Ainara Villano

Lidergo berriak

2024ko apirilaren 12a
05:00
Entzun

21ean egingo diren hauteskundeek eta egiten ari diren kanpainak berrikuntza bat ekarri dute: lider berriak. Alderdi nagusien hautagaiak aldatu dira: Pradales, Otxandiano, Andueza eta De Andres. Elkarrekin Podemos-eko Gorrotxategi eta Vox-eko Martinez izango dira errepikatuko duten hautagai bakarrak. Gehienak duela aste gutxi aurkeztu dira, oso tarte txikiarekin eta, ondorioz, biztanleriaren zati handi batek ez ditu ezagutzen. Asmatu egin dute alderdiek aldaketa hauekin? Zein buruzagi politiko ikusten dute hobekien herritarrek?

Atera berri den CISeko inkestaren arabera, Pradales eta Otxandiano berdinduta daude. Biztanleriak 5,5eko batez besteko nota ematen die biei. Ondoren, Andueza eta Gorrotxategi daude, 4,7 eta 4,4 punturekin, hurrenez hurren. De Andresen kasuan, nota 2,8koa da, Voxen hautagaiak 2koa lortzen du, eta Alba Garciak 3,9ko nota. Hortaz, EAJren eta EH Bilduren hautagaiak dira aprobatzen duten bakarrak eta euren arteko berdinketa hauteskunde gauean euren alderdien artean aurreikusten den lehia gogorraren isla da. Hala ere, balorazio hauen mikrodatuetan sakontzen badugu, zenbait gako identifika ditzakegu.

«Zein hautagaik sorrarazten dizu konfiantza handiena?» galdetzen denean, EAJko hautesleen %55ek baino ez du Pradales erantzuten. Aldiz, Otxandianok %77ko erantzuna lortzen du EH Bilduren hautesleen artean. Horrek adierazten du azken horren barne babesa Pradalesena baino askoz altuago dela. Are gehiago, Otxandianok EAJko hautesleen %9ren babesa lortzen du.

Bestalde, «Zure ustez, zein hautagai kezkatzen da gehien Euskadiko arazoez?» galdetzen denean, Otxandianok Pradalesek baino erantzun gehiago lortzen ditu. Gainera, galdera honetan, EAJko hautesleen %10ek EH Bilduren hautagaia aukeratzen dute. Hau da, hautesle jeltzale hauentzat Otxandianoren agenda politikoa Pradalesena baino interesgarriagoa da. PSE-EEko hautesleen artean %8k erantzuten dute Otxandiano eta %19k Pradales.

Horrela, lidergoen inguruko datuen arabera, EH Bilduren hautagaitza beste alderdi batzuen hauteslerian sartzea ahalbidetzen ari da eta hori boto-transferentzietan ere ikus daiteke: 2020ko hauteskundeetan EAJ bozkatu zutenen %9k orain EH Bildu bozkatuko dute. Alderdi jeltzalearen boto bolumena kontuan izanda, portzentaje horrek boto asko dakartza koalizio abertzalerantz. Ondorioz, esan genezake Otxandianoren apustua positiboa izaten ari dela EH Bildurentzat. Aldiz, Pradalesen datuek hobetzeko tartea dute.

Nolanahi ere, lidergoak denboran zehar eraikitzen dira. Interesgarria izango da aztertzea datuen bilakaera behin liderrek erantzukizun politikoak bere gain hartzen dituztenean eta hauteskunde-kanpainatik kanpoko ekintza politikoa garatzen dutenean.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.