Zaporeak elkartearen sukaldeko suek urteak daramatzate piztuta, Lesbos uhartean (Grezia) harrapatuta dauden milaka errefuxiaturi «otordu duin bat» emateko. Ehunka boluntarioren lanari, eta erakunde, enpresa eta herritarren etengabeko babesari esker, «ezinbesteko elkartasun sare» bilakatu da proiektu hori. Hain zuzen, hori posible egiten duten guztiei esker ona erakutsiko diete Zaporeak Egunean. Maiatzaren 9an egingo dute, larunbatean, Getxoko Tiki Toki zentroan.
Egun horretan elkartasuna eta festa giroa uztartuko ditu Zaporeak elkarteak, Getxoko Tiki Toki zentroan, proiektu hori posible egiten duen «familia osoa» biltzeko asmoz. Gobernuz kanpoko erakunde horren helburu nagusia da elikadura duina bermatzea egoera zaurgarrian daudenei, batez ere errefuxiatuei. Lesbos uhartean (Grezia) daukaten sukalde solidarioa da haien proiektu ezagunenetako bat: «egunero milaka otordu» prestatzen dituzte gerratik eta miseriatik ihesi Kara Tepe kanpalekura iristen diren errefuxiatuentzat, Helena Ruiz de Azua Zaporeak elkarteko kideak azaldu duenez.
Bada, Zaporeak Egunean esker ona adieraziko diete hori posible egiten duten boluntarioei, erakundeei, enpresa laguntzaileei eta herritar konprometituei. Ekitaldiak, gainera, dirua biltzeko balioko du, elkarteak egiten duen lan humanitarioari eusten jarraitzeko.
Gaur goizean, Tiki Toki zentroan bertan egindako prentsaurrekoan eman du larunbateko jardunaldiaren berri Ruiz de Azuak. Paul Benito del Valle Getxoko Zaporeak taldeko kideak ere parte hartu du agerraldian, egun horretako egitarauaren xehetasunak emateko.
Lekukoa
Benito del Vallek azaldu duenez, Zaporeak Egunak elkartasuna, euskal kultura, musika eta elkarbizitza uztartuko ditu, giro familiar eta parte hartzailean. Egitaraua 12:00etan abiatuko dute, txalapartaren doinuen bitartez. Ondoren, aurreskua egingo dute dantzariek, batutako lagunei ongietorria emateko; eta ekitaldiaren aurkezpen instituzionala egingo dituzte. Azken horretan, Bizkaiko Foru Aldundiko, Getxoko Udaleko, elkarte laguntzaileetako, enpresetako eta Zaporeak-eko ordezkariek parte hartuko dute.
Egun osoan zenbait jarduera izango dira: bideo emanaldi bat, argazki erakusketa bat, txistularien kalejira, bertsolariak, gastronomia, eta herri erromeria. Bazkaltzeko, paella erraldoi bat prestatuko dute. Hain zuzen, nahi duten guztiek izango dute sabela betetzeko aukera, 20 euroren truke. Bazkariko txartelarekin batera, zapi bat oparituko dute.
Jardunaldia 20:00etan amaitzea espero dute: ordu horretan, Getxokoek Zaporeak elkarteko beste udalerri bateko ordezkariei emango diete lekukoa. Izan ere, Zaporeak Eguna urte bakoitzean herri batean ospatzea da asmoa. Hala ere, Benito del Vallek ez du argitu zer herritako ordezkaritzari emango dioten Carlos Limia artistak egindako egurrezko koilara.
Horretaz gain, Getxoko hainbat musikarik egindako abesti solidarioa aurkeztuko dute, abesbatza baten laguntzaz.