak aldarrikatuko dituzte.

Lesakan hasi dute 'Puzzlea osatu arte' ekimena, goizean. AITOR KARASATORRE / FOKU
Lesakan hasi dute 'Puzzlea osatu arte' ekimena, goizean. AITOR KARASATORRE / FOKU
edurne begiristain
2025eko maiatzaren 17a
11:59
Entzun 00:00:0000:00:00

Sare Herritarrak deituta, 10:00etan abiatu da Puzzlea osatu arte egitasmoa, Lesakatik (Nafarroa), etxerako bidea egiteko duten presoen eskubideak aldarrikatzeko. Gaur hasi eta bihar arte martxan izango da, eta, hala, Euskal Herriko 28 herri zeharkatuko dituzte asteburuan, osotara 544 kilometro. Herri bakoitzean hainbat ekitaldi antolatuko dituzte, eta bihar amaituko dute ibilbidea, Iruñeko Udaletxe plazan.

«Euskal Herrian urteak daramatzagu denon artean puzzle bat eraikitzeko lanetan, eskubide urraketa ugari eta, horrenbestez, askorentzat sufrimendu handia eragin duen gatazka politiko baterako soluzioen puzzlea», azpimarratu du Sare Herritarrak Lesakan, ekinbideari hasiera ematerakoan. Erronkatzat jo du gizartearen taulan kokatzea pieza guztiak, gatazkaren ondorioak «askotarikoak» direlakoan, baina hura osatzea funtsezkotzat jo du bizikidetza eraikitzeko.

Presoak Euskal Herriko espetxeetara ekartzeak eta gradu progresioaren politika ezartzeak puzzlea osatzen lagunduko dutela uste du Sarek. Haien iritziz, baina, puzzle osatu hori bistaratzeko, Europako zuzentaraua aplikatuko dela bermatzea falta da, bai eta erbesteratutakoak eta deportatutakoak etxera itzultzea ere; gainera, EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboko 116 presoetatik zigorra erregimen itxian betetzen ari diren 57ei lege arrunta aplikatu behar zaiela diote, eta erregimen irekia ezarri beharra dagoela.

Hain justu ere, 57 preso horien jaioterri diren 28 herrietatik igaroko da Sare asteburuan. Lesakatik abiatu ondoren, Gipuzkoan barrena sartu dira, eta Bizkaira joango dira gero; Galdakaon amaituko da gaurko bidea.

«Salbuespenezko legeen» aurka

Donostian egin dute bideko seigarren geldialdia, eta han mintzatu dira Sareren arduradunak, zeharkatuko dituzten 28 herrietan zer aldarrikatuko duten gogorarazteko: «Gatazkak utzi dizkigun ondorioak konpontzeko eskatu nahi dugu, elkarbizitzara jauzi egin nahi badugu ezinbestekoa baita ondorio horiek guztiak amaitzea, eta, beraz, biolentzia ezberdinen biktimei aitortza eta erreparazioa ematea ez ezik, ezinbestekoa da euskal preso, iheslari eta deportatuen etxerako bidean urratsak egitea».

Etxera bueltatzeko bidean trabak jarri dizkieten 57 presoak gogoan hartu dituzte, eta «salbuespen lege eta politikak» salatu: «Lege eta politika arruntak aplikatuko balitzaizkie, euskal presoen %100 etxean leudeke».

Bihar, Arabatik eta Gipuzkoatik igaroko da Sare Herritarraren egitasmoa, eta, puzzlea osatuta, Iruñean amaituko da, 19:00etan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.