Eusko Legebiltzarrerako bozak

Lidergo berriak behar direla eta Urkullu agortuta dagoela esan du Iriartek

EH Bilduk ekitaldi politikoa egin du, eta lehendakarigaiak esan du orain arteko politikek ez dutela balio. Azken asteetan desagertuta egotea leporatu dio lehendakariari. Miren Gorrotxategi Ahal Dugu-koak gobernu "more, gorri eta berde bat" osatzera deitu ditu PSE eta EH Bildu.

EH Bilduko zerrendetako kideak, Oñatin. Ezkerretik bigarren, Maddalen Iriarte. FOKU
2020ko maiatzaren 31
13:48
Entzun

Atzo Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako zerrendak gehiengo handiz onartu ondoren, EH Bilduk ekitaldi politikoa egin du gaur Oñatin (Gipuzkoa). Maddalen Iriarte lehendakarigai eta Gipuzkoako zerrendaburuak adierazi du Iñigo Urkullu "agortuta" dagoela, eta EH Bildu prest dagoela "lidergo berrietarako" eta denon artean sortutako kontsentsu berrietarako. Haren hitzetan, hori da egun behar dena: "Politika zaharrek jada ez dute balio", gaineratu du. Urkullu "inertziaz" ari dela esan du, eta aurreko zikloetatik eratorritako erantzunak ematea leporatu dio.

Mikel Otero Arabako zerrendaburuarekin eta Jasone Agirre Bizkaikoarekin batera egin du ekitaldia Iriartek. Koronabirusaren osasun krisia ezin dela ahaztu esan du, eta etorkizunari begirako perspektiba emango duela gertatutakoak. Hala, adierazi du atzean inor utziko ez duten gobernatzeko modu berriak behar direla.

Gaitzak, kalte ugari ez ezik, krisi sozial bat ere utzi duela azaldu du Iriartek: "lanpostuen galera, aldi baterako lan erregulazioak, haurrak zaintzeko etxetik lanean ari diren gurasoak, bisitarik gabe geratu diren euskal presoak eta euren lan egiteko modua aldatu behar izan duten milaka irakasleak". Jendearen egoera hobetzeko, EH Bilduk "uki daitezkeen irtenbideak" eskainiko dituela esan du.

Iñigo Urkullu azken asteetan desagertuta egon dela gaineratu du. Haren hitzetan, "agortuta" dago Urkullu, "inertziaz jokatzen" ari da, "autokritikarako gaitasunik gabe", eta "hutsegiteak ohikoa duen harrokeriaz estaltzen". Beldurra edo kezka duten pertsonekin ezker eskua izan behar dela argudiatu du Iriartek, Hezkuntza Sailak erakutsi duen "deskontrolarekin" haserre daudenekin, Osakidetza "indartsuago" nahi dutenekin. "Arazo berriak eta aukera berriak eskaintzen dituen aro berri bat hasi da".

Gobernu more, gorri eta berde bat

Miren Gorrotxategi Ahal Dugu-ko lehendakarigaiak esan du uztailaren 12ko hauteskundeetako emaitzak hurrengo belaunaldien etorkizuna baldintzatuko duela: "Euskadik politika aldaketa bat behar du, kalitatezko lanpostuak sortuko dituena eta Euskadi aurrerakoi baterantz joango dena, zerga sistema berdintsu eta parekideago baterantz joango dena". Horregatik "berreraikuntza more, gorri eta berde" bat behar dela adierazi du, Ahal Dugu, PSE eta EH Bilduren arteko akordio bat iradokiz.

COVID zerga ezartzearen alde mintzatu da Gorrotxategi: "Gure asmoa da zerga hori ondare zergarekin edo aberastasun handien zergarekin bateratzea edo, horretarako unea iritsiz gero, hori ordezkatzea". Horretarako, indar progresisten batasuna aldarrikatu du: "Dei egiten diet EH Bildu eta PSEri eskutik joateko, osasungintza eta hezkuntza blindatu eta COVID zerga ezartzeko gai izango den gobernu bat osatzeko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.