Lizarrak hartuko du 2027ko Nafarroa Oinez, 'Herritik errotik' lelopean

Lizarra ikastolak «auzolana eta herrigintza» aldarrikatuko ditu heldu den urteko festan. Aurtengoaren balorazio «oso positiboa» egin dute Erentzun eta San Fermin ikastolek: «Helburuak bete dira».

Vianako, Zizur Nagusiko eta Lizarrako ikastoletako arduradunak, Nafarroako Ikastolen Elkarteko ordezkariekin batera, gaur. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Vianako, Zizur Nagusiko eta Lizarrako ikastoletako arduradunak, Nafarroako Ikastolen Elkarteko ordezkariekin batera, gaur. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ion Orzaiz.
IRUÑEA
2026ko azaroaren 5a
11:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eskutik eskura pasa da lekukoa. Vianako Erentzun eta Zizurko San Fermin ikastolen txanda amaituta, Lizarra ikastolak hartu du Nafarroa Oinez festa antolatzeko ardura, «auzolana eta herrigintza» aldarri gisa hartuta. 2027ko urriaren 17an ospatuko dute, Herritik errotik lelopean. Gaur eman dituzte festaren gaineko lehen zertzeladak, Nafarroako Ikastolen Elkartearen egoitzan eginiko agerraldian.

Aurretik, Lizarra ikastolak lautan antolatu du euskararen aldeko jaialdia: 1985, 1990, 2004 eta 2020-2021ean. Azken horrek, baina, aho zapore gazi-gozoa utzi zien antolatzaileei: 2020an ospatzekoa zen, baina urtebete atzeratu zen, COVID-19aren izurriaren ondorioz. Gainera, hainbat ekitaldi eta ikuskizun bertan behera utzi behar izan zituzten, osasun agintariek ezarritako segurtasun neurriak betetze aldera. 2027koa bosgarren aldia izanen dute, eta iragarri dutenez, «egun bakarreko festaz harago doan proiektua» izanen da. Hala, Nafarroa Oinez-en aterkipean, euskararekin, kulturarekin, artearekin, jasangarritasunarekin eta elkartasunarekin lotutako ekimen ugari garatu nahi dituzte 2026-2027 ikasturte osoan.

«Leloak ikastolaren jatorria eta izaera aldarrikatuko ditu: 'Herritik', herriak sortu gintuelako; eta 'errotik' sustrai sakonak ditugulako» 

LIZARRA IKASTOLAKO ARDURADUNAK

Oinez, herritik errotik leloa ikastolaren «jatorria eta izaera» aldarrikatzeko modua dela esplikatu dute festaren antolatzaileek. «Herritik, herriak sortu gintuelako; errotik, sustrai sakonak ditugulako; eta Oinez, aurrera egiten jarraitu nahi dugulako». Mezu horren bidez, ikastolen mugimenduaren izaera komunitarioa nabarmendu nahi dute, eta baita konpromiso bat ere: «Euskarak gero eta leku handiagoa izan dezala Lizarrako eta Nafarroako eguneroko bizitzan».

Logotipoak ere erroei eta historiari egiten die erreferentzia, Lizarraren iraganari estu lotutako elementu bat baita irudiko protagonista: zortzi puntako izarra. Hiriko armarri zaharrean ez ezik, zigiluetan, antzinako agiri historikoetan, harresietan eta hainbat eraikinetan agertzen den ikurra da. «Logotipoa zeharkatzen duen izar iheskorrak desio bat irudikatzen du, gainera: euskararen egoera errotik irauli, euskaraz bizitzeko eskubidea bermatu eta hizkuntzari eguneroko bizitzan gero eta leku handiagoa egitea». Aurkezpenean azaldu dutenez, 1970. urtean Lizarra ikastola sortu zutenen amets hori «gaur egungo belaunaldien konpromisoarekin» lotzen du logoak.

Instalazioak berritzeko inbertsioa

Ikastolako arduradunek azaldu dutenez, Nafarroa Oinez jaian bildutako dirua erabili nahi dute «instalazioak berritzeko, espazioak jasangarriago bihurtzeko eta hezkuntza proiektuaren etorkizuna sendotzeko». Izan ere, 56 urteren ondoren, eraikinak eta ikastolaren eremuko instalazio ugarik berritze lanen premia dute: «Lortutako baliabideak bideratu nahi ditugu espazioak egokitzera, energia eraginkortasuna hobetzera eta ikastola jasangarriagoa izateko inbertsioak egitera».

Horrez gain, jolastokia ere berrituko dute, «berdeagoa, hezigarriagoa eta atseginagoa» izan dadin; eta etekinen zati bat erabiliko dute ikastolaren zorpetzea murrizteko, xedetzat hartuta «egonkortasun ekonomikoa indartzea eta euskarazko hezkuntza proiektuaren etorkizuna bermatzen laguntzea».

Aurtengo balorazio «oso positiboa»

Datorren urteko festa iragartzeaz gain, aurtengoaren gaineko gogoeta ere egin dute ikastolek gaurko agerraldian. Erentzun eta San Fermin ikastolek balorazio «oso positiboa» egin dute, eta aurretik ezarritako helburuak bete dituztela nabarmendu: «Aurtengo edizioa arrakastatsua izan da, bai gizartearen erantzunari dagokionez, bai Nafarroako ikastolen arteko elkarlana eta elkartasuna sendotzeko egindako ekarpenagatik».

Bi zentroetako zuzendariek, Erentzun ikastolako Garbiñe Zulaikak eta San Fermin ikastolako Uxue Lazkanok, eskerrak eman dizkiete Vianako eta Zizur Nagusiko hezkuntza komunitateei, «urte osoan erakutsitako inplikazio eta konpromisoagatik». Boluntarioen lana eta erakunde publiko, gizarte eragile eta hedabideen babesa ere goraipatu dituzte, «mezua gizarte osora zabaltzen laguntzeagatik».

Urriaren 18ko jaialdira «milaka lagun» bertaratu zirela adierazi dute ikastoletako arduradunek. «Erronkan, kontzertuetan eta gainerako jardueretan sortutako giro apartak agerian utzi zuen Nafarroa Oinez gai dela adin, jatorri eta errealitate ezberdinetako pertsonak euskararen inguruan batzeko», esan dute. Sinetsita daude, gainera, aurtengo festa «mugarria» izan dela Nafarroako ikastolen historian, «elkartasun sarea are gehiago josteko eta indartzeko» balio izan duelakoan.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA